Migrazio erdalduna herri euskaldunetan: euskararen inguruko bizipenak eta iritziak ikerlana aurkeztu dute gaur UEMAk eta ikerlanaren egileek, hedabideen aurrean egindako agerraldian. Bertan izan dira Enara Eizagirre eta Edurne Urrestarazu, ikerlanaren egileetako bi, Udalerri Euskaldunen Mankomunitateko lehendakari Iraitz Lazkanorekin batera. Egileek nabarmendu dutenez, “errealitate anitza da erdaldunak hitzaren atzean dagoena”. Euskararekiko duten harremana, berriz, aldakorra eta dinamikoa da, hainbat aldagarien arabera. Aldagai horiek aztertu dituzte, besteak beste.
Udalerri euskaldunen garapena aztertzeko, ikerketa sustatzeko eta euskal soziolinguistikaren inguruko ezagutza areagotzeko Iñaki Arregi beka sortu zuen iaz UEMAk, Eusko Jaurlaritzaren Hizkuntza Politikarako sailburuordetzaren babesarekin, eta Gipuzkoako Foru Aldundiarekin, Kontseiluarekin eta UEUrekin elkarlanean.
Lehen deialdian, bi lan saritu zituen epaimahaiak. Batetik, Enara Eizagirre, Edurne Urrestarazu eta Ekhi Zubiriak osatutako ikerketa-taldearena: ‘Migrazio erdalduna herri euskaldunetan: euskararen inguruko bizipenak eta iritziak’. Bestetik, Joseba Garmendia ekonomialariaren eta EHUko irakaslearen lana, tokiko garapen estrategien ingurukoa. Urtarrilean gai horren inguruan Lurraldea eta Hizkuntza jardunaldia antolatuko dute UEMAk eta beste hainbat erakundek, eta jardunaldi horietan aurkeztuko dute Garmendiaren lana.
Gaur aurkeztu duten ‘Migrazio erdalduna herri euskaldunetan’ lanean, udalerri euskaldunetara 2005az geroztik iritsi diren eta jatorriz Euskal Herritik kanpokoak diren herritar erdaldunek euskararekiko eta bizi diren herriarekiko zer-nolako harremana, bizipenak eta iritziak dituzten jaso dute ikerlariek, beti ere euskararekiko dituzten beharrak, mugak eta aukerak identifikatuz.
Etorri berriek euskararekiko duten jarrera ulertzeko hainbat faktore atzeman dituzte egileek: bereziki harreman sare trinkoak, haurrak, lanarekiko espektatibak eta herrian gelditzeko asmoa. Aldagai horiek aldatu ahala, mugimenduak sumatzen dira hizkuntzarekiko jarreretan eta praktiketan. Etorri berriek euskararekiko duten harremana, beraz, oso dinamikoa eta aldakorra da faktore horien eraginpean dagoenean, bai euskarara gerturatzeko eta baita euskaratik urruntzeko ere.
Egin duten lanaren ikerketa-gaia, zehazki, honakoa izan da: udalerri euskaldunetara 2005az geroztik iritsi diren eta jatorriz Euskal Herritik kanpokoak diren herritar erdaldunek zer-nolako harremana, bizipenak eta iritziak dituzten euskararekiko eta bizi diren herriarekiko.
Horretarako, euskararen erabilera altua duten eta azken urteetan etorkin kopuru esanguratsua jaso duten 13 herritan egin dute ikerketa: Azpeitia, Baztan, Berastegi, Dima, Etxarri-Aranatz, Igantzi, Ikaztegieta, Lekeitio, Mutriku, Muxika, Ondarroa, Oñati eta Orion. Udalerri euskaldunak dira guztiak, eta horietako gehienak baita arnasguneak ere.
Metodologiari dagokionez, ikerketa kualitatiboa egin dute Eizagirrek, Urrestarazuk eta Zubiriak, eta erdaldunekin izandako elkarrizketak dira ikerlanaren ardatza. Guztira, 23 elkarrizketa egin dituzte. Batetik, udalerri euskaldunetan bizi diren jatorri ezberdineko 19 herritar erdaldunekin aritu dira solasean. Guztiek euskararen inguruan dituzten bizipenak eta iritziak biltzeko, herrietara nola iritsi diren aztertu dute, eta baita zer-nolako gizarte-bizitza duten ere, harreman sareak, egunerokotasuna, bakoitzaren ibilbide linguistikoa eta etorkizuneko planak ezagutzeko. Bestetik, euskararen eta soziolinguistikaren inguruko lau aditu ere elkarrizketatu dituzte.
Ikerketa dagokion testuinguruan kokatzeko, hasieran, migrazio mugimenduen, udalerri euskaldunen eta arnasguneen inguruko marko teorikoa ere landu dute. UEMAko lehendakari Iraitz Lazkanok nabarmendu duenez, “ikerlanaz gain, sarrera modura egundoko ekarpen teorikoa egin eta laburtu dute, migrazio mugimenduei, udalerri euskaldunei eta arnasguneei buruz. Zorroztasun akademikoz egindako lana da, baina era berean baita publiko orokorrari zabaltzeko moduan aurkeztutako eta idatzitako dibulgazio lana ere”.
Elkarrizketatu dituzten 19 etorri berrietatik 12 emakumeak dira, eta 7 gizonak. Jatorri zehatzak honakoak dira: Argentina, Dominikar Errepublika, Espainia, Maroko, Nikaragua, Pakistan, Paraguai, Sardinia, Senegal eta Txina.
Horiekin izandako elkarrizketen ondorioak laburtzea erraza ez den arren, nagusienak behintzat nabarmendu ditu Enara Eizagirrek. Bere hitzetan, “errealitate anitza da erdaldunak hitzaren atzean dagoena, baita euskararen ezagutzari dagokionez ere. Bestetik, hizkuntzaren gaitasuna dinamikoa da, eta hor ere aniztasun handia dago. Batzuk, esaterako, euskara ikasten ari dira”. Nabarmendu duten beste ondorioetako bat, jatorrizko hizkuntzak baino gehiago beste aldagai batzuek dutela eragina euskararekiko harremanean. Aldagai horiek aipatzen hasita, herrian sortzen dituzten harreman sareak, haurrak, lanarekiko espektatibak eta etorkizunean herrian gelditzeko edota herritik alde egiteko asmoa zehaztu dituzte. Aldagai horiek aldatu ahala, mugimenduak sumatzen dira hizkuntzarekiko jarreretan eta praktiketan. “Etorri berriek euskararekiko duten harremana, beraz, oso dinamikoa eta aldakorra da faktore horien eraginpean dagoenean, bai euskarara gerturatzeko eta baita euskaratik urruntzeko ere”.
· Bideoa: Enara Eizagirre eta Edurne Urrestarazu, egindako lanari buruz solasean.
· Ikerlana (Iñaki Arregi ikerketa beka, 2019):
· Migrazio erdalduna herri euskaldunetan: euskararen inguruko bizipenak eta iritziak (PDFa).