Hasiera » Zehaztu gabe » Azpeitiko udalak euskara ikasteko doako ikastaroak antolatu ditu langabetuentzat

Azpeitiko udalak euskara ikasteko doako ikastaroak antolatu ditu langabetuentzat

Azpeitiko Udalak 2013-2014 ikasturtean euskara ikasi edota hobetu nahi duten langabetu azpeitiarrei laguntza berezia emango die. Horrela iragarri dute gaur, irailaren 16a, Kontxita Martija Euskara batzordeburuak eta Leire Etxaniz Gizarte Zerbitzuetako batzordeburuak.

“Milaka dira azken 30 urteotan Azpeitiko Udal Euskaltegian euskara ikasten ibilitako azpeitiarrak. Azpeitiar horietako asko eta askori lanerako aukera ere hortik etorri zaie; euskara ikastetik, alegia. Horregatik, gaur egungo lan egoeraren beltza eta larria ikusita, Azpeitiko Udalak ate hori zabal-zabalik utzi nahi die langabezia egoeran dauden azpeitiar guztiei”, azaldu du Martijak.

Azpeitiko Udal Euskaltegiak ikasturte berrirako matrikulazioa irailaren 30a arte irekita dauka, ikasle guztientzat eta ikastaro guztietarako. Langabezian dauden herritarrek ere epe bera dute Udal Euskaltegiak eskaintzen dituen ikastaroetako batean izena emateko. Gainerako ikasleek ez bezala, ordea, izena ematerakoan ez dute ezer ordaindu beharrik izango: Udala egingo da langabetuen matrikularen kargu. Ikastaroa erabat doan izateko baldintza bakarra bete beharko dute, ikasturtean zehar: asistentzia gutxienez % 85ekoa izatea. Azpeitiko edozein ikasleri itzultzen zaio matrikularengatik ordaindutakoa asistentzia maila horren truke; langabetuek, berriz, ez dute hasierako ordainketa hori egin beharrik izango.

Kontxita Martijak esan bezala, “Azpeitiko Udalaren asmoa da langabezia egoeran dauden azpeitiar guztiei euskara dohainik ikasteko aukera ematea. Ikastaro hauek antolatzeko, eta jakiteko zenbat diren euskara ikasi nahi duten langabetu azpeitiarrak, izena emateko epea zabalduko dugu gaurtik hasita irailaren 30era arte. Izen-ematea Azpeitiko Euskara Patronatuan egin behar da epe horren barruan. Ondoren, Azpeitiko Udalak, dituen baliabideen arabera, antolaketarik egokiena egingo du ahalik eta langabe gehienei erantzuteko asmoz. Azpeitiko Udalak izena ematen duen langabe bakoitzari erantzun pertsonalizatua emango dio”.

UEMAk txalotu

UEMAk bere aldetik,  Azpeitiko udalaren ekimena txalotu du. Izan ere, UEMAk esana du udalerri euskaldunetan euskara kohesio sozialerako edota elkarbizitzarako baliabidea ere badela. Herriotan euskarak harreman naturaletarako bidea eskaintzen duenez, integraziorako tresna eraginkorra da euskara edonorentzat. Azpeitian, biztanleen %83,64 daki euskaraz Eustat Euskal Estatistika Erakundeak emandako azken datuen arabera.

Etiketak:
Aurreko albistea
Hurrengo albistea

Honi buruz komunikazioa

Itzuli gora
Cookie-ak erabiltzen ditugu nabigazio esperientzia hobetzeko eta gure zerbitzuak eskaintzeko. Nabigatzen jarraitzen baduzu, ulertuko dugu horien erabilera onartzen duzula.