Hasiera » Zehaztu gabe » Turismo eskaintzan ere euskararen balio erantsia aztergai

Turismo eskaintzan ere euskararen balio erantsia aztergai

UEMAko turismo lantaldeak deituta, berrogei lagun bildu ziren pasa den asteartean Zumaian, turismoan euskarari balio erantsia emateari buruzko gogoetak partekatzeko eta lanerako ildoei buruz hitz egiteko. UEMAko kide diren herrietako turismo teknikariak, euskara teknikariak eta ordezkari politikoak izan ziren bileran. Besteak beste, Zumaia, Zarautz, Orio, Getaria, Zestoa, Oñati, Oiartzun, Deba, Mutriku, Ondarroa, Lekeitio, Leitza, eta Nafarroako mendialdekoak.

Horiek guztiak udalerri euskaldunak dira eta, ondorioz, euskararen indarguneak diren udalerrietarako hizkuntza politiken baitan ari dira lanean.

Bileraren lehenengo zatian, UEMAk eskatutako bi lan aurkeztu ziren. Batetik, udalerri euskaldunetan bisitariek euskararen gainean duten duten iritziari buruzko azterketaren ondorioak aurkeztu ziren. Bestetik, euskara turismo eskaintzaren erdigunean kokatzeko Beinke enpresak landu duen komunikazio plangintzaren lehen zirriborroa.

Ondoren, lantaldeak osatuta, ekarpenak egin eta jaso ziren.

UEMAko teknikari eta UEMAren turismo lantaldearen koordinatzaile Goizane Aranaren hitzetan, bilera “erabat aberasagarria” izan zen. “Herrietako praktika onen berri izateko aukera izan delako eta turismo eskaintzan euskarak balio erantsia duela aho batez onartu delako. Era berean, aurrera begira modu bateratuan lan egiteko eta informazioa partekatzeko gogo  garbia ikusi da. Gaian interesa duten turismo teknikariekin beste bilera bat egingo da, bertan jasotako ekarpenak bideratzen hasteko”.

UEMAk 2017an ekin zion udalerri euskaldunetako turismo eskaintzan euskarak izan beharreko lekuari buruzko hausnarketari, horretarako lantaldea sortuta berariaz. Orain arteko egindako bidearen nondik norakoak, gogoetak eta aurrera begirako ildoak azaroan turismoari eta euskarari buruz egingo duten jardunaldian bilduko dituzte.

Material osagarria:
· Ahize-AEK hizkuntza aholkularitzak UEMArentzat egindako txosten orokorra, datuekin eta ondorio nagusiekin (PDFa, 54 orrialde).

Gai honi buruzko informazio osagarria:
· Euskara ikustea, entzutea eta turismo eskaintzan nabarmentzea gustura hartu ohi dute bisitari gehienek (Berripapera, 2018ko abendua).
· Euskara turismo eskaintzaren erdigunera ekartzeko zenbait ekimen, udalerri euskaldunetan (uema.eus, 2017-07-05).
· Turistek eskertu egiten dute euskara entzutea, UEMAk egindako azterketaren arabera (Ttipi-Ttapa, 2019-04-05).
· Euskara eta turismoa lotzeko ekimenak landu dituzte Oriok, Zumaiak, Azpeitiak eta Nafarroako Gobernuak (argia.eus, 2017-07-06).
· Turistek euskararekiko duten iritzia jasotze aldera inkesta bat banatuko du Zumaiako Udalak (baleike.eus, 2017-07-05).
· Orioko Udalak euskararen erabilera bultzatu nahi du herriko taberna eta jatetxeetan (orio.eus, 2017-06-12).
· Turistek euskararekiko dute pertzepzioa jakin nahi du Zumaiako Udalak (Urola Kostako Hitza, 2017-07-07).
· Eta zuk, bisitari, ba al dakizu hemen euskaraz egiten dela? (Argia, 2018-04-15).
· “Turismoa sustatzen ari gara Kantabrian bagina bezala” (Argia, 2019-04-21).


Etiketak:
Aurreko albistea
Hurrengo albistea

Honi buruz komunikazioa

Itzuli gora
Cookie-ak erabiltzen ditugu nabigazio esperientzia hobetzeko eta gure zerbitzuak eskaintzeko. Nabigatzen jarraitzen baduzu, ulertuko dugu horien erabilera onartzen duzula.