Legorretan elkartuko dira larunbat honetan UEMA osatzen duten 86 udalerri euskaldunetako alkateak eta zinegotziak, mankomunitatearen batzar nagusian. Besteak beste, 2018an egindakoaren balantzea aztertuko dute, eta 2019rako UEMAren zuzendaritza batzordeak proposatutako egitasmoa ere izango dute aztergai.
[Legorretako herri antzokian izango da UEMAren batzar nagusia,
larunbat honetan, 10:00etan hasita].
Urtean bi batzar nagusi egiten ditu UEMAk, eta aurtengo bigarrenaren txanda izango da larunbat honetan. Ohiko aztergaien artean, batez ere 2018ko balantzea eta 2019rako egitasmoa izango dituzte hizpide ordezkariek.
2018ko balantzean, batez ere hiru kontu nabarmenduko dituzte. Honakoak:
· Udalerri euskaldunen garapena bermatzeko hainbat erakunderen artean egindako txostena eta bide-orria: Arnasguneak: prebentziotik garapenera (UEMAk, Kontseiluak, UEUk eta Gaindegiak elkarlanean egindako lana).
· Udalerri euskaldunetako turismo guneetan bisitariei egindako inkestaren emaitzak eta ondorioak: euskara amu erakargarria da bisitarientzat.
· Eragin Linguistikoaren Ebaluazioa. Zeraingo eredua, eta ELEk izan duen garapena.
Amaitzear den urteari begira, gazteak kontzientziatzea helburu duen UEMAren hezkuntza proiektua, Euskaraldia, erakundeen arteako elkarlana, UEMAko ia herri guztietan egin diren erabilera planak, eta urtean zehar landutako beste hainbat kontu ere hizpide izango dituzte udaletako ordezkariek.
2019ko egitasmo nagusiei dagokienez, berriz, hainbat kontu garrantzitsu ditu esku artean UEMAren zuzendaritza batzordeak. Batetik, etorri berrientzat landu beharreko egitasmoak, turismo guneetarako ekimenak eta hezkuntza proiektua sendotzea. Bestetik, eta maiatzetik aurrera udalbatza berriak osatuko direla kontuan izanda, UEMAren lana eta ildoak erakusteko eta hauen garrantzia ikusarazteko formakuntza saioak udal ordezkari berrientzat.
86 udal eta 250.000 biztanleko lurgune euskalduna
Gaur egun, 86 udalek osatzen dute Udalerri Euskaldunen Mankomunitatea, guztien artean 250.000 biztanle inguruko lurgune euskalduna osatuz. Euskararen aldeko herri mugimendutik sortu zen UEMA. 1988an Euskal Herrian Euskaraz elkartearen mozio bat onartu zuten Araba, Bizkaia, Gipuzkoa eta Nafarroako 32 udalek, udalak euskalduntzeko eta euskara hutsean funtzionatzen hasteko. Horretarako zailtasunak eta arazo komunak zituztela ohartuta, udal haietako batzuk elkarren artean biltzen eta koordinatzen hasi ziren, udalak ere euskaraz lanean hasi ahal izateko. Horrela, mankomunitate izaera hartuta, erakunde publiko bihurtu zen UEMA. 1991n, sorrerako batzarrean 17 udalek hartu zuten parte, eta ordudanik hazten joan da udalerri euskaldunen lurgunea, udalen kopuruari dagokionez. Agintaldi honen hasieran, esaterako, 72 herri ziren UEMAko kide. Gaur egun 86 dira.
———————————————–
Gai honi buruzko informazio osagarria:
· UEMAk 2019rako egitasmo nagusiak onartuko ditu larunbatean batzar nagusian, Legorretan (Europa Press, 2018-12-13).
· Larunbatean egingo du UEMAk urteroko batzarra, Legorretan (berria.eus, 2018-12-13).