Hasiera » Zehaztu gabe » Herritarren hizkuntza eskubideak “bere osotasunean” errespetatu gabe ere, Euskararen Legea betetzen dutela esan du Javier Morras Nafarroako Gobernuko kontseilariak

Herritarren hizkuntza eskubideak “bere osotasunean” errespetatu gabe ere, Euskararen Legea betetzen dutela esan du Javier Morras Nafarroako Gobernuko kontseilariak

Javier Morras kontseilariak Lehendakaritza, Justizia eta Barne Saileko batzordean egindako agerraldian osasun arloko eta liburutegietako lanpostuei ezartzen zaizkien hizkuntza eskakizunen gaineko datuak eman ditu. Morrasen arabera, osasun arloko lanpostuen %35ek dute hizkuntza eskakizuna. Eta liburutegietako lanpostuei dagokienez, euskara meritu gisa baloratzen da.

Nafarroako Gobernuak “euskararen legea errespetatu eta bete” egiten duela azpimarratu nahi izan du Morrasek. Legeak herritarrei administrazioarekin euskaraz aritzeko aitortzen dien eskubidea “bere osotasunean” betetzeko, “zonalde euskalduneko lanpostu publikoen %100ek hizkuntza eskakizuna” beharko lukeela esatearekin batera, hori “ezinezkotzat” jo zuen. 

Hizkuntz eskubideak

Nekane Perezek (Aralar-Nafarroa Bai) eta Bakartxo Ruizek (Bildu) argi utzi nahi izan zuten liburutegietan eta osasun etxeetan ez dela bermatzen euskarazko zerbitzurik. Eta “zonalde euskalduneko” herritarrak gaztelaniaz aritzera behartuak diren heinean, legeak euskaraz aritzeko aitortzen dien eskubidea urratzen dela.

Hainbat herritako osasun etxeetako egoerekin batera, Perezek emakumeen arretarako zentroetako egoera nabarmendu nahi izan zuen. Izan ere, eremu horretako lanpostu bakar batek ere ez du hizkuntza eskakizunik, eta horrek bertara doazen emakumeak erdaraz aritzera behartzen ditu.

Bereziki larritzat jo zuen Ruizek udalerri euskaldunetako liburutegien egoera. Nafarroako Gobernuko Liburutegien Sarean dauden 10 lanpostuetatik bakar batek ere ez du hizkuntza eskakizunik. Kulturari eta hezkuntzari loturiko eremu izaki, eta erabiltzaileen profila hein handi batean gazteena izanda, oso  larritzat jo zuen Ruizek eremu horretan ere euskarazko zerbitzurik ez bermatzea.

 

 

Etiketak:
Aurreko albistea
Hurrengo albistea

Honi buruz komunikazioa

Itzuli gora
Cookie-ak erabiltzen ditugu nabigazio esperientzia hobetzeko eta gure zerbitzuak eskaintzeko. Nabigatzen jarraitzen baduzu, ulertuko dugu horien erabilera onartzen duzula.