Hasiera » euskalduntzea » ‘Ikasi euskara herrian bertan’ kanpaina abian da aurten ere, euskaltegirik ez duten herri txikietan ere euskara ikasi ahal izateko

‘Ikasi euskara herrian bertan’ kanpaina abian da aurten ere, euskaltegirik ez duten herri txikietan ere euskara ikasi ahal izateko


Ikasturte berriarekin batera abiatu dute bateko eta besteko euskaltegiek matrikulazio kanpaina. UEMAk, bertako kide diren hainbat udalekin elkarlanean, bat egin du aurten ere kanpainarekin, udalerrien euskalduntze osoa lortzeko bidean euskaltegien lana funtsezkoa dela jakinda. Izan ere, etorri berrien formazioan ez ezik, aspaldidanik gure artean bizi diren baina oraindik euskararik ez dakiten herritarren alfabetatzean ere nabarmen eragiten dute euskaltegiek. Herri txiki askotan, ordea, ez dago euskaltegirik, eta herri horietako biztanleek alboko herri handiagoetara joan behar izaten dute euskara ikastera.

Horren aurrean, aurreko ikasturteetan bezala, 201-2019 ikasturtean ere laguntza eskainiko du UEMAk herri txikietan. Herrian bertan ikasle taldeak sortzeko koordinazio-lana egingo du alde batetik, beti ere eskualdeko euskaltegiekin elkarlanean. Bestetik, berriz, diru-laguntzak jasotzeko arautegi, ordenantza eta antzekoen inguruko aholkularitza ere emango die udalei.

Euskalduntzean ez ezik, urrats hauekin, herri txikien garapenean ere eragin nahi du UEMAk, orain arte bezala, bertako biztanleek zerbitzua herrian bertan izan dezaten ahaleginduz eta herri txikiak bizirik mantentzeko lan eginez. Era berean, euskalduntzeari ere ekarpena egiten dio, euskaltegien matrikulazio kanpainaren garrantzia nabarmenduz eta ikasle gehiago lortzen ahaleginduz. 

Ikasturte honetan ere, euskaltegirik ez duen herri txikiren batean bizi eta euskara ikasi nahi izanez gero, udalera jo beharko du herritarrak, eta ondoren UEMAk koordinatuko du herri horretan ikasle-taldea sortzeko egin beharrekoa, bai udalarekin eta bai eskualdeko euskaltegiekin.

Zenbait udalek ikasturte honetan ere bereziki landu dute gaia, euskalduntzeak duen garrantziaren jakitun. Legorretako Udalak, esaterako, deialdi berezia egin die oraindik euskaraz aritzeko gai ez diren herritarrei. Azken urteotan euskara ikasi duten herritarren esperientzia ere bildu dute bideo batean, oraindik animatu ez direnei gonbidapena eginez eta euskara herrian bertan ikasteko kanpainaren berri emanez.

Bideoa: ‘Ikasi euskara herrian bertan. 2018-2019 ikasturteko matrikulazio kanpaina. Legorretako Udala eta UEMA’.

Gai honi buruzko informazio osagarria:
· Euskaltegirik ez daben herrietakoek be euskerea ikasteko kanpainea (bizkaie, 2018-09-07).

Etiketak:
Aurreko albistea
Hurrengo albistea

Honi buruz komunikazioa

Itzuli gora
Cookie-ak erabiltzen ditugu nabigazio esperientzia hobetzeko eta gure zerbitzuak eskaintzeko. Nabigatzen jarraitzen baduzu, ulertuko dugu horien erabilera onartzen duzula.