Hasiera » Zehaztu gabe » “Kanpoko jendeak Ondarroa den bezalakoa ikustea nahi dugu: euskalduna, kaletarra, bizia”

“Kanpoko jendeak Ondarroa den bezalakoa ikustea nahi dugu: euskalduna, kaletarra, bizia”

Arantza Atxurra Aranguren, Ondarroako euskara zinegotzia.

Arantza Atxurra Aranguren (Ondarroa, 1983) Euskara batzordeburua da Ondarroan. UEMArekin eta beste 60 udalekin batera abiarazi duten Bertatik Bertara kanpainaren harira, herriko hizkuntza, merkataritza eta bizitza nabarmendu ditu, eta bisitariei horietan murgiltzeko eta gozatzeko gonbidapena egin die.

Zergatik hartu du parte Ondarroak Bertatik Bertara kanpainan?

Alde batetik, gure herriko ekonomia sustatzeko eta, jasaten ari garen krisiaren ondorioz, ostalaritzak jaso duen kolpeari aurre egiteko modu bat delako. Bestalde, eta momentuko egoeratik haratago, turismoa bultzatzeak, potentziala duen sektore sozioekonomikoa izanik, hainbat onura ekarriko lizkioke herriari, horretan ez dago zalantzarik; baina sustatu nahi dugun turismo ereduaz hausnartu dugu, eta turismo jasangarria da guk nahi duguna, gurea zainduz, gure herria eta herritarrak. Horregatik, kanpoko jendeak Ondarroa den bezalakoa ikustea nahi dugu, euskalduna, kaletarra, bizia… eta giro horretan murgildu eta gozatzera gonbidatu nahi ditugu.

Ondarroan, zehazki, ‘Ondarroako bonoak’ kanpaina abiarazi duzue.
Bi kanpainak bateragarriak dira, tokian tokiko merkataritza eta ekonomia aldarrikatzen duten heinean, ezta?

Bai, mota honetako kanpaina bat baino gehiago egin ditugu azken urteotan. Lehen aipatu dugun kale bizia irudikatzea ezinezkoa da denda txikirik gabe, eta, horregatik, merkatariei bultzada emateko mota honetako kanpainak oso eraginkorrak dira: udalak laguntza txiki bat emanda jendeak herriko dendetan kontsumitzea lortzen da. 

Bertatik Bertara kanpaina eta Bonodendena, noski, bateragarriak dira.
30 euroko bonoak dira, eta 20 eurotan saltzen dira, hau da, 20 euroren truke 30 eurotan gastatu ditzakezu kanpainarai atxikituta dauden herriko dendetan. Kutxabank kutxazainetan erosi daitezke edota interneten bidez baita ere. Hori bai, lehenengo kanpaina hau ekainaren 30ean bukatzen da, eta irailean beste berri bat abiatuko dugu, eta dendekin batera ostalaritzako sektoreari zuzendutako bonoak ere aterako ditugu.

Ondarroara datorren bisitariak zer aurkituko du batez ere herrian?
Ondarroak ingurune natural zoragarria dauka: hondartza, itsasoa, ibaia eta mendiak. Beraz, naturaz gozatzeko aukera ugari ematen ditu, uretako kirolak eginaz, bizikletaz edota ibilaldiak eginaz. Bestalde, gure herria nortasun handikoa da, aski ezaguna Euskal Herri osoan: gure euskalkia eta gure hizkuntza bizitzeko era, kaleko giroa, oso kaletarrak baikara, tabernak eta terrazak… Ziur gaude etorriko direnek egonaldi paregabeaz gozatzeko aukera izango dutela.

Etiketak:
Aurreko albistea
Hurrengo albistea

Honi buruz komunikazioa

Itzuli gora
Cookie-ak erabiltzen ditugu nabigazio esperientzia hobetzeko eta gure zerbitzuak eskaintzeko. Nabigatzen jarraitzen baduzu, ulertuko dugu horien erabilera onartzen duzula.