Hasiera » Zehaztu gabe » Nafarroako Gobernuak ez ditu liburuzain euskadunak bermatzen

Nafarroako Gobernuak ez ditu liburuzain euskadunak bermatzen

UEMAko udalerrietako hainbat liburutegi Nafarroako Liburutegi Publikoen Sarean daude. Horrela, Bera, Lesaka, Elizondo, Etxarri-Aranatz eta Leitzako liburuzainak Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioaren eta haren erakunde autonomoen menpekoak dira. 

Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioaren eta haren erakunde autonomoen plantila organikoan, UEMAko udalerrietako udal liburutegietako arduradunek ez dute hizkuntza eskakizunik, euskara meritua baino ez da. 

Egoera horrek, udalerri euskaldun horietako liburutegietan euskaraz ez dakiten langileak ipintzeko aukera zabaltzen du. Horren adibide dira Etxarri-Aranatz eta Elizondoko liburutegiak, ez dute lanpostu horietan aritzeko beharrezko den euskara mailarik. 

Gure udalerrian herritarren % 70etik gora euskalduna da. Euskaldunen tasa are handiagoa da liburutegiaren erabiltzaile nagusi diren 25 urtez azpikoen artean gainera, zehazki % 90etik gorakoa da. 

Gainera, Euskarari buruzko 15/1986 Foru Legearen arabera, UEMAko udalerriak Nafarroako zonalde euskaldunean daude. Hortaz, euskara hizkuntza ofiziala da eta “herritar guztiek, Administrazio Publikoekiko harremanetan, euskara nahiz gaztelania erabiltzeko eta berek hautatutako hizkuntza ofizialean harrera izateko eskubidea dute.”

UEMAk, besteak beste, mankomunitateko udaletan eta udalek ematen dituzten zerbitzuetan euskara lan eta zerbitzu hizkuntza bihurtzea lortu nahi du. Horregatik,  eta liburutegiko langileen hizkuntza gaitasunak udalerrietako egoera soziolinguistikoan duen eraginaz jabetuta, aipatu langileen hizkuntza eskakizuna ezartzea beharrezkoa dela uste du.

Horretarako, mankomunitatea lanean hasi da. Egoera horri irtenbidea emateko helburuz,  Nafarroako Gobernuko Kultura Zuzendaritza eta Nafarroako Administrazioko Funtzio Publikoko Sailari bilerak eskatu dizkio.

Etiketak:
Aurreko albistea
Hurrengo albistea

Honi buruz komunikazioa

Itzuli gora
Cookie-ak erabiltzen ditugu nabigazio esperientzia hobetzeko eta gure zerbitzuak eskaintzeko. Nabigatzen jarraitzen baduzu, ulertuko dugu horien erabilera onartzen duzula.