Bildu eta Aralar alderdietako ordezkarien aldeko botoekin hartu du Markina-Xemeingo udalak UEMAn sartzeko erabakia. Orain, UEMAko Batzar Nagusiak eman beharko dio onespena Markina-Xemeingo Udalaren erabakiari eta, orduan, Mankomunitateak biltzen duen 72. udalerria izango da Markina-Xemein.
Euskararen plan estrategikoa garatzeko egindako bi lan saio irekietako batean jaso zuten herritarrengandik UEMAn sartzeko proposamena Markina-Xemeingo udal ordezkariek. Geroztik, hainbat saio egin dira UEMAk dituen helburu, asmo eta egitekoen inguruko informazioa zabaltzeko. Ordezkari politikoekin, udal teknikariekin eta herritarrekin egindako lan saioetan UEMAko ordezkariek ere partu hartu dute gonbidatu gisara. Txostena osatzeko lanketan ez da kontrakotasunik agertu eta UEMAn sartzeko prozesuak aurrera jarraitu du Udalbatzaren onarpenera iritsi arte.
Markina-Xemein Udalerri euskalduna
Markina Xemein Bizkaiko Lea-Artibai eskualdean dago. Hizkuntzari dagokionez, eskualde erabat euskalduna da Lea-Artibai. 1996ko datuek adierazten dutenez, urte horretan biztanleen % 88 euskalduna zen. Batez beste, urte hartako erroldak biltzen zituen 26.421 biztanleetatik 22.895ek euskalduntzat zuten euren burua, 2.136k ia euskalduntzat eta 1.210ek erdalduntzat.
Markina Xemeinek 5.024 biztanle ditu, eta herritarren %75ek baino gehiagok daki euskaraz. Markina Xemeinen euskara nagusi da, eta horrek euskararen arnasgune bihurtzen du herria. Aurrerantzean, arnasgune horiek zaindu eta hedatzeko, UEMAko beste udalerriekin elkarlanean ariko da.