Azaroan hartu zuen Markina-Xemeingo Udalak UEMAn sartzeko erabakia. UEMAko Batzar Nagusiak onespena eman ostean, UEMAn sartuko den 72. udalerria izango da Markina-Xemein; horrela, Lea-Artibaiko eta Busturialdeko hamabi herri eta Mutriku daude gaur egun mankomunitatean bat eginda. UEMAn sartzeko erabakiaren ondotik, Lea-artibai eta Mutrikuko Hitzak elkarrizketa egin dio Irma Etxeberria Markina-Xemeingo Euskara zinegotziari, 2013ko euskara eguneko gehigarrian.
Jarraian Etxeberriari egindako elkarrizketa osorik:
Markina-Xemeingo Udalak UEMAn sartzea onartu du. Zer dela-eta hartu duzue erabakia?
Euskararen plan estrategikoa garatzeko bi lan saio egin ditugu aurten Markina-Xemeinen. Horietako batean, Markina-Xemeingo udal ordezkariok herritarrengandik jaso genuen UEMAn sartzeko proposamena. Handik aurrera, informazioa zabaltzeko saioak egin ditugu, UEMAren helburuak, asmoak eta egitekoak zeintzuk izango liratekeen azaltzeko. Bestetik, txostena bera osatzeko lanketan ez da kontrako iritzirik azaldu, eta UEMAn sartzeko prozesuak aurrera egin du, azken osoko bilkuran onartu zen arte.
Lehendik bazegoen Euskara Zerbitzua Markina-Xemeinen.
Bai, baina UEMA ez da Euskara Zerbitzu bat, etorkizuneko Euskal Herri euskaldun baten alde lanean ari den erakunde publiko bat baizik. Horretarako batu gara UEMAra. Euskara Zerbitzuak egoten jarraituko du, baina Mankomunitatean sartzea hori baino gehiago da.
Herri txiki zein handietan eragin bera al dauka UEMAn egoteak?
Herri handietan edo txikietan helburua bera da, eta egoera soziolinguistiko antzekoa izateak eta gerora ere herri euskaldun izaten jarraitu nahi izateak batzen gaitu. Eta horretarako bideratu behar diren hizkuntza politika ausart eta aurrerakoiak guztion artean bakarrik baino egokiago egiteko aukera da UEMAk eskaintzen diguna.
Sare batean beharra egiteak abantailak emango ditu, ezta?
Indarra ematen du 72 herriz osatutako sarea izateak. Sarri udal bakarrak ez du behar bezain besteko indarra erakunde publikoetan eta enpresa pribatuetan hizkuntzari lotutako aldaketak eragiteko, baina UEMA udal guztiok elkartuta beharrean ari den erakundea da. Horrela, pisu handia hartzen du, eta aurrerapauso handiak lor ditzake.
Zein onura ekarriko dizkio UEMAk Markina-Xemeini?
Administrazio publikoetatik bultzatzen diren hizkuntza politika elebidunek ez diote erantzuten gure herrietako errealitate soziolinguistikoari. Horregatik, hizkuntza politika aurrerakoiak proposatzen ditu UEMAk, eta hizkuntza arloko zalantzak, kezkak eta arazoak argitzeko aholkularitza juridikoko zerbitzua eskaintzen du. Horrez gain, tresnak eta baliabideak ematen dizkigu, bai udal ordezkariei, eta baita udal-langileei ere, euskaraz lan egin ahal izateko. Besteak beste, euskarazko administrazio-idatzien datu base bat osatua dauka bere webgunean (ordenantzak, baldintzapleguak, kontratuak…), eta etengabe eguneratzen ari da. Bestalde, harremanak lantzen dabil erakunde publikoekin, gune euskaldunen sustapenerako eta beraien izaeraren babeserako diskriminazio positiboko neurriak adosteko. Udalen sarea ez ezik, gure herrietako euskalgintzako talde, eragile eta norbanakoen sarea ere osatuta dauka, eta, haiekin elkarlanean, kanpainak egiten ditu herritarrak gune euskaldunen garrantziaz kontzientziatzeko.
Askotan entzuten da euskarazko funtzionamenduak euskara ez dakitenen hizkuntza eskubideak ez dituela bermatzen.
Markina-Xemeingo herritarren gehiengoa euskalduna den arren, jakin badakigu badirela euskara ez dakitenak ere. Ahoz zein idatziz udalak euskaraz funtzionatzen du, baina herritar horiek bermatuta daukate informazioa gazteleraz jasotzeko eskubidea: ahozko azalpenen bidez, elebitan idatzitako paperen bidez…
Zein onura emango dizkie herritarrei?
UEMAk hainbat zerbitzu eskaintzen dizkie herritarrei, besteak beste, transmisio kanpaina, merkataritza kanpaina, etorri berrien harrerarako kanpainak… Horrez gain, hitzarmenak sinatuta dauzka zenbait finantza erakunderekin, ahozko zein idatzizko zerbitzua euskaraz jaso nahi duten herritarrek aukera hori eduki dezaten. Gure herriari dagokionez, eremu formaletan nahiko bermatuta dago euskara erabiltzeko eskubidea. Eremu informalei dagokienez, berriz, agerian geratu da atzerapausoak nabari direla, gurasoen arteko euskararen erabileran, adibidez. Arazo horri konponbidea aurkitu nahian, UEMAk Gipuzkoako Foru Aldundiak abian jarritako lanketa batean parte hartu du. Bi herri pilotutan diagnostikoak egingo dituzte (bi horietako bat UEMAkoa da), eta hortik ateratako ondorioak oinarri hartuta, irtenbideak landuko dituzte. Gainera, herritarren hizkuntza eskubideak babesteari begira, UEMAk hitzarmena sinatuta dauka Behatokiarekin, eta UEMAko herritarren kexak berak bideratzen ditu Behatokira. Ildo horretatik, kanpaina iraunkorrak ditu abian, herritarrek bizitza sozial zein pribatuan euskara erabili ahal izateko, arazorik gabe. Abian den kanpaina horietako bat da osasungintzari lotutakoa. UEMA elkarlanean dabil euskalgintzako beste eragile batzuekin, herritarrek aukera izan dezaten Osakidetzan eta Osasunbidean euskaraz artatuak izateko, ahoz zein idatziz.