Udalerri euskaldunetako errealitate soziolinguistikoa errespetatzeko eta zaintzeko eskatu zion UEMAk EiTBri 2014ko urrian, eta sasoi hartan ETBn euskara hutsean aritzeko konpromisoa egin zuten publiko 100 bat kirolari, idazle, bertsolari, musikari eta kazetarik. 2015ean, berriz, adierazpenen hizkuntza tratamendua arautu zuen EiTBk, eta elkarrizketatuaren hizkuntza-hautua errespetatzea «funtsezko» irizpidea dela adierazi zuen. Urteek aurrera egin ahala, ordea, udalerri euskaldunetako ordezkariei eta herritarrei etenik gabe erdaraz hitz eginarazi die EiTBk, eta UEMAk hainbat aldiz gogorarazi du horrek zeharo desitxuratzen duela udalerri euskaldunen errealitatea. Horren aurrean, beste behin ere EiTBn euskaraz aritzeko deia egin die UEMAk udal ordezkariei, erakunde publikoei eredugarri izatea dagokiela nabarmenduz eta EiTB euskara normalizatzeko sortu zela gogoraraziz.
Gaia zabaltzeko, batean eta bestean hedatzeko bi bideo prestatu ditu UEMAk, azken urteotan ETBn euskara hutsean arituz eredugarriak izan diren zenbait alkaterekin. Lierni Altuna, Joxe Manuel Zubillaga, Haritz Alberdi eta Amaia Zabalaren adierazpenak biltzen ditu bideoak, Aramaio, Araitz, Getaria eta Gizaburuagako alkateenak, hurrenez hurren.
[Bideoa]. ETBn euskaraz. Bai horixe! [Bideo osoa: 06:31].[Bideoa]. ETBn euskaraz. Bai horixe!
(Bertsio laburra, sare sozialetarako eta mezularitza aplikazioetarako. 01:58).
UEMAren iritziz, azken urteotan “bi aldeen aldetik hainbat neurri hartu diren arren, oraindik lan handia dago egiteko”, eta horretarako elkarlanerako eskua luzatu zion iaz EiTBri, bi aldeetako ordezkariek ETBren Bilboko egoitzan egindako bileran.
Azken urteotan udalerri euskaldunen eta euskararen arnasguneen egoera soziolinguistikoa ezagutzera emateko eta gune hauek euskararen biziberritzean duten garrantzia nabarmentzeko pauso handiak eman dira. UEMAk eta beste hainbat erakunde publikok EiTBren laguntzarekin 2019an abiarazitako Arnasa gara kanpaina, esaterako, horietako bat da.
EiTBk berak ere egin ditu urratsak. Izan ere, UEMAk 2014an egindako eskaera haien ondoren, adierazpenen hizkuntza tratamendua arautu zuen EiTBk. Besteak beste, honakoa adieraziz: “Adierazpenetako hizkuntzaren bitartez, gizartearen erretratu bat egin daiteke, eta EiTBn oso garrantzitsutzat jotzen da erretratu horretan euskarak leku nabarmena duela erakustea; batez ere, adin-talde jakin batzuetan eta Euskal Herriko eskualde zabaletan. Hortaz, modu naturalean, euskarari leiho bat zabalduko zaio ETB2ko albistegi eta aktualitateko magazinetan. Gauza bera gertatuko da Radio Euskadiko eta Radio Vitoriako saio eta albistegietan ere”.
Hartutako konpromisoa, ordea, hutsean geratu da kasu gehiegitan, bai EiTBk hainbat kasutan izan duen jarreragatik eta baita udalerri euskaldunetako ordezkarien zein herritarren bestelako inertziengatik, adierazpenak gazteleraz ere eginez. UEMAren iritziz, horrek zeharo lausotzen du errealitatea eta, beraz, bere garaian egindako eskaerak berretsi eta orduan hartutako konpromisoei eusteko eskatu dio berriro EiTBri.
Udal ordezkariek eta herritarrek ere gaiarekiko kontzientzia argia izan behar duela iritzita, berriz, orain zabaldu dituen bideoak ere prestatu ditu UEMAk.
UEMAren irizpideak
Gaiari behar bezala heltzeko, hainbat irizpide zehaztu zituen UEMAk (2014ko irailaren 20an Zestoan egindako batzar nagusian), udalerri euskaldunetako alkate eta zinegotziek hedabideen aurrean hitz egiterakoan kontuan izateko:
- UEMAko kide diren udalek antolatutako prentsa agerraldiak euskara hutsean egitea.
- EiTBko kazetariren batek zuzeneko adierazpenak egiteko eskatuz gero udal ordezkariari, honek euskaraz bakarrik erantzutea.
- EiTBren erdal hedabideetan elkarrizketaren batean edo programa jakin batzuetan parte hartzerakoan euskaraz egin nahi dutela adieraztea UEMAko kide diren herrietako udal ordezkariek. Horretarako aukerarik ematen ez zaien kasuetan, ordezkariaren eta udalaren esku geratzea parte hartu ala ez erabakitzea.
UEMAren eskaerak EiTBri
Irizpideak betetzeko eta euskararen arnasguneak sendotzen eta zabaltzen laguntzeko, honako eskaerak egin izan dizkio UEMAk EiTBri behin eta berriro:
- UEMAk eta UEMAko kide diren udalek onartutako irizpideak errespetatzea, eta irizpide horiek gauzatu ahal izateko erraztasunak eskaintzea.
- Udalerri euskaldunetara kazetari euskaldunak bidaltzea.
- Udalerri euskaldunetako ordezkari politiko, eragile sozialetako kide eta herritarrei egingo zaizkien elkarrizketak euskara hutsean izatea.
- Euskararen arnasguneak ezagutzera ematea, eta udalerri euskaldunek euskararen biziraupenean jokatu duten paper garrantzitsuaren inguruko sentsibilizazioa bultzatzea.
Gai honi buruzko informazio osagarria:
· EITBri eskatu diote herri euskaldunen errealitatea errespetatzeko
(Berria, 2020-02-15).
· Udalerri euskaldunetako errealitatea errespetatzeko eskatu dio berriro UEMAk EiTBri, elkarlanerako eskua luzatzearekin batera (uema.eus, 2020-02-12).
· “Eta orain gaztelaniaz, mesedez” (Argia, 2014-12-14).
· ETB2n euskaldunek euskaraz egiteko protokoloa Euskal Herri osora zabaldu nahi dute (Berria, 2015-04-14).
· ETB2n euskaldunek euskaraz egitearen alde (manifestua eta sinadurak. 2015-04-15).
· ETB2n euskaldunak euskaraz (El Correo, 2015-04-15).
· EiTBri euskaldunak gaztelaniaz egitera ez behartzeko eskatu diote (Kontseilua, 2015-04-14).
· Euskaldunak euskaraz ETBn (ipetitions.com bidezko sinadura bilketa.
3.537 sinadura).
· Udalerri euskaldunetako errealitate soziolinguistikoa errespetatu eta zaintzeko eskatu dio UEMAk EITBri (sustatu.eus, 2014-10-13).
· Adierazpenen hizkuntza tratamendua arautu du EiTBk (eitb.eus, 2015-07-06).
· EITBren adierazpenen hizkuntza tratamendu berria: euskarari mesede? (ZuZeu, 2015-07-16).
· Aurrerantzean euskara gutxiago entzungo da EITBren gaztelaniazko kateetan (ZuZeu, 2017-06-12)