Hasiera » Zehaztu gabe » “Gure ondare kulturala eta naturala aldarrikatzeko eta bultzatzeko kanpaina ere bada Bertatik Bertara”

“Gure ondare kulturala eta naturala aldarrikatzeko eta bultzatzeko kanpaina ere bada Bertatik Bertara”

Argazkia: aikor.eus

Igor Elordui Etxebarria (Getxo, 1973) euskara irakaslea eta kazetaria
da, eta gaur egun zinegotzia Larrabetzun. Gogotsu ekin diote Bertatik Bertara kanpaina eta Larrabetzun abian duten Herri bizia, herri osasuntsua kanpaina uztartzeari, herriari bizirik eta osasuntsu eusteko ezinbestekoak direlakoan.

Zergatik hartu du parte Larrabetzuk Bertatik Bertara kanpainan?

Bada, hasteko, euskararen erabilera sustatzeko kanpaina bat delako. Baina horrez gain, euskara ardatz hartuta gure herriko dendak, gure herriko tabernak, gure herriko jendea, gure herriko ondare kulturala, gure herriko ondare naturala… aldarrikatzeko eta bultzatzeko kanpaina ere badelako. Larrabetzun, Euskal Herriko herri gehienetan bezala, pandemiaren egunik gogorrenetan, konfinamendu-sasoian, ageri-agerian geratu da zein beharrezkoa den “bertatik bertarako” hori. Alegia, bertokoa. Eta konturatu gara zenbat behar ditugun bertoko auzokoak, bertoko gazteak, bertoko aitita eta amamak, bertoko umeak, bertoko dendariak, bertoko elkarteak… Orain, larrialdi-egoera amaituta, bertoko hori sustatu ahal badugu, eta gainera, kinka larrian geratu diren sektore horiei laguntza eman ahal badiegu (eta, bide batez, bisitan datorrenari zelakoak garen erakutsi), ba, ederto!

Larrabetzun, gainera, ‘Herri bizia, herri osasuntsua’ kanpaina ere abiarazi duzue, ildo berean hein batean. Zertan da kanpaina hori?

Oso mezu sinplea da, egia esan. Batetik, Larrabetzuren berezko ezaugarri hori azpimarratu gura dugu: bizitasuna. Larrabetzu oso herri bizia da, eta garaiotan ere horri eutsi behar diogula aldarrikatzen dugu. Bestetik, zera diogu: osasun bako bizitasunik ez dago eta, beraz, jagon dezagun gure burua; pandemia baten erdian gaude oraindino eta zentzunaz eta arduraz jokatu behar dugu.

Turismoaz edo merkataritzaz harago, bertako kultura eta ondarea ere erakusteko ahalegina egin nahi du Bertatik Bertara kanpainak. Larrabetzun aspaldidanik ari zarete horretan, ezta?

Bai. Hain zuzen ere, konfinamendua dela-eta, koronabirusa dela-eta, hainbat ekitaldi eta hainbat kontu bertan behera geratu ziren; bada, nahiz eta horietako batzuk aurten jada ezin izango diren egin, beste asko “berreskuratu” egin ditugu, eta beste batzuk gehituta, udarako kultur egitarau polita prestatu dute Larrabetzuko kultur eragileek: literatura, musika, antzerkia, bertsolaritza, ipuin-kontalaritza… denetarik, bertatik bertara gozatzeko udaz, herriaz, euskaraz zein euskal kulturaz (bizi dugun egoerara egokituta eta protokoloak betez, beti ere).



Etiketak:
Aurreko albistea
Hurrengo albistea

Honi buruz komunikazioa

Itzuli gora
Cookie-ak erabiltzen ditugu nabigazio esperientzia hobetzeko eta gure zerbitzuak eskaintzeko. Nabigatzen jarraitzen baduzu, ulertuko dugu horien erabilera onartzen duzula.