Arnasa gara kanpainaren baitako zortzigarren eta azken bideoaz solasean aritu ziren atzo arratsaldean Ainhoa Etxebarria (Ondarroa, 1993) irrati esatari, aktore eta aurkezlea eta Nagore Arin kazetaria, zuzenean, Berria egunkariaren Instagram kontuan. Hiru Damatxok ekoitzitako Lehen hitzak dakar bigarrena esketxaren harira, tartean erdaldun bat dagoenean euskaldunek zer-nolako hizkuntza ohiturak dituzten izan zuten hizpide.
Etxeberria ondarroarra da, baina Donostian eta Bilbon ere bizi izan da, eta hizkuntza ohituretan eta erabileran batetik bestera dagoen aldea ere zituen elkarrizketan. Euskarari eusteko ohitura, Ondarroa bezalako arnasguneetan ohikoagoa dela aipatu zuen Etxebarriak, eta Donostian eta Bilbon ahalegin eta jarrera kontzienteagoa beharrezkoa dela horretarako. Azken esketx honetan ez ezik, Arnasa gara kanpainako beste hainbat esketxetan ere parte hartu du Etxebarriak, eta horietan islatutako egoerekin identifikatuta ikusi du bere burua.
Besteak beste, Arnasa gara kanpainak euskararen arnasguneen garrantziaz ohartzeko balio izan diola ere aipatu du. Arnasgune kontzeptua bera kanpainarekin batera ezagutu zuen, baina kontzeptuak biltzen duenaren kontziente zen lehenago ere: “Konturatzen nintzen zenbait udalerri arnasguneak zirela, euskara bizi-bizirik zegoela udalerri horietan, baina ez nuen euskararen arnasguneak terminoa kontzeptu horrekin lotzen. Kanpaina honek lagundu dit arnasguneen nondik norakoa identifikatzen eta lantzen”.
Hemen atzo arratsaldean Berria egunkariaren Instagram kontuan izandako zuzeneko elkarrizketa, bere horretan.
Aste honetako Lehen hitzak dakar bigarrena bideoan, Ainhoa Etxebarriarekin batera, Graxi Arregi, Erika Olaizola eta Iratxe Urkiaga aktoreak dira protagonista. Sagardotegi baten kanpoaldean-edo ageri dira. Euskaraz ari dira hiru lagun, baina laugarrena iristen denean erdararako urratsa ematen dute guztiek. Ohikoa den egoera horixe islatzen du bideoak: euskaldunen artean modu naturalean euskaraz aritu arren, askotan, lagunartera erdaldun bakar bat heltzea nahikoa izaten dela euskaldunon hizkuntza ohiturak aldatzeko. Horrela, erdalduna euskarara erakarri beharrean, euskaldunak hasten dira erdaraz, euskara bigarren mailako hizkuntza bihurtuz eta euskara zubia dela ahaztuz.
Zortzi aste, zortzi bideo eta zortzi elkarrizketa BERRIAren Instagram kontuan
Lehen hitzak dakar bigarrena bideoarekin eta Berria egunkariaren Instagram kontuan Ainhoa Etxebarriari egindako zuzeneko elkarrizketarekin eman zaio amaiera Arnasa gara kanpainaren bigarren fase honi. UEMAk, Eusko Jaurlaritzak eta Nafarroako Gobernuak martxoaren 18an aurkeztu zuten kanpaina, euskararen arnasguneen garrantzia aitortzeko eta nabarmentzeko. Hiru Damatxok egindako zortzi bideo izan dira kanpainaren ardatza. Astero bideo bat zabaldu dute, eta bideo bakoitzean udalerri euskaldunetan ohikoak diren egoerak erakutsi dituzte. Bideoaren inguruan hitz egiteko, berriz, astero gonbidatu bat izan dute Berriaren Instagram kontuan, Nagore Arin kazetariaren galderei erantzunez.
Antton Telleria irrati esatari eta kazetariari egin zioten lehen elkarrizketa –Euskara da gure postalik ederrena–, eta hurrenez hurren honakoak izan ziren hurrengoak: Aitziber Garmendia –Hitanoarekin, busti gehiago–, Sambou Diaby –Ongi etorri euskararen herrira–, Xabier Gutierrez Xsakara musikaria –Nor da Tomas Hidalgo?–, Erika Olaizola –Euskararekin ezin galdu–, Ander Lipus –Mediku bakoitzak bere orrika, Iratxe Urkiaga –Euskararen tximeleta efektua–, eta Ainhoa Etxebarria –Lehen hitzak dakar bigarrena–.
Bideo eta elkarrizketa guztiak hemen daude ikusgai:
· arnasagara.eus > bideoak eta elkarrizketak.
Kanpainaren hurrengo urratsak gaur aurkeztuko dituzte, ETBko ‘Biba zuek!’ saioan
Datorren astetik aurrera, UEMAko kide diren herrietan emango zaio jarraipena kanpainari, bideoetan landutako edukiak sakonago lantzeko aukera eskainiz. Zehazki, bideoen edukia lantzeko tailerra prestatu du UEMAk.
Bi orduko iraupena izango du tailerrak, eta honako helburuak izango ditu: arnasguneek euskararen biziberritzean duten garrantzia azpimarratzea, arnasguneetako herritarrek eguneroko hizkuntza ohiturekin lotutako arazo eta erronketatik abiatuta ahalduntzerako urratsa ematea, herri mailan egon daitezkeen erronkak identifikatzea, eta eragiteko estrategiak pentsatzea.
Saioak bi atal nagusi izango ditu. Lehenengo zatian eduki teorikoa landuko dute UEMAko teknikariek herritarrekin, eta bigarren zatian kanpainaren muina diren bideoak izango dira protagonista. Zortzi bideoetatik bost aukeratuko dira herriaren ezaugarriak eta beharrak kontuan hartuta, eta horiek ikusi ondoren, bideo bakoitzak proposatzen duen gaiaren inguruko hausnarketa dinamikoa bideratuko dute teknikariek.
Kanpainaren orain arteko bideaz eta hemendik aurrera herrietan landuko duten tailerraz hitz egiteko, zehazki, gaur arratsaldean ETBko Biba zuek saioan izango da UEMAko lehendakari Iraitz Lazkano, bideoetan parte hartu duen Graxi Arregi aktorearekin batera.
Gai honi buruzko informazio osagarria:
· Ainhoa Etxebarria: «Erdaretara jotzeko baino, erdaretako zenbait berba erabiltzeko joera dagoela esango nuke» (berria.eus, 2021-05-12).