Hasiera » Zehaztu gabe » Euskara zero fasetik berehala ateratzeko eskatu du UEMAk, egoera benetan larria bihurtu dela iritzita

Euskara zero fasetik berehala ateratzeko eskatu du UEMAk, egoera benetan larria bihurtu dela iritzita

Udalerri euskaldunetako alkateak eta ordezkariak kezkatuta eta oso haserre ari dira azken asteotan UEMAren bitartekaritza eskatzen, udalaz gaindiko erakunde publikoetatik heltzen diren jakinarazpen, ohar eta gainerakoetan euskara behin eta berriro nola gutxiesten den ikusita. Alarma egoeran ere euskara zaintzeko eskatu zien UEMAk Eusko Jaurlaritzari eta Nafarroko Gobernuari martxoaren 16an, udalei bidalitako oharretan, irizpideetan, arduradunen agerraldietan eta antzekoetan euskara baztertzen ari zirela ikusita. Harrezkero egoerak nabarmen egin du okerrera, eta egoera “benetan larria” bihurtu dela adierazi du UEMAk.

“Presazko izaera duelako, dokumentazio hori bakarrik gaztelaniaz aurreratzen da”. EUDELek Araba, Bizkai eta Gipuzkoako udal guztietara bidalitako segurtasun protokoloaren inguruko aurkezpen gutunean, argi eta garbi.



UEMAko kide diren hainbat udalek asteak daramatzate UEMAri bitartekaritza eskatzen udalaz gaindiko erakunde publikoek euskara ere aintzat har dezaten. Horren aurrean, UEMA behin eta berriro jarri da harremanetan Eusko Jaurlaritzarekin eta Nafarroako Gobernuarekin, bai gutun ofizialak bidaliz eskaera zehatzekin dagozkien sailetara, eta baita telefonoz eta posta elektronikoz ere, agerraldi, ohar, jakinarazpen eta segurtasun protokoloetan euskarari dagokion lekua emateko eskatuz.

Alferrik izan da, ordea. UEMAko lehendakari Iraitz Lazkanoren hitzetan, egunak joan eta egunak etorri, “etsigarria da kontseilarien eta osasun arduradunen agerraldiak ikustea, edota udaletara bidaltzen dituzten oharrak eta segurtasun protokoloak gaztelera hutsean jasotzea, behin eta berriro”. Horren aurrean, UEMAko kide diren 87 udaletako hainbat alkatek egun hauetan hedabideetan zein sare sozialetan ere adierazi dute publikoki haserrea. Adibideak, dozenaka dira, eta zehazki Eusko Jaurlaritzaren jokabideak haserretu ditu udal asko.

Eusko Jaurlaritzaren Turismo, Merkataritza eta Kontsumo Sailak udalei egun hauetan ostalaritzarako eta merkataritzarako bidali dizkien protokolo guztiak, esaterako, gaztelera hutsean daude. Kultura eta Hizkuntza Politika sailetik liburutegiak berriro zabaltzeko maiatzaren 4an bidalitako protokolo proposamena ere gaztelera hutsean dago. Herrizaingo sailak fase berrirako aldaketen harira gaur zabaldu dituen irizpideak ere gaztelera hutsean daude. Horiek, azken egunotan UEMAko kide diren herrietako zenbait alkatek sare sozialetan zabaldu dituztenak dira, baina zerrenda askoz luzeagoa da.

Horrek guztiak talka egiten du koronabirusaren aurkako neurriak hizkuntza gutxituetan komunikatzeko Europako Kontseiluak egindako eskaerarekin. Eremu urriko hizkuntzetako hiztunen ongizaterako oso garrantzitsuak direlakoan egin zuen eskaera Europako Kontseiluak, martxoaren hirugarren astean. Euskararen Gizarte Erakundeen Kontseiluak eta hau osatzen duten euskararen erakunde guztiek bat egin zuten horrekin, baina Eusko Jaurlaritzak eta Nafarroako Gobernuak behin eta berriro urratu dute Europako Kontseiluaren eskaera, osasun larrialdiari aurre egiteko irizpideak, protokoloak eta informazioa gaztelera hutsean helarazita udaletara.

Horren aurrean, osasun larrialdian euskara ere kontuan hartzeko hainbat ekimen abiarazi dira herriz herri. UEMAko lehendakari Iraitz Lazkanoren hitzetan, “dozenaka ekimen eredugarri ikusi ditugu egun hauetan: etxean egoteko edo osasuntsu mantentzeko udalez udal sortu diren hamaika ekimen, hainbat tokiko hedabideek egin duten ahalegina, Etxealditik Euskaraldira ariketa, hizkuntza paisaia zaintzeko Bai Euskarari elkarteak COVID-19aren inguruko oharrekin sortutako dozenaka kartelak, eta abar”. Beste muturrean kokatu ditu, ordea, Eusko Jaurlaritza eta Nafarroako Gobernua. “Inoiz baino gehiago erakutsi dituge euskara bigarren mailakoa dela beraientzat. Kontu garrantzitsu eta presazkoetarako, gaztelera. Gazteleraz sortzen dute, eta gero euskarara itzuli, itzultzen dutenean. Kontseilarien eta osasun arduradunen agerraldiak ere gaztelera hutsean ikustera ohitu gaituzte. Eta dena da horrela. Egoera benetan larria da”.

Horren aurrean, “euskara berehala zero fasetik ateratzeko” eskatu du UEMAko lehendakariak, “aste hauetan gertatzen ari dena ez baita onargarria. Marra gorri guztiak zeharkatzen ari dira euskarari dagokionez”. Egoera irauli nahian, “berriro bidaliko ditugu gutunak dagozkien sailetara, berriro jarriko gara harremanetan jarri beharreko guztiekin, baina nahikoa da. Hizkuntza politika ez da sail batzuen eskumena bakarrik. Zeharlerrotasuna ezinbestekoa dela askotan esan dugu, honelakoak saihesteko. Euskaldunak aintzat hartuko gaituzten jokabide eta ordezkari duinak behar ditugu aginte postuetan, udalerri euskaldunotako udalek, ordezkariek eta herritarrek ez baitugu honelako tratua merezi. Behin eta berriro baztertzen gaituzte, bigarren mailako herritar bihurtuz eta gure osasuna eta hizkuntza ez direla garrantzitsuak erakutsiz. Benetan onartezina da egoera”.

Gai honi buruzko informazio osagarria:
· Alarma egoeran ere euskara zaintzeko eskatu die UEMAk hainbat erakunderi (uema.eus, 2020-03-16).
· Azken egun eta asteotan euskaldunoi urratutako eskubideak (Beñat Garaio soziolinguistikak sare sozialetan zabaldutako zerrenda).
· Turismoa erakartzeko kanpainan euskara atzean utzi du Jaurlaritzak (argia.eus, 2020-05-08).

Etiketak:
Aurreko albistea
Hurrengo albistea

Honi buruz komunikazioa

Itzuli gora
Cookie-ak erabiltzen ditugu nabigazio esperientzia hobetzeko eta gure zerbitzuak eskaintzeko. Nabigatzen jarraitzen baduzu, ulertuko dugu horien erabilera onartzen duzula.