Iturria: zarauzkohitza.eus
UEMAk, Urola Kostako Udal Elkarteak eta eskualde horretako hainbat udalek elkarlanean landuko duten proiektua da, euskara eskualdeko ondare garrantzitsuenetakoa eta bertako nortasunaren ikur nabarmena dela erakutsi nahian.
Ongi Etorri Euskararen Herrira lelotzat hartuta, turismoan euskarari dagokion balioa emateko ekimen berritzailea aurkeztu dute gaur Urola Kostako Udal Elkarteak eta Gipuzkoako Foru Aldundiak Madrilgo Fitur nazioarteko turismo azokan. Aurkezpen ekitaldia Basque Country-Euskadi erakusmahaian egin dute, gaur goizean, eta Lourdes Salsamendi UKUEko lehendakariak eta Iker Goiria aldundiko Turismo zuzendariak azaldu dituzte 2020ko turismo kanpainaren nondik norakoak. UKUEk UEMArekin batera elkarlanean sustatutako proiektu pilotua da.
Urola Kosta bezalako eskualde turistiko euskaldunek euskararen biziraupenean duten garrantziaz jabetuta landu dute Ongi Etorri Euskararen Herrira kanpaina. “Gure udalerrietako kultur-ondarearen eta nortasunaren ikur bereizgarri izanik, euskara (eta euskal nortasuna) izango du ardatz eskualdetik bideratutako aurtengo turismo-eskaintzak. Euskara partekatu nahi da bisitariekin, herri euskaldun batean egotearen esperientziaz goza dezaten”, azaldu dute UKUEtik.
Horregatik, UEMArekin elkarlanean lanketa berezia egingo dute, turismo sektoreko eragile guztiekin, herriz herri. Bisitariei euskara ezagutarazteaz gain, eskualdeko herritarrei begira ere egingo dutela lan adierazi dute. Izan ere, egitasmoarekin bat eginez, “euskaldun gisara ahaldundu eta euskarazko harremanak areagotzeko abagune bikaina ere izango da proiektua bertakoentzat”.
Gai honi buruzko informazio osagarria:
· “Ongi Etorri Euskararen Herrira” ekimena aurkeztu da Fiturren, turismoan euskarari dagokion balioa emateko ekimen berritzailea (urolakosta.eus, 2020-01-24).
· “Euskara eta euskal nortasuna” izango ditu ardatz UKUEren turismo eskaintzak (Urola Kostako Hitza, 2020-01-28).