Hasiera » Zehaztu gabe » Goi mailako Bikain ziurtagiria eskuratu dute Bergarako eta Markina-Xemeingo udalek

Goi mailako Bikain ziurtagiria eskuratu dute Bergarako eta Markina-Xemeingo udalek

Eusko Jaurlaritzak herenegun banatu zituen euskararen kalitate ziurtagiriak, Bilboko Euskalduna jauregian egindako ekitaldian. 17 erakundek jaso dute aurten ziurtagiria, eta horietatik bi udalak dira. Biak, zehazki, UEMAko kideak: Bergarako Udala eta Markina-Xemeingo Udala.

Gorka Artola, Bergarako alkatea, Bikain ziurtagiriarekin, Miren Dobaran Hizkuntza Politikako sailburuordearekin eta Bingen Zupiria Kultura eta Hizkuntza Politikako sailburuarekin batera.

Iturria: Bergarako Udala / Irekia-Eusko Jaurlaritza.

Bikain ziurtagiria Eusko Jaurlaritzak ematen duen ziurtagiri ofiziala da. Publikoa eta doakoa da, eta esparru sozioekonomikoan zein publikoan euskararen presentziaren eta erabileraren normalizazio-maila egiaztatzen eta aitortzen du. 2008tik gaur egun arte 410 erakundek jaso dute ziurtagiria, eta guztira 75.000 langile inguru dituzte erakunde publiko zein enpresa horiek.

Aurten guztira 17 erakundek jaso dute Bikain euskararen kalitate ziurtagiria. Horietatik hamaika erakunde pribatuak dira eta sei publikoak. Tartean daude udalak, osasun arloko erakundeak, kirol arlokoak, kultur elkarteak eta merkataritza alorrekoak. Honakoak dira aurten Bikain ziurtagiria jaso duten erakundeak: 

  • Goi mailako Bikain:
    • Bitoriano Gandiaga Fundazioa
    • Artxara
    • Eusko Ikaskuntza-Sociedad de Estudios Vascos
    • Isladak Aholkularitza Kooperatiba Elkarte Txikia
    • Bergarako Udala
    • Emakunde
    • Markina-Xemeingo Udala
    • Berbaro
    • Mondragon Korporazio Kooperatiba 
  • Erdi mailako Bikain:
    • Armeria Eskola LHII
    • Errota Arratiako Garapen Sozioekonomikorako Fundazioa
    • Basque Team
    • Osatek S.A (Zumarraga).
  • Oinarrizko Bikain:
    • UPV/EHU (Kimika Fakultatea)
    • EUDEL-Euskadiko Udalen Elkartea
    • Tabira Berezi S.L
    • Ortuellako Udala 

Ziurtagiria jaso dute duten bi udalak, Bergarakoa eta Markina-Xemeingoa, UEMAko kideak dira, eta biek goi mailako Bikain ziurtagiria jaso dute. Iaz, bost udalek jaso zuten ziurtagiria, eta bostak ziren UEMAko kideak: Aizarnazabal, Aduna, Dima, Mutriku eta Segura. Duela bi urte ere, UEMAko beste 9 udalek jaso zuten ziurtagiria: Ajangiz, Anoeta, Aulesti, Ikaztegieta, Itsasondo, Irura, Tolosa, Otxandio eta Zestoako udalek.

Ziurtagiria eskuratu ahal izateko, erakundeak ebaluazioa egin eta gainditu behar izaten du. Ebaluazioak egiten Bikain Ebaluatzaileen Klubeko ehun lagunetik gora aritu izan dira (2-4 ebaluazio-talde bakoitzeko), “bakoitzak duen onena erakundearen esku utziz, euskararen kudeaketa, presentzia eta erabileran hobetzen laguntzeko”. Guztira, Bikain ebaluazio klubean 750 pertsona daude, sektore eta lan alor askotarikoak. UEMAko kide diren eta ziurtagiria jaso zuten bi udalek, zehazki, prozesu horretan eta egin beharreko lanetan UEMAren laguntza izan dute aurten ere.

UEMAko gainerako udalei dagokienez, horietako askok betetzen dituzte Bikain ziurtagiria lortzeko zehazten diren baldintzak, baina horiek denak batera ebaluatzeko eta bideratzeko zailtasunengatik, urtero batzuk soilik hautatzen dira ziurtagiria jasotzeko, beti ere udalerri euskaldunetako udalen aitzindaritza erakusteko asmoz.

Udalez gain, Azpeitiko Elikagunea kudeatzen duen Artxara kooperatibak ere jaso du goi mailako ziurtagiria.

Gai honi buruzko informazio osagarria:
· [Bideoa] Goi-mailako Bikain ziurtagiria eskuratu du Bergarako Udalak.
· Goi-mailako Bikain ziurtagiria eskuratu du Bergarako Udalak (bergara.eus, 2012-12-16).
· 17 erakundek jaso dute aurten Bikain euskararen kalitate ziurtagiria Euskalduna Jauregian egin den ekitaldian (irekia.eus, 2020-12-15).
· Urrezko Bikain ziurtagiria jaso du Azpeitiko Artxarak (Urola Kostako Hitza, 2020-12-16).

Etiketak:
Aurreko albistea
Hurrengo albistea

Honi buruz komunikazioa

Itzuli gora
Cookie-ak erabiltzen ditugu nabigazio esperientzia hobetzeko eta gure zerbitzuak eskaintzeko. Nabigatzen jarraitzen baduzu, ulertuko dugu horien erabilera onartzen duzula.