UEMAk antolatuta, udalerri euskaldunetarako garapen estrategiak aletu zituen atzo Joseba Garmendia ekonomialariak eta EHUko irakasleak, Alkizako FAGUS Alkiza interpretazio zentroan, eta streaming bidez ere jarraitu ahal izan zen mintegia. Iñaki Arregi ikerketa bekaren lehen deialdian gailendu zen Garmendia, eta horri esker osatutako liburuan udalerri euskaldunetan garapen estrategiak eraiki ahal izateko marko teorikoa bildu du.
Gaiak udalerri euskaldunentzat duen interesagatik eta garrantziagatik, udal ordezkarientzat, teknikarientzat eta garapen estrategietan interesa izan dezaketenentzat formazio saioa antolatzea erabaki zuen UEMAk, eta saio hori gidatu zuen atzo Garmendiak.
Eduki teorikoa eta praktikoa uztartu zituen atzoko saioan Joseba Garmendiak, mintegia bi zatitan bereiziz. Lehenengoan, tokiko eskalan (udalerrietan zein eskualdeetan) garapen ekonomikorako estrategiak eraiki ahal izateko marko eta eduki teorikoa zein den azaldu zuen. Oinarri teorikoarekin batera, metodologiari ere heldu zion, garapen prozesuak eta garapen esperientziak nola eraiki argituz, prozesu horiek eraikitzeko ezinbestekoa den arkitekturaren eta baliabideen berri emanez.
Horretarako, ordea, “beti ere garapen endogenoaren paradigmaren aterkipean” aritzeko beharra nabarmendu zuen. Garapen endogenoa, azken batean, hazkunde ekonomikoa eta egiturazko aldaketa dakarren prozesua da, baina beti ere komunitateak gidatutakoa eta tokian tokiko herritarren bizitza maila hobetzera bideratutakoa. Izan ere, Garmendiak adierazi zuenez, “goitik beherako ohiko politiken porrotak eta globalizazioak ekarritako erronkek garapen lokal eta erregionalaren birplanteamendu osoa erakarri zuten” eta horren ondorioz “1980-1990eko hamarkadetan behetik gorako edo bottom-up politika berritzaileak sortu ziren”. Garapen politika horiek ezaugarri zehatzak dituzte: epe luzerako begirada, askotariko eragileen aktibazioa, tokiko eta kanpoko baliabideak uztartzea, ikuspegi multisektoriala, ekintzailetza sustatzea edota dinamika sozialak eta kulturalak kontuan hartzea, besteak beste. Horregatik guztiagatik, udalerriak edo eskualdeak garatzeko, ezinbestean, gizartearen kohesioa eta inplikazioa zutoinak direla aipatu zuen Garmendiak.
Zenbait esperientzia eredugarri, ikasgai modura
Formazio saioaren bigarren zatian, batez ere adibide praktikoen berri eman zuen, marko teorikoa “gure inguruko esperientzia arrakastatsuenen adibideekin” hobeto ulertzeko. Zehazki, Leako, Zeraingo eta Sakanako esperientziak ezagutu zituzten mintegira bildutakoek.
Horietan guztietan ikusitakoaren eta ikasitakoaren harira, zenbait ondorio ere aletu zituen Garmendiak. Besteak beste, herriak edo eskualdeak garatzerakoan, “plan estrategikoetan, azken txostena baino askoz garrantzitsuagoak dira prozesua eta prozesuan bertan eragileen artean sortzen diren harremanak”. Baita garapen estrategiak erabakitzerakoan, zer egin behar den baino askoz garrantzitsuagoa dela nork eta nola egingo duen erabakitzea ere. Azken batean, prozesu horien ondorioz eragileen artean sortzen diren harremanek eta tokiko garapenaren inguruko kontzientzia sortzeak dena goitik behera aldatzen duela eta hori giltzarria dela zehaztu zuen, adibide esanguratsu batekin: “Garrantzitsuenak ez dira haziak edo ideiak, horiek ernetzeko baliagarria izango den lurra egokia izatea baizik. Alferrik da espaloian haziak botatzea”.
Gai honi buruzko material osagarria:
· [Bideoa]. Formazio saioa, bere horretan, osorik ikusgai
(iraupena: 2 ordu eta 27 minutu).
· Formazio saiorako prestatutako laburpena (PDFa).
· Liburua, osorik, PDFan: Iñaki Arregi ikerketa beka, I. deialdia.
Tokiko garapen ekonomikorako estrategiak eraikitzeko marko kontzeptuala, arkitektura eta metodologia (Joseba Garmendia).
+ [Bideoa]. Atzoko formazio saioa iragartzeko eta udal ordezkariak eta teknikariak izena ematera animatzeko bideoa:
Udalerri euskaldunetarako garapen estrategiak. Formazio saioa.