Etorkizuneko Euskal Herri euskaldun baten alde lanean ari den erakunde publikoa da UEMA.
Euskal Herriko mutur batean zein bestean sakabanatuta egon arren, eta neurriz ere denak berdinak ez izan arren, elkarren artean antzekotasun handiak dituzten herriz osatuta dago: berezko hizkuntzak batzen ditu. UEMAko udalerrietan, lurgune euskalduneko herriak izaki, biztanleen %70ak baino gehiagok daki euskaraz.
1991. urtean, 17 udalek sortutako mankomunitatea, lurgune euskaldunetako 101 udalerrik osatzen dute gaur egun. Hego Euskal Herriko lau herrialdeetako udalak biltzen dituen mankomunitate bakarra da.
Horrela, herritarrek arlo guztietan euskaraz bizitzea posible izateko lan egiten du mankomunitateak. Euskara nagusi den lurgunea erabat euskalduntzeaz gain, lurgune euskalduna zabaltzea bultzatu nahi du UEMAk.
Euskarari dagokionez, aitzindari eta bide urratzaile izan da UEMA. 1991n sortu zenetik, ibilbide luzea egin du, eta egiaztatutako esperientzia du. Hizkuntza politika aurrerakoiak bultzatzen ditu UEMAk, erakunde publikoetatik bultzatzen den elebitasun politikak ez dielako erantzuten bere herrietako errealitate soziolinguistikoari.
Eremu instituzionalean, euskalduntzeari dagokionez, erreferentzia bilakatu da UEMA. Izan ere, euskara hutsean funtziona daitekeela eta funtzionatu nahi dutela erakutsi dute bertako udalek. Instituzio mailatik haratago, herritarrentzako nahiz merkatarientzako zerbitzuak ere eskaintzen ditu mankomunitateak.
Gaur egungo zuzendaritza batzordean, hainbat alderdi politikotako ordezkariak daude: EH Bildu koaliziokoak, EAJkoak eta independenteak. Elkarlanean aritzen dira, UEMAren helburuak lortzeko bideak urratzen.