Tolosaldeko beste udal batek UEMAko kide izateko erabakia hartu du. Maiatzaren 31ko udal osoko bilkuran hartu zuen erabakia Elduaingo Udalak, eta pasa den astean argitaratu zen erabakia Gipuzkoako Aldizkari Ofizialean. UEMAko 91. udalerria izango da Elduain. Tolosaldeari dagokionez, berriz, UEMAko kide den eskualdeko 19. herria izango da.
Maiatzaren 31n egindako udal osoko bilkuran UEMAko kide izatea erabaki zuen Elduaingo Udalak, Tolosaldean azkenaldian Amasa-Villabonak eta Zizurkilek hartutako bidearen ildotik. Elduaingo alkate Oihana Amundarainen hitzetan, “pozgarria da Tolosaldeko udal gehienek UEMAko kide izatea erabaki izana, baina eskualdea osatzen dugun 28 herrietatik geratzen dira batzuk oraindik bidean, eta nire ustez garrantzitsua da guztiok pauso hori ematea, Euskal Herriko arnasgune izaten jarraitzeko eta eskualde gehiagotara zabaltzeko. Euskarak merezi du eta behar du”.
Elduaingo datu soziolinguistikoei dagokienez, 2016an argitaratutako datuen arabera, euskaldunak %94 dira Elduainen. Oro har euskaraz bizi dira bertako herritarrak, baina udalerri euskaldun gehienetan bezala beheranzko joera islatzen dute datuek, Elduaingo kasuan beherakada apala baldin bada ere.
Elduain Gipuzkoako udalerria da. Tolosaldea eskualdean dago, eta 239 biztanle ditu. UEMAk urtean bi batzar nagusi egin ohi dituenez, hurrengoa abenduaren erdialderako deituko du, urtearen balantzea egiteko, urte berrirako plangintza onartzeko, eta herri berrien eskaerak onartzeko. Ordutik aurrera izango litzateke Elduain UEMAko kide.
Oihana Amundarain, Elduaingo alkatea:
“Garrantzitsua da Tolosaldeko udal guztiek UEMAko kide izateko pausoa ematea”.
Elduaingo Udalak UEMAko kide izatea erabaki du. Zergatik hartu duzue erabakia?
Tolosaldeko geroz eta udal gehiago dira UEMAko kide, eta Elduain ere udalerri euskalduna izanda, euskararen lurgunea zabaltzeko eta sendotzeko aukera ederra iruditzen zaigu. Izan ere, euskararen erabilera normalizatzeko eta euskara biziberritzeko laguntza handia da beste udalerri euskaldunekin elkartzea. UEMAren aterkipean, udaletik soilik bideratu ezin dugun hizkuntza politika garatzeko aukera izango dugu orain.
Euskararen arnasgune sendoenetakoa da Elduain, baina datuak esanguratsuak izan arren hauskortasunaren kezka ere agerikoa da, udalerri euskaldun guztietan bezala. Elduainen ere sumatzen duzue?
Bai. Elduain herri euskalduna da, eta euskaraz naturaltasunez hitz egiten da kalean, baina hainbat faktorek eragin zuzena dute hizkuntzaren erabileran, eta hori ez da Elduainen kontua soilik. Arnasgune guztietan ikusten da: joera hauskorrak gara, eta hauskortasun horri aurre egiteko hizkuntza politika lantzen du UEMAk, herritarrak kontzientziatzeko eta arnasguneak zaintzeko eta garatzeko hainbat ildorekin. UEMAren laguntzarekin herritarrak kontzientziatzea garrantzitsua da, gero hizkuntza ohiturei eusteko. Herritarrak kontzientziatzeko ez ezik, udal barruko ohituretan eta planetan eragiteko ere bidelaguna izango da UEMA.
Elduain gehitzean, Tolosaldeko 19 udalerri izango dira UEMAko kide. Zalantzarik gabe, eskualde euskaldunetakoa da Euskal Herri osoan. Hori UEMAn islatzeko ere lagungarria izango da zuen erabakia…
Bai, pozgarria da Tolosaldeko udal gehienek UEMAko kide izatea erabaki izana, baina eskualdea osatzen dugun 28 herrietatik geratzen dira batzuk oraindik bidean, eta nire ustez garrantzitsua da Tolosaldeko udal guztiek pauso hori ematea, Euskal Herriko arnasgune izaten jarraitzeko eta eskualde gehiagotara zabaltzeko. Euskarak merezi du eta behar du.
Gai honi buruzko informazio osagarria:
· Uemako 91. udalerria izango da Elduain (berria.eus, 2021-07-05).
· UEMAko kide izatea erabaki du Elduaingo Udalak (Europa Press, 2021-07-05).