UEMAk, Eusko Jaurlaritzak eta Nafarroako Gobernuak elkarrekin abiarazitako Arnasa gara kanpainaren baitan, Arnasguneak antzerki sorkuntzarako beka sortu dute, eta egitasmoak jasotzeko epea ireki dute gaur, oinarriak zabaltzearekin batera. Arnasguneen garrantzia jendarteratzeko antzezlan bat sortzea izango da bekaren helburua. Guztira 23.000 euro jasoko ditu irabazleak, eta antzezlana sortzeko Dinamoa sormen gunea erabiltzeko aukera izango du taldeak. Antzezlana, berriz, 2022ko Azpeitiko Euskal Antzerki Topaketetan estreinatuko dute, eta bekaren antolatzaileek gutxienez beste hamar emanaldi ere lotuko dituzte.
Udalerri euskaldunek eta euskararen arnasguneek euskararen biziberritzeari eta Euskal Herriari egiten dioten ekarpena nabarmentzeko eta herritarrak arnasguneen garrantziaz kontzientziatzeko Arnasa gara kanpaina abiarazi zuten 2019an UEMAk, Eusko Jaurlaritzak, Nafarroako Gobernuak, beste hainbat erakunderen laguntzarekin. Herrietan egin zituzten aurkezpen ekitaldiak eta Kartzela webseriea izan ziren orduan kanpainaren ardatza. Kanpainaren bigarren urratsa aurten egin dute, Hiru Damatxok ekoitzitako zortzi bideo aurkeztu, sareetan lau haizetara zabaldu eta bideo horiek islatzen dituzten egoeren inguruan elkarrizketa digitalak eginez, kazetari, kirolari, musikari eta aktoreekin.
Datorren urtean, berriz, bi ildo izango ditu kanpainak. Gazteei zuzendutako ekimena izango da lehenengoa. Bigarrena, berriz, arnasguneen garrantzia jendarteratzeko berariaz sortutako antzezlana estreinatzea eta herriz herri zabaltzea izango da. Horretarako, antzezlana sortzeko beka deialdia egitea erabaki dute hiru erakundeek, eta edozein antzerki taldek izango du deialdira aurkezteko aukera, oinarrietan zehaztutakoa onartuz gero. Proposamenak aurkezteko epea, berriz, 2021eko azaroaren 15ean amaituko da, eta deialdira aurkeztutako lanak aztertu ostean epaimahaiak abenduaren 3an jakinaraziko du bekaren irabazlea zein den.
Irabazleak 23.000 euro jasoko ditu guztira, eta apirilaren amaierarako aurkeztu beharko dio oinarrizko gidoia epaimahaiari. Era berean, Azpeitiko Dinamoa sormen gunea bizpahiru astez erabiltzeko aukera izango du antzerki taldeak, antolatzaileek ordainduta, egonaldia, sormenerako espazioa, baliabide teknikoak, lotarako lekua eta otorduak barne. Bekaren oinarriek zehazten dutenez, 23.000 euro horiekin ordaindu beharko ditu talde irabazleak atrezzoa eta eszenografiaren gastuak, besteak beste, eta antolatzaileek zehaztutako lau udalerritan antzezlana doan eskaini beharko du. Antzokirik ez duten herri txikietako emanaldien baldintzak, berriz, antolatzaileek eta talde irabazleak adostuko dituzte.
Antzezlana, Azpeitiko Euskal Antzerki Topeketetatik herrietara
Izan ere, behin antzezlana 2022ko azaroan Azpeitiko Euskal Topaketetan aurkeztu ondoren, antolatzaileek gutxienez beste 10 emanaldi lotuko dituzte, taldearen katxea aintzat hartuta eta herri txikietara moldatuta. Zehazki, oinarrietan eskatzen den kontuetako bat da antzezlana antzokietarako zein areto txikiagoetarako moldatzeko modukoa izatea, euskararen arnasguneak diren herri asko txikiak direlako eta antzokirik ez dutelako.
Oinarrietan gutxienez 10 emanaldi zehazten badira ere, beka deitu duten hiru erakundeen asmoa antzezlana ahalik eta herri gehienetara zabaltzea da, beti ere baldintzak eta egutegia antzerki taldearekin adostuta, haren gaitasunaren eta agendaren arabera.
Antolatzaileek Dinamoa sormen gunearen eta Azpeitiko Udalaren laguntza izan dute oinarriak zehazteko, eta epaimahaian ere kide bana izango dute horiek, UEMAk, Eusko Jaurlaritzak eta Nafarroako Gobernuak izendatutako ordezkariekin batera.
Oinarriak eta material osagarria:
· ARNASGUNEAK antzerki sorkuntzarako beka. Oinarriak (PDF).
· Eskaera orria (PDF).
· Eskaera orria (doc).
Gai honi buruzko informazio osagarria:
· Arnasguneak Antzerki Sorkuntzarako Beka (kulturklik.euskadi.eus, 2021-10-20).
· ‘Arnasguneak’ euskarazko antzerki sorkuntzarako beka eskatzeko epea zabalik (larraun.eus, 2021-10-19).
· Arnasguneen garrantzia landuko duen antzezlan bat sortzeko beka sortu du Uemak (Urola Kostako Hitza, 2021-10-20).
· Euskararen arnasguneen garrantzia jendarteratzeko antzezlan bat sortzeko beka sortu dute (Europa Press, 2021-10-21).
· Arnasguneak antzerki sorkuntzarako beka sortu du Uemak (uztarria.eus, 2021-10-20).
· Antzerkigintzearen bidez nabarmenduko ditue euskerearen arnasguneak (bizkaie.biz, 2021-10-22).
· Arnasguneen sozializazioa, baita antzerki formatuan ere (gipuzkoa.eus, 2021-10-22).
· Euskararen arnasguneen garrantzia jendarteratzeko antzezlan bat sortzeko beka sortu dute (Gara, 2021-10-24).
· Antzerki sorkuntzarako beka deialdia, euskararen arnasguneen garrantzia aldarrikatzeko (El Correo, 2021-10-24).
· Beka sortu dute arnasguneen garrantzia antzerkiaren bidez jendarteratzeko (El Diario Vasco, 2021-10-25).