UEMAko lehen lehendakaria izan zen Antton Iztueta elkarrizketatu du gaur Gipuzkoako Hitzak. Beste hainbat konturen artean, UEMAren sorreraz, lehen urteez eta erronkez aritu da Eneritz Maiz kazetariarekin.
Hemen UEMArekiko eta lehen urteetako erronkei buruzkoak
Zinegotzi izateko ardura hartzea egokitzen zaie herri txiki askotako herritarrei. Zuri ere bai.
Bai. Bildu egiten ginen, hitz egin, eztabaidatu… eta, halako batean, tokatu egiten zaizu hor egotea. Hasieran inork ez du nahi izaten, eta, gaur egunera ekarrita, konpromiso gisa oso jende gutxik aritu nahi du udalean. 1991tik 1995era aritu nintzen ni.
Nolako esperientzia izan zen?
Lan asko egin behar izan genuen, ordu asko sartu genituen. Herri Batasuna moduan aurkeztu ginen garai hartan. Beti egon izan da, eta orduan ere bazen, HBren kontrako giroa. Horri pazientziarekin egin behar izan genion aurre. Urte gogorrak izan ziren, eta herrian bertan ere bizi izan genuen gertakizun gogor bat: baserri bat erre zuten. Noski, herritarra zen jabea, eta, nahiz eta ideologikoki beste pentsaera batekoa izan, oso garai zaila izan zen.
Uema sortu zenuten gero, eta lehen lehendakaria izatea ere tokatu zitzaizun.
Bai. Proposatu egin zidaten, eta ezin izan nuen ezetz esan. Oso esperientzia ona izan zen hura ere, baina gogorra. Politikoki, HB bakartu egin nahi izaten zen beti. Beste erakunderen batera, hau da, Eusko Jaurlaritzara-edo Uemarekin gure asmoak azaltzera joanez gero, begirada hutsekin antzematen zen erantzuna. Hori tokatu zitzaigun guri. Ez dakit zenbat herrirekin hasi ginen, oso gutxirekin; hamasei bat herri ginen.
Zergatik edo zertarako sortu zenuten Uema?
Hasieran, batik bat, udaletan euskara normalizatzea zen helburu nagusia. Gaztelaniaz funtzionatzen zen ordura arte, eta pausoak ematen hasi nahi genuen, poliki-poliki hori guztia normalizatzeko eta euskaraz aritzeko. Zailtasun batzuk izan genituen, langileekin batez ere; batzuek ez zuten profila betetzen. Hala ere, aurrera egin du poliki-poliki; errespetatu eta aitortu egiten da gaur egun, eta lanean ari dira. Pauso handiak eman direla iruditzen zait, nahiz eta, oraindik, badauzkagun erronkak; euskararen erabilera, esaterako. Herri txikietara ere iritsi da arazo hori, eta konturatu gabe edo konturatuta, gaztelania sartu zaigu zirrikituetatik.
Gaur egun, harrotasunez begiratuko diozu Uemari, ezta?
Pentsaera ezberdineko udal gobernuak daude gaur egun, eta bere garaian ez zen posible hori. Gerora, euskararen esparru horretan, behintzat, aurrera egin da gutxienez. Soziolinguistikoki, herri bateko biztanleen %80k izan behar zuten euskaldunak herri hori euskaldun gisa hartzeko. Gerora, %70era jaitsi zen portzentaje hori, eta soziolinguistek eman beharko dute zergatia. Hori dela-eta dago gaur egun Tolosa Ueman. Mapari begiratuta, garrantzitsua dela uste dut arnasgune deitzen diegun herri handiak sartzea, baina, aldi berean, erronka handia da hori, herri handiak direlako.
Baina erdalduntzen ari dira herri txikiak.
Poliki-poliki, bai, eta hor ari gara denok horri nola aurre egin aztertzen. Jartzen dira proiektuak eta programak martxan; Euskaraldia, esaterako. Baina ez da erraza, eta baliabide guztiak beharko dira hori lortzeko. Lanean jarraitu beharko dute euskararen inguruan biltzen diren beste hainbat organismok. Denok egin beharko dugu indarra. Tolosaldean, orain, badugu antolaketa bat: Galtzaundi. Baina Galtzaundik berak bakarrik ezingo du egin dena, eta indar metaketa bat beharko da; denok batera egin beharko dugu horren alde. Lehengo bideak alboratu gabe, konbentzituta jarraitu beharko dugu lanean; konbentzimentutik etorriko dira emaitzak, eta ez derrigortasunetik. Ez dakit derrigortasuna behar den edo ez. Horri buruz hitz egiten da beti: borondatearen esparruan utzi behar dira gauza guztiak edo derrigortu egin behar da pixka bat? Hortxe dago eztabaida.
Haurrak ere hasi dira kalean gaztelaniaz hizketan.
Izugarrizko erakargarritasuna dute gaztelaniak nahiz ingelesak. Olatu handi bat da hori, eta hiztun gutxi gara gu; olatu txikiak dira gureak. Baina ea olatu txiki asko elkartzen garen… Eta ez da kontra egitea, guk gurearen alde egitea baizik.
Azken urteotan, euskarari dagokionez, gehiegi lasaitu al da gizartea?
Baietz uste dut. Teknologia aldetik, hizkuntza mordoa sartu zaigu etxean. Gaztelaniazko programak ikusten ditugu telebistan. Egia da ETBk asko hobetu beharko lukeela; erakargarriagoa izan beharko luke, euskaldunek ikusteko. Baina, era berean, olatua handitzen ari dela ikusten da, eta azken Korrikan ikusi da hori. Zerbait esan nahi du horrek. Horrelakoen alde nago ni, baina egunerokoan… Era berean, mugimendu euskaltzalea sortu da Araba eta Nafarroako hainbat herri ez hain euskaldunetan. Horietan ematen du jendeak konpromiso handiagoa daukala euskaraz bizitzeko. Hemen, berriz, ez dakit zer gertatu zaigun lehen arnasgune ziren toki batzuetan! Egia da jende erdalduna etorri zaigula, baina guk haiek integratu beharrean, gu sartzen gara haien sareetan. Kontzientzia horri eutsi behar zaiola uste dut, kontzientziarik gabe ez dugu-eta egingo gauza handirik. Kontzientzia horri eusten eta kontzientzia sortzen, hor egin behar dugu ahalegina; eta gazteei transmititzen, eskaintza oro euskalduntzen.
Elkarrizketa, osorik, hemen:
· Antton Iztueta: “Hiztun gutxi gara, baina ea olatu txiki asko elkartzen garen” (Gipuzkoako Hitza, 2019-05-31).