Bagera Euskaltzaleen Elkarteak antolatutako Euskara eta hirigintza izeneko mahai ingurua izango da gaur arratsaldean Donostian, 18:30etik aurrera, alde zaharreko kriptan (Donostiako Liburutegi Zerbitzua, San Jeronimo kalea 20).
Lau hizlari ariko dira euskarak eta hirigintza ereduak duten harremanari buruz solasean, eta tartean izango da Goizane Arana UEMAko teknikaria eta EHUren Eragin Linguistikoaren Ebaluazioa aditu-tituluko irakaslea. Aranarekin batera ariko dira Itziar Agirrezabala (Añorga Txiki Auzo Elkarteko kidea), Koldo Telleria (ELE graduondoko zuzendaria eta arkitektoa) eta Natxo Mosteiro (Eusko Jaurlaritzaren Hizkuntza Politikarako Sailburuordetzako plangintza arduraduna) ere.
Guztien artean, hirigintza planek hizkuntzan duten eragina aztertuko dute, hainbat adibide praktikotan oinarrituta: hizkuntzari dagokionez Añorgako hirigintza proiektuak bertako bizilagunen artean sortu duen kezka, Eragin Linguistikoaren Ebaluazioa, horren ibilbidea eta lege izaera… Gaiak ertz asko ditu, eta horietako garrantzitsuenei helduko diete lau hizlariek.
Hirigintza eredua, lurraldea eta hizkuntza: azken 7 urteotako bide oparoa
Hirigintzak eta lurralde antolamenduak hizkuntzan duen eraginaz ohartuta, UEMAk, Kontseiluak eta Gipuzkoako Foru Aldundiak Lurraldea eta Hizkuntza jardunaldiak abiarazi zituzten 2014 urtean.
Lurraldea eta Hizkuntza. Hizkuntza eta Lurraldea izeneko lehen jardunaldi haietan, lurralde antolaketaren eta hizkuntza aldaketaren arteko harremana estua dela eta hirigintza proiektuek eta beste hainbat proiektuk Eragin Linguistikoaren Ebaluazioa (ELE) moduko azterketa baten beharra dutela nabarmendu zuten antolatzaileek.
2015eko Lurraldea eta Hizkuntza 2. jardunaldietan (Lurraldea eta Hizkuntza. Erronkak & Tresnak) ELE tresna horren lehen bertsioa aurkeztu zuen UEMAk, Gipuzkoako Foru Aldundiarekin batera. Euskalgintzak eta erakunde publikoek ere bat egin zuten gaiak duen garrantzia nabarmentzerakoan, eta ELEk lege izaera ere hartu zuen 2016an, apirilean EAEko Udal Legea onartu zenean. Izan ere, Udal Legeak lege babesa ematen dio Eragin Linguistikoaren Ebaluazioari, hirigintza planek edo gainerako proiektuek hizkuntzan izango luketen eragina aztertzeko beharra ezarrita (ikus albistea: Hirigintza planen hizkuntza eragina aztertu beharko dute EAEko herriek).
Ondoren, gaiaren lanketa akademikoari jarraipena emanez, ELE tresnaren etorkizuna aztertu zen III. Lurraldea eta Hizkuntza jardunaldietan. Bertan, esperientzia zehatzak aurkeztu, balizko kalteak apaltzeko neurri zuzentzaileez hausnartu, eta ELE tresna legean txertatzeko moduak aztertu zituzten UEMAk eta erakunde antolatzaileek.
Herri baten egoera soziolinguistikoan eragin dezakeen edozein proiektuk ELE bezalako tresna ezinbestekoa dutela ikusita, udal arkitektoak, teknikariak eta gaian interesa duten gainerako profesionalak, euskaltzaleak eta ikasleak formatzeko beharra agerian geratu zen, herrietan eta proiektuetan Eragin Linguistikoaren Ebaluazioa modu zehatz eta profesionalean egin ahal izateko. Horretarako, Lurraldea eta Hizkuntza. Eragin Linguistikoaren Ebaluazioa titulua sortu zuen EHUk, eta graduondokoa eskaini zuen 2017-2018 ikasturtean. Gerora, unibertsitate-aditu titulua bihurtu da graduondoko hura.
Batean zein bestean, irakasle lanetan aritu izan dira Miren Segurola UEMAko koordinatzailea eta Goizane Arana UEMAko teknikaria, eta bien artean landutako ELE tresnaren bertsio zehatza eta berritua aurkeztu zuten (hemen albistea: Eragin Linguistikoaren Ebaluazioa egiteko tresna berria aurkeztu du UEMAk ‘Lurraldea eta Hizkuntza’ graduondokoan).
Udal Legea garatzeko dekretua, legearen artikuluak betetzeko izapideekin
2016an EAEko Udal Legea onartu zenetik, Arabako, Bizkaiko eta Gipuzkoako udalek legez egin behar dute eragin linguistikoaren ebaluazioa, proiektu zehatzek herriaren egoera soziolinguistikoaen izan dezaketen eragina neurtzeko eta beharrezkoa balitz neurri zuzentzaileak hartzeko.
Horrela, UEMA aitzindaria izan denez alor honetan, Eusko Jaurlaritzako Hizkuntza Politikarako Sailak azken urteotan eskuz esku landu du gaia UEMArekin. Eusko Jaurlaritzako eta UEMAko teknikariek, elkarrekin, Eragin Linguistikoaren Ebaluazioa egiteko urratsak adostu eta bateratu dituzte, eta aplikazioa sortu dute udalen esku uzteko, eta udaletako teknikariei hainbat formazio saio eman dizkiete azken urte hauetan. Gaur mahai inguruan parte hartuko dute Goizane Arana eta Natxo Mosteiro aritu dira horretan, zehazki.
Gai honi buruzko informazio osagarria:
· Añorgako hirigintza proiektuen aurrean, bizilagunek euskaraz bizitzen jarraitu nahi dutela aldarrikatu dute (Irutxuloko Hitza, 2021-05-21).
· Eragin Linguistikoaren Ebaluazioa egiteko tresna berria aurkeztu du UEMAk ‘Lurraldea eta Hizkuntza’ graduondokoan (uema.eus, 2017-05-15).
· Lurraldea eta Hizkuntza. Eragin Linguistikoaren Ebaluazioa graduondokoa (EHUren titulua).
· Hirigintza planen hizkuntza eragina aztertu beharko dute EAEko herriek (Berria, 2016-04-14).
· Lurraldea eta Hizkuntza, III. jardunaldiak (uema.eus, 2016-04-12).
· Hizkuntza eta lurralde antolaketa. Zer gertatzen da herri euskaldunean mila etxe eraikiz gero? (Argia, 2014-04-06).