Udalerri Euskaldunen Mankomunitateak ohiko Batzar Nagusia egingo du larunbat honetan Amasa-Villabonan, eta batzarkideek udalen eskaera berriek onartzen dituztenean 90 herri izatera helduko da UEMA.
Izan ere, larunbat honetan Amasa-Villabona eta Zizurkil gehituko dira mankomunitatera, bi udalek osoko bilkuretan hartutako erabakiaren ondotik.
Amasa-Villabonarekin eta Zizurkilekin, inoiz baino udal gehiago izango dira UEMAko kide: 90. Guztien artean, 266.000 biztanleko lurgune euskalduna osatzen dute.
Ekitaldia: UEMA: 30 urte, 90 herri… bidea zabaltzen
Batzar Nagusia amaitu ondoren, berriz, UEMAren 30. urteurrena gogoratzeko ekitaldi instituzionala egingo dute Amasa-Villabonako Gurea antzokian, 11:30ean. Bertan izango dira euskalgintzako, erakunde publikoetako eta Euskal Herriko alderdi, sindikatu eta askotariko alorretako ordezkariak ere. Ekitaldian, UEMAren hastapenak eta ibilbidea gogoratzeaz gain, azken urteotako ildoak eta aurrera begirako ildoak ere izango ditu hizpide UEMAko lehendakari Iraitz Lazkanok.
Ekitaldian hitza hartuko dutenen artean, berriz, Miren Dobaran Eusko Jaurlaritzako Hizkuntza Politikarako sailburuordea, Mikel Arregi Nafarroako Gobernuaren Euskarabidea Euskararen Nafar Institutuko zuzendaria eta Paul Bilbao Kontseiluko idazkari nagusia izango dira. Musikariek eta Oinkari dantza taldeko kideek ere hartuko dute parte ekitaldian.
Gai honi buruzko informazio osagarria:
· UEMA 90 udal izatera helduko da larunbatean eta 30 urteko ibilbidea gogoratuko du Amasa-Villabonan (Europa Press, 2021-05-26).
· UEMAko lehendakari Iraitz Lazkanori elkarrizketa, UEMAren 30. urteurrenaren eta larunbateko ekitaldiaren harira (Goiena TB, 2021-05-25).
· ‘Gure hizkuntzak har dezan arnas’ (Tolosaldeko Ataria, 2021-05-28).
· Maier Ugartemendia: «Tolosaldea altxor oso garrantzitsua da Uemarentzat» (Tolosaldeko Ataria, 2021-05-28).
· Antton Iztueta: “Euskararen suaren txinparta” (Tolosaldeko Ataria, 2021-05-28).
· UEMA 90 udal izatera helduko da larunbatean eta 30 urteko ibilbidea gogoratuko du Amasa-Villabonan (El Correo, 2021-05-28).
· Orotara 90 udalerri batuta, Uemak 30. urteurrena ospatu du (Berria, 2021-05-30).
· 30 urte lurgune euskalduna osatzen (Noticias de Gipuzkoa, 2021-05-30).
· 90 udal eta 30 urteko ibilbidea (El Diario Vasco, 2021-05-27).