Hasiera » HERRITARRENTZAKO ZERBITZUAK » Izen-abizenak euskaldundu

Izen-abizenak euskaldundu


abizenak4Arteche, Aguirre, Goicoechea, Echenique, Echeverria

Zure abizena horietako bat da? Zenbat aldiz pentsatu duzu abizena euskaratu beharko zenukeela?

Udalerri Euskaldunen Mankomunitateak (UEMA) abian jarri du abizenak euskalduntzeko kanpaina, euskaraz naiz leloarekin, eta dei egiten die euskaldunei bere izanarekin koherente izateko eta abizenak euskalduntzeko.

PAUSOAK

Abizenak euskal grafiaz jartzeko zer egin behar duzu?

1. Bizi zaren tokiko bake-epaitegira edo erregistro zibilera joan behar duzu. Seme-alabarik baduzu eta adin txikikoak badira, bi gurasoek joan beharko duzue, biek sinatu behar duzuelako.
Erregistro batzuetan komeni da aurretik hitzordua eskatzea.
2. Agiri hauek aurkeztu behar dituzu: nortasun-agiria, hitzez hitzeko jaiotza-ziurtagiria eta errolda-ziurtagiria.
3. Bake-epaitegian edo erregistro zibilean agiriak aurkeztu eta eskaera sinatu behar duzu. 10 bat minutu iraungo du.
4. Dagokion erregistro zibilak eskaera jasoko du, eta etxera bidaliko dizute hitzez hitzeko jaiotza-ziurtagiria eguneratuta (abizena euskal grafiaz jarrita).

Izena euskaratzeko zer egin behar duzu?

1. Bizi zaren tokiko bake-epaitegira edo erregistro zibilera joan behar duzu bi lekukorekin. Lekukoek ziurtatu behar dute zurekin euskarazko izena erabiltzen dutela. Erregistro batzuetan komeni da aurretik hitzordua eskatzea.
2. Agiri hauek aurkeztu behar dituzu: nortasun-agiria, hitzez hitzeko jaiotza-ziurtagiria, errolda-ziurtagiria eta euskarazko izenarekin ageri diren hiru dokumentu (kiroldegiko txartela, liburutegikoa, gutunak…).
3. Bi lekukoek euren nortasun-agirien kopiak eraman behar dituzte.
4.  Dagokion erregistro zibilak eskaera jasoko du, eta etxera bidaliko dizu hitzez hitzeko jaiotza-ziurtagiria eguneratuta (euskarazko izenarekin).

Zure izena edota abizena euskaraz nola idatzi behar den kontsultatzeko:

OHIKO GALDERAK

  1. Abizena nahi doten moduan jar dezaket? Mujika nahi badut, badago aukerarik?
  2. Gurasoak aldatuta, seme-alabena automatikoki aldatzen da?
  3. Anai-arreba guztiek aldatu behar dute derrigorrez?
  4. Aldatuz gero, nora transmititzen da aldaketa hori? Gero ze urrats eman behar dira?
  5. Eskatzaileak lehengo grafiarekin dauzkan agiriak berriz egin behar dira? (adib. unibertsitateko titulu bat…)
  6. Zenbat denbora irauten du prozesuak?
  7. Doan da?
  8. Erdal abizena jar daiteke euskal grafiaz, adibidez Kastaños?
  9. Izenaren grafia ere alda dezaket?

BADUZU GALDERARIK?

Zalantzaren bat baduzu, IDATZI eta erantzungo dizugu.
(Zure galdera ez da inon argitaratuko, noski. Barne mailan kudeatuko dugu).

 

izen_abizenak_euskeraz

 

 


OHIKO GALDE-ERANTZUNAK 

1. Abizena nahi dudan moduan jar dezaket? Mujika nahi badut, badago aukerarik?

Epailearen irizpidea da. Normalean Euskaltzaindiaren irizpidea jarraitzen da. Euskaltzaindiaren liburuan Muxika agertzen da baina zenbait kasutan (Muxika, Mujika…) forma desberdinak onartu izan dira. Hala ere, abizen-aldaketa gisa izapidetu daiteke aldaketa eta, kasu horretan, Erregistroen eta Notarioen Zuzendaritza Nagusiak erabakitzen du aldaketa onartuz edo ezetsiz.

2. Gurasoak aldatuta, seme-alabena automatikoki aldatzen da?

18 urtez azpikoetan bai. 18 urtez gorakoetan, Erregistrora joan eta adierazi egin behar dute eurak ere aldatu nahi dutela baina ez dute tramitazio guztia egin beharrik.

3. Anai-arreba guztiek aldatu behar dute derrigor?

18 urtez azpikoek bai. 18 urtez gorakoetan bakoitzak erabakitzen du.

4. Aldatuz gero, nora transmititzen da aldaketa hori? Gero ze urrats eman behar dira?

Epaitegiak, ofizioz, honako tokietara bidaltzen du: Udalera, Hauteskunde Zentsura, Dirección General Policia y la Guardia Civil… Hala ere, gero NANa berritzeko txanda hartu eta gero “hitzez hitzeko jaiotza agiria” eskatu behar da dagokion erregistro edo epaitegian. Eskaera egiterakoan NANa berritzeko dela esan behar da, epaitegiak horretarako bakarrik balio duen agiria eman ahal izateko.

5. Eskatzaileak lehengo grafiarekin dauzkan agiriak berriz egin behar dira? (adib. unibertsitateko titulu bat…

Jaiotza, ezkontza eta seme-alaben jaiotza-agirietan aldaketa epaitegietan bertan bideratzen da, ofizioz, jaraunsletza edo herentzietan arazorik ez izateko. Gainontzeko kasuetan bakoitzak ikusi behar du. Berez, gomendagarria da ahal den toki eta agiri gehienetan aldaketa egitea.

6. Zenbat denbora irauten du prozesuak?

Eskatzailea jaio zen barruti judizialeko buruko Erregistro Zibilak erabakitzen du abizen-aldaketa; adibidez, Debagoieneko kasuan, Bergarako Erregistro Zibilak, nahiz eta jaiotza-inskripzioa Arrasaten egon. Epeetan egon lizke aldeak. Eskaera egiten den herrian jaiotakoa izanez gero, nahiko epe motzean izan liteke. Beste nonbait jaioa izanda ere, normalean 3-4 hilabetean tramitatzen da.

7. Doan da?

Bai.

8. Erdal abizena jar daiteke euskal grafiaz, adibidez Kastaños?

Epailearen baitan geratzen da. Lehen esandako moduan, printzipioz, euskal abizenen kasuan, Euskaltzaindiaren “Deitura-izendegia” jarraitzen da. Bertan honakoa adierazten da: “Euskal deituratzat, edozein hizkuntz jatorritakoa izanda ere, Euskal Herrian sustraitu dena jo da, nahiz esku artean duzuen lehen liburuki honetan euskal jatorrikoak ez diren gehienak agertzen ez diren.” Zalantza kasuan, onena Euskaltzaindiara galdetzea da. Edozein kasutan, lehen esandakoa, epailearen baitan geratzen da erabakia.

9. Izenaren grafia ere alda dezaket?

Bai. Prozedura bera da eta kasu honetan ere Euskaltzaindiak finkatutako irizpideak jarraitzen dira.

Itzuli gora
Cookie-ak erabiltzen ditugu nabigazio esperientzia hobetzeko eta gure zerbitzuak eskaintzeko. Nabigatzen jarraitzen baduzu, ulertuko dugu horien erabilera onartzen duzula.