Hasiera » Zehaztu gabe » UEMA: “Nafarroako administrazioak hizkuntz eskubideak urratzen dituela esatea ez da iritzi bat, errealitate objektiboa baizik”

UEMA: “Nafarroako administrazioak hizkuntz eskubideak urratzen dituela esatea ez da iritzi bat, errealitate objektiboa baizik”

Jose Iribas Hezkuntza kontseilaria eta Javier Morras Lehendakaritza, Justizia eta Barne kontseilariak Nafarroako Parlamentuko batzorde banatan egindako agerraldien gaineko iritzia eman du UEMAk. Udalerri euskaldunetako osasun etxe eta liburutegietan herritarren hizkuntza eskubideak zanpatzen direla eta, UEMAK Nafarroako Parlamentura eraman zuen gaia, azaroaren 19an. Orduan hasitako bideari jarraituz, eta Aralar-NaBai eta Bildu talde parlamentarioek ala eskatuta egin dira orain aipatu agerraldiak.

Agerraldiok baloratzen hasi aurretik bi kontu bederen argi utzi nahi genituzke. Esatera goazen hau ez baita iritzi bat, errealitate objektiboa baizik:

1-      18/1986 Euskararen Lege Forala, 10.1. artikulua:  Herritar guztiek dute administrazio publikoarekiko harremanetan euskara zein gaztelania erabiltzeko eskubidea, eta beraz, eurek aukeratzen duten hizkuntzan atendituak izateko eskubidea. Hori horrela, beharrezkoak diren neurriak hartuko dira eta beharrezkoak diren baliabideak jarriko dira, progresiboki eskubide hori bermatua izan dadin.

2-      UEMAren txostenak, Nafarroako Arartekoak 2010ean argitaratutako dokumentuak, Europako adituen batzordeak esandakoek eta herritarren kexak erakusten duten moduan, oro har, Nafarroako Gobernuak ez du euskarazko zerbitzurik bermatzen “zonalde euskalduneko” administrazio publikoan, ez eta udalerri euskaldunetako liburutegi eta osasun etxeetan ere.

Errealitate objektibo hori onartu gabe, euskarazko zerbitzuak bermatzeko planik ez dute aurkeztu  Jose Iribas Hezkuntza kontseilariak eta Javier Morras Lehendakaritza Jusitizia eta Barne kontseilariak Nafarroako Parlamentuan egindako agerraldiotan. Ez dago adminsitrazioa euskalduntzeko planik, ezta borondaterik ere, eta hori bereziki kezkagarria da UEMAren ustez.

Euskararen legea betetzen dutela diote biek, baina errealitateak erakusten du udalerri euskaldunetako herritarren hizkuntza eskubideak etengabe urratzen direla administrazioaren aldetik. Legeak hizkuntza aukeratzeko eskubidea aitortzen die zonalde euskalduneko herritarrei, eta behin eskubidea onartuta, administrazioaren obligazioa da eskubide hori bermatzea. Hala ere, euskara ezin dela inposatu esanez, administrazioaren euskalduntzea langile publikoen borondatearen neurrira egokitu beharreko zerbait bailitzan aurkeztu dute.

Administrazioko langile publikoak euskara ikas dezaten zerbitzu batzuk eskaintzen ditu Nafarroako Gobernuak, lanpostu batzuetan euskara meritu gisara baloratzen da, baina hortik harago ez dago ezer. Euskararen Legea onartu eta ia hogeita hamar urte bete diren honetan, Nafarroako gobernuak euskarazko zerbitzuak bermatzeko planik gabe jarraitzen du.

Eta administrazioa euskalduntzeko planik ezean, datuen saltsan murgildu dira bi kontseilariak. Baina mahai gainean jarritako zenbait datu, Iribas Hezkuntza kontseilariak UEMAri buruz emandakoak kasu, ez dira zuzenak.  Bere esanetan, Nafarroako 63 udal sartu litezke UEMAn eta hori ez da egia. Udalerri Euskaldunen Mankomunitateko kide izateko baldintzetako bat da, bertako biztanleen %70 baino gehiagok euskaraz jakitea. Eta Nafarroan errealitate soziolinguistiko hori betetzen duten 33 udalerri daude, udalerri horietan 35.000 herritar inguru bizi dira. Horietatik 14 udalerri dira UEMAko kide, ia 27.000 biztanle guztira.

Tipologia soziolinguistiko horretako udalerri nafarrek oso hizkuntza politika bereziak behar dituzte, eta UEMA behar horiei erantzuten saiatzen da. Izan ere, gaur egun beste administrazio batzuetatik ez dira udalerri horietako herritarren hizkuntza eskubideak bermatzen, eta ez dira, ezta ere, udal horiek eta herritar horiek dituzten behar linguistikoak asebetetzen.

UEMAren ustez, euskararen normalizazioaren bidea elkarlanean egitea litzateke egokiena, eta horretarako borondatea egiteko agertu nahi du. Izan ere,  instituzioen arteko elkarlana,  alderdi politikoen borondatea, eta eragile sozial nahiz herritarren ekarpenak ezinbestekoak baitira helburu hori lortu nahi bada.  

Etiketak:
Aurreko albistea
Hurrengo albistea

Honi buruz komunikazioa

Itzuli gora
Cookie-ak erabiltzen ditugu nabigazio esperientzia hobetzeko eta gure zerbitzuak eskaintzeko. Nabigatzen jarraitzen baduzu, ulertuko dugu horien erabilera onartzen duzula.