Hasiera » Zehaztu gabe » TicketBAI softwarea euskaraz jartzeko deia egin du UEMAk, bezeroari fakturak euskaraz egiteko bermea delako

TicketBAI softwarea euskaraz jartzeko deia egin du UEMAk, bezeroari fakturak euskaraz egiteko bermea delako

Arabako, Bizkaiko eta Gipuzkoako foru aldundiek eta Eusko Jaurlaritzak abiarazitako ekimena da TicketBAI. Helburua nagusia zerga iruzurra eragoztea duenez, establezimenduetan egiten diren ordainketak kontrolatuko ditu sistema berriak, eta horretarako software zehatza instalatu beharko dute dendariek, ostalariek eta jarduera ekonomikoren bat egiten duten guztiek, nahitaez. 2021eko urtarriletik aurrera borondatezko aldia abian da, eta datorren urtetik aurrera derrigorrezkoa izango da.

Dendari, ostalari eta saltzaile guztiek aplikazio informatiko bat instalatu beharko dute, ogasunarekin Internet bidez lotua egongo dena, eta, horren bidez, faktura edo tiket bat egiten duten bakoitzean zuzenean iritsiko zaio dagokion lurraldeko ogasunari. Ekimenak zerbitzu sektore ia osoari eragiten dionez, orain ari dira eskualdez eskualde aurkezpen bilerak antolatzen, laster saltzaile guztiek izan beharko dutelako sistema informatiko hori martxan. Hemen informazio gehiago.

149 aplikazio baimendu dituzte aldundiek, eta horietatik 34 soilik jar daitezke euskaraz: %23

Hizkuntzari dagokionez, ordea, badago hutsune bat. Ogasunek hamarnaka aplikazio informatiko homologatu dituzte, TicketBAIrekin uztargarriak direlako, eta horietako edozein jartzea erabaki dezake denda, taberna, jatetxe edo zerbitzu sektoreko edozein establezimenduk. Oraingoz 149 aplikazio daude baimenduta, eta horietatik 34 (%23) soilik jar daitezke euskaraz. Softwarea garatzen eta instalatzen duten informatika zerbitzuetatik, ordea, argi diote: euskaraz konfiguratu ezin diren aplikazio gehienek ezin dute fakturarik euskaraz egin (hemen zerrenda).

UEMAren eta udalen gutunak zerbitzu sektoreko establezimenduei, egoeraren berri emanez eta eskaera zehatza eginez

Hizkuntzaren kudeaketaren ikuspegitik, beraz, hutsune nabarmenak ditu ekimenak, behin softwarea erdaraz instalatuz gero ez baitago aukerarik tiketak eta fakturak euskaraz egiteko eta euskaldunen hizkuntza eskubideak bermatzeko.

Egoeraz ohartuta, UEMAk beharrezkoa ikusi du udalen bidez mezua merkatariengana, ostalariengana eta saltokietara helaraztea. Izan ere, udalerri euskaldunetako saltokiak ari dira batean eta bestean aplikazioak jartzen. UEMAko lehendakari Iraitz Lazkanoren hitzetan, “beharrezkoa ikusi dugu udalen bidez saltokietara iristea, euskarazko aplikazioak jar ditzatela eskatzeko, gero herritarri ere ticketak eta fakturak euskaraz egin ahal izateko. Horretarako gutuna prestatu dugu, eta UEMAko kide diren udal guztietako denda, taberna, jatetxe eta saltoki guztietara iristea da asmoa, egoeraren berri izan dezaten eta herritarrekin euskaraz aritzea bermatzen duen zerbitzuaren alde egin dezaten”.

Lazkanok jakinarazi duenez, gainera, “zenbait herritatik oso kezkatuta agertu zaizkigu kontu honekin, batez ere euskarazko softwarea garestiagoa eta konplikatuagoa dela esaten ari zaizkielako eta, ondorioz, merkatari asko gaztelerazko softwarea ari direlako instalatzen, horrek euskarazko tiketak eta fakturak ezin egin ahal izatea dakarren arren. Larria da 2021ean oraindik horrela ibili beharra”.

TicketBAIk jarduera ekonomikoren bat duten guztiei eragingo die: dendei eta tabernei batetik, baina bestetik baita igeltseroei, iturginei eta edozein zerbitzu ematen dutenei ere. Fakturak egiten dituzten guztiei, azken batean. Hala ere, ikusita gaiak zer-nolako eragina duen, UEMAk erabaki du hasiera batean establezimenduetan zentratzea, eta haiei behintzat bidaltzea gutuna. Dena dela, udalen laguntzari esker jarduera ekonomikoa duten guztiengana iristeko aukera dagoen herrietan, ahal bada, guztiengana iristea da asmoa.

Horretarako, hiru gutun eredu prestatu ditu UEMAk, eta horiek ari da zabaltzen, udalekin elkarlanean. Batetik, establezimenduentzat. Bestetik, merkatari elkarteentzat, horiek ere gaiaren berri izan dezaten eta elkartekideei zuzenean eska diezaioten euskaldunen eskubideak bermatzeko. Azkenik, baita udal elkarteentzat eta garapen agentzientzat ere, eskualde askotan horien bidez ari baitira TicketBAIren inguruko informazio saioak antolatzen.

· Merkatari, ostalari eta gainerako establezimenduentzako gutun eredua.
· Merkatari elkarteentzako gutun eredua.

Gai honi buruzko informazio osagarria:
· Ondarroako Udalak eta UEMAk TicketBAIren inguruko aplikazioak euskaraz ipintzera animatu ditu herriko merkatari, ostalari eta zerbitzuak (udalbarriak.eus, 2021-04-24).
· TicketBAI programa euskaraz jartzeko eskatu du Uemak, hizkuntza eskubideak bermatzeko (berria.eus, 2021-04-24).
· Dendetarako Ticketbai aplikazinoa euskeraz ipinteko eskatu dau UEMAk (bizkaie.biz, 2021-04-24).
· TicketBAI softwarea euskaraz ipintzeko eskatu du UEMAk (Lea-Artibai eta Mutriko Hitza, 2021-04-28).
· Merkataritzako errotuluak euskaraz jartzeko dirulaguntzak eta TicketBAI sistema euskaraz (zumaia.eus, 2021-06-22).

Etiketak:
Aurreko albistea
Hurrengo albistea

Honi buruz komunikazioa

Itzuli gora
Cookie-ak erabiltzen ditugu nabigazio esperientzia hobetzeko eta gure zerbitzuak eskaintzeko. Nabigatzen jarraitzen baduzu, ulertuko dugu horien erabilera onartzen duzula.