UEMAk, Banaiz Bagara elkarteak eta Lekeitioko, Markina-Xemeingo eta Ondarroako udalek, elkarlanean, ekimen berria abiarazi dute, azken urteotan atzemandako premiei erantzun nahian: Euskara Plus ikastaroa.
Euskaraz ez dakitenentzako ikastaroa da, eta doan izango da.
Ikastaroaren helburua da zaintzan, zerbitzuen arloan (merkataritzan zein ostalaritzan) edota arrantza munduan (itsasoan edo portuan) aritzen diren edo lana aurkitu nahi duten etorri berriek lanerako gutxieneko euskara maila lortzea.
Horretarako, herri bakoitzean ikastaro bana emango dute, eta ez dira ohiko euskara klaseak izango, ikastaroa guztiz praktikoa izango baita, batez ere rol-jokoetan oinarritua. Ikasleek laneko egoera ezberdinetako (adinekoen zaintza, ostalaritza, zerbitzuak, arrantza…) hiztegia eta esamoldeak ikasiko dituzte, eta erabilera praktikatuko dute.
30-40 ordu inguruko ikastaroa izango da, eta izena ematen duten ikasleekin adostuko dira ikastaro bakoitzaren egunak eta orduak.
Ikastaroaren berri emateko, udalek zabalduko dituzten esku-orriak prestatu ditu UEMAk, euskaraz eta gazteleraz, eta ekimena iragartzeko bideoa ere zabalduko dute gaurtik aurrera sare sozialetan eta telefono bidezko mezularitza aplikazioetan, euskaraz, gazteleraz eta serer hizkuntzan.
Material osagarria:
· Lekeitioko, Markina-Xemeingo eta Ondarroako udalek banatuko duten esku-orria.
· Lekeitioko esku-orria (PDFa).
· Markina-Xemeingo esku-orria (PDFa).
· Ondarroako esku-orria (PDFa).
Bideoak:
· Euskara Plus: euskara ez dakiten herritarrentzako ikastaroa (EUS).
· Euskara Plus ikastaroaren ingurukoak, serer hizkuntzan.
Ahotsa: Senegaldik etorri, Ondarroan euskaldundu eta Berriatuan bizi den Omar Diop, ama hizkuntza duen serer hizkuntzan.
· Euskara Plus: curso gratuito para aprender euskera (ES).
https://youtu.be/TIkH-4xIo_8
Gai honi buruzko informazio osagarria:
· Doako ikastaro praktiko bat antolatu dute Lekeition, Markina-Xemeinen eta Ondarroan (Lea-Artibai eta Mutrikuko Hitza, 2021-09-03).