Hasiera » Zehaztu gabe » “Superberbalagunak, elkartu gurekin” lelopean, mintzapraktikak aurkeztu dituzte Debagoienako euskara eragileek

“Superberbalagunak, elkartu gurekin” lelopean, mintzapraktikak aurkeztu dituzte Debagoienako euskara eragileek

Arrasate, Aretxabaleta, Bergara, Eskoriatza eta Oñatiko euskara eragile eta elkarteek “Superberbalagunak, elkartu gurekin” deitzen den programa aurkeztu dute. Aurtengoa, gainera,  urte berezia da, Donostian mintzapraktikak hasi zirenetik 20 urte pasatu direlako, eta Debagoiena eskualdean hasi zirenetik 13 urte.

Superberbalagunak hitzarekin, urtero euskara ikasten dabiltzan euskaldun berriei omenaldia egin nahi izan diete horrela. Eta Super-heroiak bezala sarri ikusiezinak izanda ere, beraiei esker euskara biziberritzen ari dela nabarmendu dute. Izan ere, pasa den urtean Euskal Herrian 5,500 mintzalagun elkartu ziren. Debagoienean 249 lagun gutxi gorabehera; 77 Arrasaten, 70 Bergaran, 40 Aretxabaletan, 40 Eskoriatzan eta 12 Oñatin.

Saioak astero

Mintzapraktiken garrantzia azpimarratu nahi izan dute, euskara praktikatzeko aukera ematen dietelako euskaraz moldatzeko maila izanda ere, bere inguruan euskaraz berba egiteko aukerarik ez duten pertsonei. Astean ordubetez elkartzen dira euskaldun zahar edo naturaltasunez hitz egiteko gaitasuna duten euskaldunekin, gustuko ekintza bat egin bitartean berba egiteko. Hala ere, mintzalagunak elkartzeko ordubete horrez gain, urtean beste hainbat ekintza antolatzen dituzte, besteak beste, kultur irteerak, ikastaroak edo afariak.

Gaurkoan baina, aurtengo ikasturterako beste helburu bat aurkeztu dute: Guraso-lagun egitasmoa. Belaunaldien arteko transmisioaren garrantzia dela eta, erabakigarria delako euskararen bizi-iraupenerako.

Izen ematea

Parte hartu nahi izanez gero, antolatzaile diren erakundeetara jo behar da; AEDra, Jardun Euskara elkartera, Loramendi Elkartera, Oñatiko euskaltegira edo Eskoriatzako Kultur etxera. Bestela, zaharberri@aedelkartea.com, jardunkulturatopagunea@topagunea.com edo loramendielkartea@gmail.com helbideetara zuzentzea da beste aukera bat.

Mintzapraktika taldeetan parte hartzeko baldintza bakarra euskaraz komunikatzeko gutxieneko maila izatea da. Baldintza hori betea, interesa duten guztiei zabalik dago eta erabat dohainekoa da.

Etiketak:
Aurreko albistea
Hurrengo albistea

Honi buruz komunikazioa

Itzuli gora
Cookie-ak erabiltzen ditugu nabigazio esperientzia hobetzeko eta gure zerbitzuak eskaintzeko. Nabigatzen jarraitzen baduzu, ulertuko dugu horien erabilera onartzen duzula.