Hasiera » Zehaztu gabe » Gasteizko kilometroa elkarrekin egiteko deia egin die UEMAk udalerri euskaldunetako herritarrei eta ordezkariei

Gasteizko kilometroa elkarrekin egiteko deia egin die UEMAk udalerri euskaldunetako herritarrei eta ordezkariei

Udalerri Euskaldunen Mankomunitateak datorren igandean hartuko du Korrikaren lekukoa. Gasteizen izango da, Korrikaren amaieran, eta kilometro hori elkarrekin egiteko gonbidapena eta deialdia egin die herritarrei, euskaraz garela festa giroan aldarrikatzeko.

Datorren igandean, Korrika amaitu aurreko azken kilometroetako bat egingo du UEMAk, Gasteizen. Igande eguerdian izango da, Korrika amaitu baino apur bat lehenago. Zehazki, 12:21ean du hitzordua UEMAk, 2.559. kilometroan (Bake kalea, 2. Dandaraba zentro komertzialaren atarian. Hemen kokapen zehatza ikusgai).

Korrikak Euskal Herrian barrena zabaltzen duen euskararen aldeko aldarriarekin eta ilusioarekin bat eginez, UEMAk udalerri euskaldunetako herritarrei eta udal ordezkariei gonbidapena eta deialdi berezia egin nahi die Gasteizen batera aritzeko korrika.

UEMAren lehendakari Josu Labakaren hitzetan, “beste behin ere, Korrikak, batzen gaituenaren atzean sumatzen den ilusioa eta gaitasuna erakusten du. Elkarlanean egin daitekeenaren ispilua da euskararen aldeko lasterketa herrikoia. Lekukoari elkarrekin heldu, eta aurrera segitzeko hainbat arrazoi ditugu: euskara ikastearen doakotasuna, udalerri euskaldunen zaintza, euskaraz bizitzeko irrika eta, batez ere, euskaldunak garela esateko harrotasuna, harrokeriarik gabe. Beraz, hau guztia gurekin partekatzeko deia egin nahi diegu udalerri euskaldunetako herritarrei, eta UEMAko kide diren udaletako hautetsi, alkate, langile eta ordezkari guztiei”.

Etiketak:
Aurreko albistea
Hurrengo albistea

Honi buruz komunikazioa

Itzuli gora
Cookie-ak erabiltzen ditugu nabigazio esperientzia hobetzeko eta gure zerbitzuak eskaintzeko. Nabigatzen jarraitzen baduzu, ulertuko dugu horien erabilera onartzen duzula.