Euskarazko abizenak euskal grafiarekin idazteko ‘Izena duenak izana du’ sentsibilizazio kanpaina martxan jarri du maiatzean Bermeoko Udalak, UEMAren laguntzarekin, “munduan euskaldunek presentzia izateko”.
Iturria eta testua: Bermeoko Udala
Bermeon oso zabalduta dauden abizen asko idatzi daitezke euskeraz: Atxikallende, Allika, Argiarro, Astiazaran, Etxebarria, Bulukua, Markaida, Erauzkin, Gabantxo… Helburua da euskal abizena era ofizialean gaztelaniazko grafiaz idatzita duenak pausua ematea eta epaitegian eskatzea aldaketa, eta horretarako, UEMAk prestaturiko informazio-orria eta kartelak banatuko dituzte Bermeoko Udalak eta hainbat eragilek.
Aipatutako informazio-orrietan jasotzen denez, hiru pausu erraz eman behar dira abizenak euskal grafiaz idazteko. Horrela, adierazten denez, interesa duen pertsona lehenik eta behin erregistro zibilera edo bake epaitegira joan behar da, eta abizena euskal grafiaz ipini nahi duela esan. Bertan, emango dioten eskaera orria beteko du bere datuekin.
Ildo berean, agiri hauek eraman behar dira: nortasun agiriaren fotokopia (adinez nagusia ez denak gurasoena eraman behar du); hitzez hitzeko jaiotza ziurtagiria (epaitegian eskatzen da); errolda agiria (Udaletxean eskatzen da eta, adinez nagusia ez bada, gurasoena beharko du); familia liburuaren fotokopia (familia edo seme-alabak baditu); eta seme-alaben nortasun agiriaren fotokopia, 16 urtetik gorakoak badira.
Horrez gain, izena edota abizena euskaraz nola idatzi behar den kontsultatzeko www.euskaltzaindia.eus web gunean bilatu ahal izango da informazio osatua.
Informazio-orriak udal zerbitzuetan (Berhaz, Behargintza, Udal liburutegia, Kultur etxea, Musika eskola eta Kiroldegia) eta Bake Epaitegian egongo dira, eta ikastetxeetara ere zabaldu dira.
Juan Karlos Agirrek, Bermeoko Euskera zinegotziak, adierazi duenez, 2010etik 2017ra 300 espedientetik gora tramitatu dira, beraz, kanpaina honen emaitzak positiboak dira. Euskara zinegotziak izen-abizenak euskal grafiaz idazteko prozesua “erraza” dela adierazi du, eta herritarrak animatu ditu pauso hori ematen, “garrantzitsua delako euskaldunok munduan leku bat izatea, eta, euskal abizenak euskal grafiaz idazten baldin baditugu, horixe erakusten dugu”.
Bestalde, epaitegietan egiten diren beste tramite batzuk ere euskaraz egin daitezkeela gogoratu du. Hala, bada, epaitegian erregistratzen diren jaiotza, ezkontza eta heriotza-inskripzioetan, euskara erabiltzeko aukera badago.
Ildo honetan, 2017an jaio diren bermeotarren erdiak gutxi gorabehera euskaraz inskribatu dituzte. Agirrek 2018an jaiotzen diren umeen eta ezkonberrien inskripzioak euskaraz egitera animatu ditu, “arlo honetan euskaraz bizitzeko beste pauso bat emateko”.