Hasiera » Zehaztu gabe » Alarma egoeran ere euskara zaintzeko eskatu die UEMAk hainbat erakunderi

Alarma egoeran ere euskara zaintzeko eskatu die UEMAk hainbat erakunderi

Alarma egoeran eta osasun larrialdi betean, ezohiko neurrien inguruko hamaika jakinarazpen ari da heltzen egunotan herritarrengana erakunde publikoen aldetik: oharrak, arduradunen agerraldiak, bandoak, irizpideak, megafonia bidezko mezuak eta abar. Horietako asko, erdara hutsean ari dira jasotzen udalak zein herritarrak, eta udaletatik zenbait kexa jaso ditu egun hauetan UEMAk. Egoera konpondu nahian, alarma egoeran ere euskara zaintzeko eta jakinarazi beharrekoa euskaraz ere jakinarazteko eskatu die UEMAk hainbat erakunderi. Besteak beste, Eusko Jaurlaritzari eta Nafarroako Gobernuari.

UEMA osatzen duten 87 udalerri euskaldunen izenean, UEMAko lehendakari Iraitz Lazkanok sinatutako hainbat gutun bidali ditu gaur mankomunitateak Eusko Jaurlaritzako eta Nafarroako Gobernuko zenbait sailetara. Zehazki, segurtasun eta osasun sailetako sailburuek eta arduradunek jaso dituzte gutunak. Baita UEMArekin hitzarmenak eta elkarlanerako ildoak dituzten Eusko Jaurlaritzako Hizkuntza Politikarako Sailak eta Nafarroako Gobernuko Euskarabidea Euskararen Nafarroako Institutuak ere.

UEMAk horiei guztie gogorarazi dienez, “une gogorrak dira denontzat, eta halako uneetan ezinbestekoa da agintariek beren gain ardurak hartzea eta herritarrei argibideak behar bezala helaraztea. Egoera horretan konturatuta gaude zenbait herri euskaldunetan argibideak gaztelania hutsez ematen ari direla (megafoniaz auzoz auzo zabaltzen diren mezuak, adibidez), eta euskararik ez dela erabili herritarrekiko ahozko zein idatzizko komunikazioetan. Hainbat herritarrek jakinarazi dizkigute kexa horiek, eta gure ustez larria da jardun hori”.

Izan ere, Lazkanoren hitzetan, “euskaldunon hizkuntz eskubideen urraketak bereziki larriak dira agintariek bermatu behar dutenean herritar orok agintarien argibideak behar bezala ulertzea, denon onerako diren neurriak har ditzaten eta herritarren artean kutsadura arriskuak gutxitu daitezen. Nola bermatu hori herri euskaldunetan bertako hizkuntza erabili gabe? Nola bermatu euskaldunek mezuak behar bezala ulertzen dituztela euren eguneroko hizkuntza erabili gabe?”.

Horregatik guztiagatik, eskaera zehatza egin die UEMAk erakunde publiko horietako sailei: “UEMAko herrietan zabaldu beharreko ahozko nahiz idatzizko mezuetan euskara erabil dadila, herritar orok argi eta garbi jakin dezan zer egin behar duen eta zer ez duen egin behar egoera honetan. Herritarrek informazio argia eta egokia jasotzea hertsiki lotuta dago neurriak eraginkorrak izatearekin eta kutsadura arriskuak gutxitzearekin. Horregatik, eta arrisku egoerak saiheste aldera, eskatzen dizugu euskara ez dezazuela baztertu herritarrentzako komunikazio orokorretan”. Lazkanoren hitzetan, “eskaera hori aintzat hartu gabe, nekez lortuko dugu herritarrek neurri eraginkorrak hartzea eta birusaren hedadura murriztea”.

Gaur egun Araba, Bizkaia, Gipuzkoa eta Nafarroako 87 udalerri dira UEMAko kide, eta guztien artean 245.000 biztanle inguruko lurgune euskalduna osatzen dute. Udalerri horien guztien errealitate soziolinguistikoa eta bertako udalen zein herritarren hizkuntza eskubideak errespetatzeko eskatu du UEMAk, alarma egoeran ere euskara zaindu beharrekoa dela gogoratuz.


Etiketak:
Aurreko albistea
Hurrengo albistea

Honi buruz komunikazioa

Itzuli gora
Cookie-ak erabiltzen ditugu nabigazio esperientzia hobetzeko eta gure zerbitzuak eskaintzeko. Nabigatzen jarraitzen baduzu, ulertuko dugu horien erabilera onartzen duzula.