Iñaki Arregi beka sortu du UEMAk, udalerri euskaldunen garapena aztertzeko, ikerketa sustatzeko eta euskal soziolinguistikaren inguruko ezagutza areagotzeko. Eusko Jaurlaritzak babestuko du beka, eta bi lan sarituko ditu lehen deialdian, bakoitza 5.000 eurorekin.
Udalerri euskaldunak garatzea da euskararen arnasguneei sendo eusteko modu eraginkorrena. Ondorio horretara heldu ziren iaz UEMA, Kontseilua, Udako Euskal Unibertsitatea eta Gaindegia, eta udalerri euskaldunak garatzeko hainbat irizpide eta oinarri proposatu zituzten, horiek guztiak hainbat arlotako adituekin batera aztertu ondoren. Orain, oinarri horiek aintzat hartuta, udalerri euskaldunak garatzeko adibide praktikoak aztertu eta abiarazi nahi dituzte agintaldi berrian. Horretarako, Iñaki Arregiren omenezko beka sortu du UEMAk, eta bi lan sarituko ditu lehen deialdian,
bakoitza 5.000 eurorekin.
Euskararen biziberritzean eta bilakaeran, eragin nabarmena dute euskara zerbitzuetatik edo hizkuntza politikako sailetik aparteko beste sailetatik egiten diren politika publikoek.
Hau jakinda, herri erakundeen politiketan prebentzioaren ikuspegia
txertatzeko ildoa lantzea izan zen lehen urratsa, proiektu zehatzek kalterik ez eragiteko gune euskaldunen euskarazko gizarte bizitzan eta kultur garapenean.
Iazko jardunaldian, berriz, beste urrats bat egitea eta prebentzioaren ikuspegitik garapenera igarotzeko beharra nabarmendu zen, eta udalerri euskaldunen eta arnasguneen garapen iraunkorra bermatzeko oinarriak adostu ziren. Oinarri horiek bideratzeko egitasmo zehatzak abiaraztea da orain asmoa, udalerri euskaldunak garatzeko eta arnasguneei bizirik eusteko.
5.000 euroko bi lan sarituko dira
Zehazki, udalerri euskaldunak garatzeko proposamen zehatzak eta bideragarriak bildu nahi ditu Iñaki Arregi Bekaren lehen deialdiak. UEMAk sortu du beka, Eusko Jaurlaritzaren Hizkuntza Politikarako sailburuordetzaren babesarekin, eta Gipuzkoako Foru Aldundiarekin, Kontseiluarekin eta UEUrekin elkarlanean.
Lehen deialdi honetan, 5.000 euroko bi lan sarituko dira. Proposamenak eta lehen laginak aurkezteko epea uztailaren 24an amaituko da, eta epaimahaiak irailaren 20an jakinaraziko du diruz lagundutako ikerlanak zein izango diren. Egun horretatik aurrera, saridunek bederatzi hilabeteko epea izango dute laginak garatzeko eta ikerlanak aurkezteko. Amaitzean, gutxienez 75 eta gehienez 200 orrialde izan beharko dituzte saritutako lanek.
Beka norbanakoek edota ikerketa egiteko berariaz sortutako lantaldeek jaso ahal izango dute.
Udalerri euskaldunen garapenarekin ez ezik, soziolinguistika edukiak zabaltzearekin eta udalerri euskaldunei buruzko ikerketarekin lotura estua izango du bekak, eta UEMAk antolatutako jardunaldietan ezagutaraziko dira lan saridunen edukiak.
Iñaki Arregi, UEMAren arima
Iñaki Arregi Ihartza (1953-2010) izan zen UEMAren koordinatzailea, hil zen arte. Ederki zekien UEMAren nondik norakoak eta helburuak gainontzekoei helarazten, eta UEMAren arima izan zen, sorreratik.
Euskaltzale sutsua izan zen Arregi, eta Euskal Herri euskalduna lortzeko bidean ezinbestekoa iruditzen zitzaion UEMAren lana eta lurgunea zabaltzea.
· IÑAKI ARREGI BEKA: oinarriak eta informazio zehatza.
– Oinarriak (PDF).
· ESKAERA-ORRIA:
– Eskaera-orria (PDF).
– Eskaera-orria (doc).
Gai honi buruzko informazio osagarria:
· UEMAk Iñaki Arregi beka sortu du eta bi lan sarituko ditu, 5.000na eurorekin (Europa Press, 2019-05-30).
· Iñaki Arregi bekea sortu dau UEMAk (bizkaie.biz, 2019-05-30).
· Udalerri euskaldunen garapena aztertzeko beka sortu du UEMAk (naiz.eus, 2019-05-30).
· Beka bat sortu du UEMAk, udalerri euskaldunen garapena aztertzeko, ikerketa sustatzeko eta euskal soziolinguistikaren inguruko ezagutza areagotzeko (orio.eus, 2018-05-30).
· Iñaki Arregi beka sortu du UEMAk (unibertsitatea.net, 2019-05-31).
· Iñaki Arregi beka sortu du UEMAk, “udalerri euskaldunak garatzeko” proposamenak laguntzeko (Karkara, 2019-05-30).
· UEMAk, Udalerri Euskaldunen Mankomunitateak, Iñaki Arregi ikerketa beka sortu du (El Correo, 2019-06-02).
· Iñaki Arregi beka sortu du UEMAk, “udalerri euskaldunak garatzeko proposamenak” laguntzeko (Zarauzko Hitza, 2019-05-31).
· UEMAk Iñaki Arregi beka sortu du eta bi lan sarituko ditu, 5.000na eurorekin (bilbao24horas.com, 2019-05-31).
· Iñaki Arregi beka (zarautzgazte.com, 2019-05-31).
· Iñaki Arregi beka sortu du UEMAk (aramaio.eus, 2019-05-30).
· Iñaki Arregi beka (iparmank.eus, 2019-05-31).
· Udalerri euskaldunen garapena aztertzeko beka sortu du UEMAk (ataria.eus, 2019-06-06).