Batzar Nagusia da Udalerri Euskaldunen Mankomunitateko erabakigune nagusia. Batzar Nagusia UEMAko udaletako ordezkariek osatzen dute. Legegintzaldi bakoitzean, udal hauteskundeak eta gero, udal bakoitzak bere ordezkariak izendatzen ditu. Udalerriaren biztanle kopuruaren arabera banatzen da ordezkari kopurua ere. Horrela, 1.000 biztanle edo gutxiago dituzten udalerriek ordezkari bana, 1.001-2.500 biztanle dituztenek bina, 2.501-5.000 biztanle dituztenek hiru ordezkari, 5.001-10.000 artean dituztenek lau eta 10.001 biztanle baino gehiago dituzten herriek 5 ordezkari.
Batzar Nagusiak hautatzen du UEMAko Zuzendaritza batzordea, baita lehendakaria eta lehendakariordea ere.
Zuzendaritza batzordean alderdien arteko banaketa egiteko, Batzar Nagusian bakoitzak duen ordezkari kopurua hartzen da kontuan. Alderdi txikienak kontuan hartu nahirik, alderdi guztietako ordezkariak biltzen dituen Zuzendaritza batzordeak osatu izan ditu Batzar Nagusiak ia beti.