Hasiera » Zehaztu gabe » ‘Euskara sarera’ kanpaina abiarazi du Oiartzungo Udalak, UEMArekin eta PuntuEUS Fundazioarekin batera

‘Euskara sarera’ kanpaina abiarazi du Oiartzungo Udalak, UEMArekin eta PuntuEUS Fundazioarekin batera

Sareko hizkuntza ohituren inguruko hausnarketa sustatzea da kanpainaren helburua, herritarrek euskara lehenetsi dezaten.

[UEMAko lehendakari Iraitz Lazkano, PuntuEUS Fundazioko zuzendari Josu Waliño eta Oiartzungo Euskara zinegotzi Josu Delgado, gaur eguerdian, Oiartzunen, agerraldiaren aurretik].

Oiartzungo Udalak, UEMAk eta PuntuEUS Fundazioak Euskara sarera kanpaina aurkeztu dute gaur goizean, Oiartzunen egindako agerraldian. Bertan izan dira Josu Delgado Oiartzungo Euskara zinegotzia, Iraitz Lazkano UEMAko lehendakaria eta Josu Waliño PuntuEUS Fundazioko zuzendaria.

Sarean eta teknologia berrietan herritarrek dituzten hizkuntza ohituren eta horietan euskararen erabileraren inguruan hausnarketa bultzatzea da kanpaina honen helburua.

Horretarako, datozen lau asteetan lau bideo zabalduko dituzte mezularitza aplikazioetan eta kanpaina sustatu duten hiru erakundeen webguneetan zein sare sozialetan, eta herritarrei ere bideoak zabaltzeko deia egingo zaie.

Kanpainak lau gai landuko ditu

Kanpaina honekin, “oiartzuarrak eremu digitalean dituzten hizkuntza ohituren inguruan hausnartzera gonbidatu nahi ditugu, askotan, teknologia berrien eremua oso mundu erdalduna izaten baita”, zehaztu du Delgadok. Horrek, ordea, ez du esan nahi teknologia berrietan euskaraz aritzeko aukerarik ez dagoenik.

Hori ikusarazi nahian, Euskara sarera kanpainaren baitan, lau gai landuko dituzte hurrengo lau asteotan:
· Whatsapp, Telegram eta antzeko mezularitza aplikazioetan idazteko erabiltzen den hizkuntza.
· Telefono mugikorra konfiguratua dugun hizkuntza.
· Interneten nabigatzeko hizkuntza.
· Sare sozialetako hizkuntza.
Guztietan dago euskaraz egiteko aukera eta horixe da astero zabalduko diren bideoetan eta mezuetan errepikatuko den galdera: “Nik euskaraz egiten dut, eta zuk?”.

Josu Waliño PuntuEus Fundazioko zuzendariak azaldu duenez, “euskarak ingurune digitalean duen ikusgarritasuna handitzeko erabakigarria da ahalik eta erabiltzaile gehienek sarean ere lehen hitza euskaraz ematea eta horregatik garrantzitsua da erabiltzaileek gailuak euskaraz konfiguratuta izatea, nabigatzaileak zein mugikorrak”.

Hori dela eta, oiartzuarrak hausnartzera gonbidatu eta sarean zein teknologia berrietan ere, euskaraz bizitzeko aukera egitera animatu nahi ditugu.

UEMA eta PuntuEus Fundazioa elkarlanean, Oiartzungo Udalarekin batera

Lehendik, Oiartzungo Udalak eta UEMAk eremu digitala euskalduntzeko hitzarmena sinatua dute PuntuEus Fundazioarekin, bakoitzak bere aldetik. Orain, bat egin dute kanpaina berri honetan. Horixe nabarmendu du Iraitz Lazkano UEMAko lehendakariak: “Azkenaldian erakundeen eta gainerako eragileen arteko elkarlana askotan aipatzen da, eta argi dugu horixe dela bidea, batzuen eta besteen ahaleginak emaitza oparoagoak eman ditzaten. Erakunde publikoei herritarren aurrean eredugarri izatea dagokigu, eta hau da kanpaina honekin erakutsi nahi duguna. Elkarlanean, nork bere esparrutik, sarean eta mezularitza aplikazioetan ere euskaldunak garela gogoratzeko borondateak batu gaitu, herritarrak kontzientziatu eta hizkuntza ohituretan eragin nahian”.

Lazkanok aipatu duenez, “teknologian eta sarean eragiteko UEMAk PuntuEUS Fundazioarekin sinatuta duen hitzarmena giltzarria da, Pantailak Euskaraz eta antzeko ekimenek azkenaldian gogorarazi diguten bezala gaur egungo hizkuntza ohituretan egundoko eragina baitute sareko edukiek. Askotan, ordea, ohiko lanek eta inertziek sareak duen garrantzia bigarren mailan uztera edo ahaztera garamatza, hor benetan eragitea oso garrantzitsua den arren. Horregatik, UEMArentzat eredugarria da Oiartzungo Udalaren ahalegina, herritarrak sareko eta teknologia berrietako hizkuntza ohituren inguruan hausnartzeko deia eginez. Zalantzarik gabe, UEMAko gainerako udalerrietara ere zabaltzeko modukoa iruditzen zaigu, eta horregatik gaude gaur hemen, Oiartzungo Udalari gure babesa eta esker ona emanez”.

Lazkanoren hitzetan, “gaur, beraz, kanpaina bat aurkezten dugu, baina etxeko lanak hartuta goaz UEMAko herrietara, akuilu lanak egin asmoz, Oiartzungo Udalak eta beste udal batzuek zabaldu duten bidetik besteei ere gaiari heltzeko gonbidapena eginez”.

Lehenengo bideoa, gaurtik aurrera ikusgai

Kanpainaren baitan zabalduko diren lau bideoetatik lehenengoa gaur bertan hasiko dira zabaltzen, webguneetan, sare sozialetan eta mezularitza aplikazioetan.

Honakoa da bideoa:

Gai honi buruzko informazio osagarria:
· Udalak, UEMAk eta PuntuEus Fundazioak Euskara Sarera kanpaina martxan jarri dute (oiartzun.eus, 2021-06-14).
· Oiartzungo Udalak, UEMAk eta PuntuEUS Fundazioak ‘Euskara sarera’ kanpaina martxan jarri dute (domeinuak.eus, 2021-06-14).
· ‘Euskara sarera’, sare sozialetako hizkuntza ohiturei buruz kontzientziatzeko (Oarsoaldeko Hitza, 2021-06-14).

Bideoak:
· 2. bideoa: mugikorra euskaraz.

3. bideoa: sare sozialak euskaraz.

4. bideoa: whatsappa euskaraz.

Etiketak:
Aurreko albistea
Hurrengo albistea

Honi buruz komunikazioa

Itzuli gora
Cookie-ak erabiltzen ditugu nabigazio esperientzia hobetzeko eta gure zerbitzuak eskaintzeko. Nabigatzen jarraitzen baduzu, ulertuko dugu horien erabilera onartzen duzula.