Agintaldi berriko lehen batzar nagusia egingo du Udalerri Euskaldunen Mankomunitateak urriaren 5ean, Getarian. Lehendakaria eta zuzendaritza batzordea ere hautatuko dituzte UEMA osatzen duten 86 udaletako ordezkariek.
Ikasturte honetatik aurrera UEMAren atea herri gehiagori zabaltzea eta euskararen arnasguneak sendotzen segitzea izango da agintaldi berriko erronketako bat, herritarren kontzientziaziorako eta udalerri euskaldunen garapenerako urratsak ematearekin batera. Horretarako, hurrengo lau urteotan UEMA gidatuko duen zuzendaritza batzordea eta UEMAren lehendakaria hautatu beharko dituzte batzar nagusian bilduko diren alkate eta zinegotziek.
Gonbidapen berezia UEMAko kide diren herrietako alkate guztiei
Salbuespen bezala, agintaldi hasierako lehen batzar nagusirako gonbidapena jaso dute UEMA osatzen duten 86 herrietako alkateek ere. Izan ere, gaur egun UEMAko lehendakari den Josu Labakaren hitzetan, “UEMAren nondik norakoak azaltzeaz gain, udalerri euskaldunen garapenerako asmoak eta ildoak ere ezagutaraziko ditugu batzar nagusian. Zehazki, UEMAk, Kontseiluak, Udako Euskal Unibertsitateak eta Gaindegiak iaz elkarrekin osatu eta aurkeztutako Arnasguneak: prebentziotik garapenera hausnarketa eta bide-orriaren nondik norakoak ezagutarazi nahi dizkiegu udalei eta bereziki alkateei, agintaldi berrirako hainbat erabaki testuinguru zehatz horren baitan hartzeko giltzarria den informazioa delakoan”.
Getariako Iturzaeta Herri Eskolan izango da UEMAren batzar nagusia, urriaren 5ean, 10:00etan.