Hasiera » Zehaztu gabe » Euskararen arnasguneen garrantzia nabarmendu dute Nafarroako Gobernuak eta Euskarabideak ere, UEMArekin eta hainbat udalekin batera

Euskararen arnasguneen garrantzia nabarmendu dute Nafarroako Gobernuak eta Euskarabideak ere, UEMArekin eta hainbat udalekin batera

‘Arnasa gara’ kanpaina aurkeztu dute gaur Beran UEMAk, Nafarroako Gobernuak, Euskarabideak eta Nafarroako hainbat udalerri euskaldunek.

UEMA eta 3ko Ituna (Nafarroako Gobernua, Eusko Jaurlaritza eta Euskararen Erakunde Publikoa) dira kanpainaren sustatzaile nagusiak, Gipuzkoako eta Bizkaiko foru aldundien laguntzarekin eta kanpainan parte hartuko duten 22 udalerriekin batera.

Komunikazio kanpaina, herrietan egingo diren aurkezpen ekitaldiak eta ‘Kartzela’ webseriea izango dira kanpainaren baliabide nagusiak.

Ezkerretik eskuinera: Unai Miranda (Goizuetako alkatea), Ladis Satrustegi (Lesakako alkatea), Aitor Elexpuru (Berako alkatea eta UEMAko zuzendaritza batzordeko kidea), Ana Ollo (Nafarroako Gobernuko Herritarrekiko eta Erakundeekiko Harremanetarako Kontseilaria), Mikel Arregi (Euskarabidea Euskararen Nafar Institutuko zuzendaria), Miren Segurola (UEMAren koordinatzailea) eta Silvia Marañon (Etxarri Aranazko alkatea) gaur goizean, Beran hedabideen aurrean egin duten agerraldian.

UEMAk, Nafarroako Gobernuak, Euskarabideak eta Bera, Etxarri Aranatz, Goizueta eta Lesakako udalek Arnasa gara kanpaina aurkeztu dute gaur, Berako Beralandeta aretoan egindako agerraldian. Ekimenaren helburua euskararen arnasguneetako biztanleen ahalduntzea, aitortza eta kontzientziazioa indartzea da, gune horiek euskararen indarberritzean duten garrantziaz jabetu daitezen.

Ekimenak bi fase izango ditu. Lehenengoak arnasguneen ahalduntzea eta aitortza bilatuko du, eta horretarako kanpaina bat abiaraziko da udalerri euskaldunetan, ekimena azaltzeko eta honen osagai nagusietako bat izango den Kartzela serie digitala herriz herri aurkezteko. Bigarren fasean, berriz, ekimena Nafarroa osora zabalduko da, arnasguneen errealitatea eta garrantzia ezagutzera emateko. Proiektuan Nafarroako Gobernuak, Euskarabideak, UEMAk eta Hiruko Itunak hartzen dute parte, hainbat udalerri euskaldunetako udalekin batera.

UEMAko koordinatzaile Miren Segurolak gaurko agerraldian adierazi duenez, “Arnasa gara kanpaina, arnasguneak euskararentzat zein garrantzitsuak diren nabarmendu nahi duen ekimena da. Herri honen berezko hizkuntza modu naturalean arnasguneetan ari da taupaka, sendo eta osasuntsu. Horregatik, arnasguneak gure hizkuntzarentzat zein garrantzitsuak diren gogorarazteko eta herritarrek horren kontzientzia hartzeko beharra ikusi dugu UEMAk eta beste hainbat erakunde publikok. Batetik, arnasguneetako biztanleek kontzientzia har dezaten. Bestetik, gainerako herritarrek ere arnasguneak babestea eta hedatzea euskararen normalizaziorako ezinbestekoa dela jakin dezaten, hizkuntza ekologiaren ikuspegian bidea eginez”.

Sortu zenetik, urte askoan aritu da UEMA arnasguneen garrantzia lau haizetara zabaltzen, euskararen normalizazioan eta erabileran duten eraginagatik. Etenik gabe aldarrikatu du euskararen arnasguneek berariazko aitortza, zaintza eta babesa behar dutela, udalerri euskaldunak garatzeko hizkuntza politika berezituarekin batera. Miren Segurola koordinatzailea pozik agertu da hainbat erakunde publikok alderri horrekin bat egitearekin: “UEMAk urte askoan landutakori denon artean emango diogu hauspoa orain, kanpaina berri eta sendo honekin. Guretzat, benetan eskertzekoa da erakunde hauek guztiak batzea orain arnasguneak berariaz aitortzeko eta zaintzeko beharraren inguruan”.

Ana Ollok, Nafarroako Gobernuko Herritarrekiko Harremanetarako kontseilariak, horrelako ekimen batek Nafarroan duen garrantzia nabarmendu nahi izan du: “Euskararen I. Plan Estrategikoan helburu nagusietako bat euskararen egoera hobetzea zen, arnasgune deiturikoetan hizkuntza horren erabilera indartuz. Badakigu zuen herrietan euskaraz bizi daitekeela, eta hala erakusten duzue egunero”. Arnasguneak ere balioan jarri nahi izan ditu kontseilariak. “Baloratu dezagun egunero bizi duzuen errealitatea eta zuen bizilagunek duten zortea. Eta ahalduntze prozesu honetan, ziur ekimenak lagunduko digula”, adierazi du.

Ana Ollo, Mikel Arregi eta Miren Segurola.

Euskarabideko zuzendari Mikel Arregik, arnasguneen garrantzia nabarmendu, euskarari egiten dioten ekarpena aitortu eta horretarako kanpaina honek izango dituen ekitaldiak eta faseak jakinarazi ditu.

Gaurko agerraldian izan dira ekimen honetan parte hartuko duten Nafarroako zenbait udalerritako alkateak ere: Silvia Marañon, Etxarri Aranazko alkatea; Unai Miranda, Goizuetako alkatea eta Ladis Satrustegi, Lesakako alkatea. Guztiek bat egin dute arnasguneen garrantzia azpimarratzeko orduan eta nabarmendu dute proiektu honen atzean dagoen lankidetza.

“Gustura gaude arnasguneetan bizi garelako, baina baita adi ere. Osasuntsu egon arren, hauskorrak ere baikara eta, beraz, berariaz zaindu beharreko herriak dira gureak. Euskara modu naturalean transmititu izan da gurean mendez mende, baina gaur egun adi ibili behar dugu, mundu globalizatu honetatik haur eta gazteei heltzen zaiena erdaraz baitator nagusiki, eta horrek eragin handia du gero erabileran. Beraz, zer-nolako altxorra daukagun kontziente izatea eta herritarrei horren berri ematea da gure arduretako bat, euskararen arnasa zabaltzen segi dezaten. Horregatik, gustura hartzen ditugu honelako kanpainak. Herritarrei, parte hartzeko eta ekitaldietara etortzeko deia egiten diegu” adierazi du Silvia Marañonek, Etxarri Aranazko alkateak.

Abiapuntua

1991n Joshua Fishman soziolinguistak nabarmendu zuen zein garrantzitsua den hizkuntza baten biziraupenerako eta biziberritzerako breathing space edota arnasgune bat. Harrezkeroztik, arnasguneak zaintzea gai estrategikotzat hartu da hizkuntza gutxituen biziberritze-prozesuetan. Euskara ez da salbuespena izan, eta azken hamarkadetan lan handia egin da arlo horretan (aipatzekoa da Mikel Zalbide euskaltzainak egin duen lana). Kezka horretatik sortu zen, esate baterako, Udalerri Euskaldunen Mankomunitatea eta bide horretan sustatu dira hainbat eta hainbat ekimen.

Soziolinguistika gaietan adituak direnentzat gai ezaguna bada ere, arnasguneen kontzeptua eta arnasguneen garrantzia arrotz samarra da herritar gehienentzat. Horregatik, hizkuntza indartzeko euskararen arnasguneek duten garrantziaz jakitun, Hiruko Ituna sinatu zuten Nafarroako Gobernuak, Eusko Jaurlaritzak eta Iparraldeko Euskararen Erakundeak arnasguneen garrantzia azpimarratuko duen kanpaina bat abian jartzea erabaki zuten, UEMArekin batera.

Ikerketa, abiapuntua

Gaur egungo egoeraren inguruko ikerketa bat egitea izan zen proiektuaren lehen pausoa. Ikerketa kualitatibo bat egin zen, partehartze prozesuak herriz herri eginez. Goizueta, Elizondo, Lekeitio, Zumaia, Azpeitia, Mallabia, Dima eta Anoetako herritarrekin bildu ziren Iametza komunikazio-enpresa eta UEMA. Eta lanketa horretatik hainbat esperientzia eta gogoeta atera ziren, oso baliagarriak izan direnak geroko proiektua taxutzeko.

Arnasguneen artean aniztasun handia dagoen arren (nekazal-guneak, industria-guneak, turismo-guneak…), zortzi herri horietako esperientziak erabili ziren ikerketa kuantitatiboa gauzatzeko. Ondorioen artean era askotako gogoetak atera ziren, ikuspegi positiboak zein kezkak. Hala, herriotan egindako saioetan nabarmentzen zen elkarrizketatu gehienek azpimarratzen zutela beren herrietan “euskaraz bizi daitekeela naturaltasun osoz” eta aipatzen zen gazteak direla euskarari gehiagotan eusten diotenak herritik ateratzean. Era berean, parte hartu zutenek nabarmentzen zuten merkataritzan zein ostalaritzan euskara dela hizkuntza nagusia. Hala ere, herritarrek nolabaiteko gainbehera sumatzen zuten euskararen erabilerari dagokionez. Zenbait partehartzailek –nagusienek batez ere– norberaren euskalkiarekiko konplexuak ere badirela adierazi zuten eta, beste ondorio bat aipatzearren, adierazten zuten “lantokietan gaztelerak presentzia altua” duela.

Arnasguneen errealitatea eta garrantzia

Arnasguneak zein diren adierazteko ez dago marra zurrun bat; oro har, euskararen ezagutza zein erabilera % 80 ingurukoa dutenak sartzen dira multzo horretan. Arnasguneetan honako ezaugarri hauek betetzen dira:

  • Bizilagunen lehen hizkuntza euskara izan ohi da, eta erabat naturala da euskaraz bizitzea eremu guztietan.
  • Arnasguneetan, belaunaldiz belaunaldi transmititu da hizkuntza. Bertako bizilagunek egoera guztietarako erabiltzen dute euskera, azken batean, arnasguneetan euskaraz egitea da arau soziala.
  • Lurgune euskaldunean euskararen indize altuenak dituzten herriak biztanle gutxi dituzten herriak izan ohi dira, oro har. Aldaketa sozioekonomikoek eta demografikoek eragin zuzena izan ohi dute arnasguneetan, eta erraza da errealitate soziolinguistikoan eragitea, horregatik hauskortasunaz hitz egiten da arnasguneen izaera azaltzean.

Soziolinguisten arabera, arnasguneak bereziki garrantzitsuak dira euskara indarberritzeko prozesuan honako arrazoiengatik:

  • Arnasguneetako herritarrak eredu dira euskararen normalkuntzan. Erakutsi dute posible dela euskaraz bizi den herria, eta posible dela euskaraz egitea bizitzako esparru guztietan. Gainera, arnasguneetako erakunde asko eredu dira euskara administrazioan era trinkoan erabiltzeko orduan.
  • Hizkera informalak eta naturalak hitz eta molde berriak ekartzen dizkio euskarari, hizkuntza batek ezinbestekoa duen berrikuntza ekarriz, egunero biziberrituz.
  • Bestetik, bertako herritarrak gainontzeko euskaldunekin hizketan daudenean euskaraz aritzeko joera gailentzen da, euskara-ohiturak hedatzeko ahalmen handia dute.

Arnasguneen kontzeptuaz gain, ‘udalerri edo herri euskaldun’ kontzeptua ere erabili ohi da. Herri euskaldunek hainbat ezaugarri partekatzen dituzte arnasguneekin, baina ez guztiak. Euskararen ezagutza eta erabilera altua izaten da horietan ere, baina atzerago egoten dira. Proiektu honetan parte hartuko duten herri ia guztiak arnasguneak dira, baina baten bat ‘herri euskaldun’-en tipologian sar liteke.

Proiektuaren nondik norakoak

Ikerketa kualitatiboa eginda eta arnasguneetako errealitatea hobeto ezagututa, erakundeek arnasguneen inguruko ekimena era egokian diseinatzeko moduan izan dira. Arnasa Gara proiektuak bi fase ditu eta hiru osagai nagusi, hirurak hertsiki loturik: komunikazio kanpaina bat, herrietan egingo diren aurkezpen-ekitaldiak eta Kartzela serie digitala.

Lehenengo fasean arnasguneen ahalduntzea eta aitortza bilatuko da. Komunikazio kanpaina baten bitartez (sareetan eta tokiko hedabideetan) eta aurkezpen-ekitaldien bidez, Arnasa Gara ekimenaren nondik norakoak azalduko dira eta arnasguneek duten garrantziaren gaineko kontzientziazioa landuko da. Ahalduntze eta aitortza hori lantzeko, herrietako aurkezpen-ekitaldietan Kartzela serie digitala aurkeztuko da. Aurkezle bat arduratuko da saioa gidatzeaz, eta Kartzela serieko bina aktorek ere parte hartuko dute. Arnasguneen garrantzia nabarmentzeko espazioa izango dela kontuan hartuta, hainbat bide erabiliko dira mezua behar bezala zabaltzeko: ikus-entzunezkoak, hitzaldiak, aktoreen hitz-hartzea… Kartzela serie digitalaren lehen bi kapituluak primizian ikusteko aukera izango da. Saioaren amaieran herritarrek euren ekarpenak egingo dituzte, mokadu batez lagunduta. Ordu eta erdiko saioa izatea aurreikusten da.

Hiru Damatxo ekoiztetxea arduratu da Kartzela serie digitala egiteaz. Zazpi atal izango ditu eta kanpainaren elementu berritzailea izango da. Bertsolari Txapelketa Nagusiaren ostean BECen harrapatuta dauden sei lagun dira istorioaren protagonistak, eta arnasguneetako herritarrak dira guztiak. BECeko zenbait tokitan harrapatuta gelditu ondoren, pixkanaka topo egingo dute elkarrekin, eta eraikinetik nola atera pentsatzen hasiko dira. Izaera eta jatorri desberdina duten sei lagun dira.

Aktorea Pertsonaia Herria
Iratxe Urkiaga Mara Lekeitio
Sambou Diaby Iba Zumaia
Juanen Saralegi Juan Lesaka
Erika Olaizola Iune Azpeitia
Amaiur Epher Ekhi Donibane Garazi
Ainhoa Etxebarria Garazi Ondarroa

Arnasguneetan egindako parte-hartze prozesuan ateratako ondorioetan oinarritzen da gidoia eta elkarrizketetan ateratako zenbait gai jorratuko dira, zeharka nahiz zuzenean:

  • Adinekoek gazteekiko dituzten aurreiritziak.
  • Euskara eta euskal kultura bereziki baloratzen ez duen gaztea vs jarrera kontzienteagoak.
  • Beste jatorri bateko herritarrekin dauden aurreiritziak. Haiek bizi dituzten egoerak, integrazioarentzat oztopo direnak.
  • Arnasguneetako pertsonek besteak euskaraz hitz egiten jartzeko duten gaitasuna.
  • Ulertuko ez dutelakoan, euskalkia batura hurbiltzeko joera.
  • Hitanoaren erabilera eta generoa.
  • Pertsonaiei dagokienez, aurre egiten diete aurreiritziei. Arnasguneetakoak dira, baina era askotakoak eta horrek argazki aberats bat ematen du, topikoak hautsiz.

Guztira 22 udalerritan izango dira kanpaina aurkezteko ekitaldi herrikoiak:

  • Araba: Aramaio.
  • Behe Nafarroa: Baigorri.
  • Bizkaia: Ajangiz, Bermeo, Dima, Lekeitio, Markina-Xemein eta Zeanuri.
  • Gipuzkoa: Abaltzisketa, Aduna, Aia, Altzo, Azpeitia, Itziar, Leintz-Gatzaga, Orexa, Urnieta (Goiburu auzoa) eta Zerain.
  • Nafarroa: Etxarri-Aranatz, Goizueta, Leitza eta Lesaka.

Bigarren fasea

Kanpainaren bigarren fasean mezua Euskal Herriko gainerako herritarrentzat izango da. Abenduaren erdialdean serie digitala ikusgai egongo da euskal hiztun guztientzat, eta helburua izango da arnasguneen gaineko mezu hori gune horietan bizi ez diren herritarrei ere helaraztea. Bigarren fase honetan arnasguneak ezagutzera eman nahi dira eta euskaldun guztion aurrean aitortu egin nahi zaie daukaten garrantzia eta egiten duten ekarpena. Ekimenaren inguruko informazioa webgune honetan kontsultatu daiteke: www.arnasagara.eus

ARNASA GARA kanpainari buruzko material osagarria:
· Arnasa gara. Hedabideentzako prentsa dossierra (PDFan).
· Arnasa gara kanpaina aurkezteko spota

Webguneak:
· Arnasa gara kanpainaren webgunea: www.arnasagara.eus
· Kartzela webseriearen webgunea: www.kartzela.eus
Sare bideak:
· Twitter: @ArnasaGara
· Instagram: @ArnasaGara
· Facebook: Arnasa Gara
· Mastodon: @ArnasaGara

Gai honi buruzko informazio osagarria:
· Gobernuak eta Udalerri Euskaldunen Mankomunitateak euskara hizkuntza nagusia den udalerrietara zuzenduriko Arnasa Gara ekimena aurkeztu dute Nafarroan (navarra.es, 2019-11-12).
· Euskararen arnasguneen garrantzia azpimarratu du Nafarroako Gobernuak (Euskalerria Irratia, 2019-11-13).
· ‘Arnasa Gara’ para fomentar el euskera (Noticias de Navarra, 2019-11-13).

Etiketak:
Aurreko albistea
Hurrengo albistea

Honi buruz komunikazioa

Itzuli gora
Cookie-ak erabiltzen ditugu nabigazio esperientzia hobetzeko eta gure zerbitzuak eskaintzeko. Nabigatzen jarraitzen baduzu, ulertuko dugu horien erabilera onartzen duzula.