Hasiera » arnasguneak » Hizkuntzaren garapenean eragiten duten faktoreak sakon aztertu ditu UEMAk

Hizkuntzaren garapenean eragiten duten faktoreak sakon aztertu ditu UEMAk

Euskararen ezagutzaren eta erabileraren arteko aldea zerk eragiten duen aztertu dute UEMAko teknikari Goizane Aranak eta Eneritz Albizuk. Atzo aurkeztu zuten ‘Bermeo eta Ondarroa, hizkuntzaren garapenean eragiten duten faktoreak’ ikerketa mardula.  Ondorioetan nabarmentzen denez, euskararen aldeko hizkuntza politika ausartak eta eraginkorrak ez dira nahikoa, euskarari eustea ahalbideratzen duen ekosistema osoak huts egiten baldin badu.

Goizane Arana (UEMAko teknikaria eta ikerketaren egilea), Josu Labaka (UEMAko lehendakaria), Idurre Bideguren (Bermeoko alkatea), Eneritz Albizu (UEMAko teknikaria eta ikerketaren egilea) eta Maite Alvarez (Bermeoko Euskara teknikaria), atzoko aurkezpenean, Bermeon.

Azaroaren 22an, udalerri euskaldunei eta arnasguneei buruzko soziolinguistika jardunaldia izango da Donostian, UEMAk eta Soziolinguistika Klusterrak antolatuta. Izan ere, bada udalerri euskaldunetan kezka iturri den kontu nabarmen bat. Hurrengo asteotan aurkeztuko ditugun udalerri euskaldunetako kale erabilera datuek, joera oso nabarmena erakusten baitigute. Honakoa: euskararen ezagutza portzentajea antzekoa duten herrietan, erabileraren portzentajea oso ezberdina izan daiteke.
Beraz, zein da udalerri euskaldun izatearen eta benetako arnasgune izatearen arteko aldea? Non dago labarra? Zein dira faktoreak?
Galdera horien inguruko erantzunak eta hausnarketak izango dira jardunaldiaren ardatza.

Horri lotuta, UEMAko Goizane Arana eta Eneritz Albizu teknikariek lan handia egin dute azken hilabeteotan, ondorio batzuk atera nahian. Zehazki, euskararen ezagutzari dagokionez antzekoak diren bi herri hartu dituzte: Bermeo eta Ondarroa. Biak udalerri euskaldunak. Kostaldekoak. Bizkaikoak. Arrantzale herriak. Batean kale erabilera datuak onak dira. Ondarroan. Bestean, aldiz, Bermeon, oso kezkagarriak, batez ere gazteen artean.

EUSKARAREN EZAGUTZA:
· Ondarroa: %79.
· Bermeo: %72.
EUSKARAREN ERABILERA:
· Ondarroa: %79 (gazteen artean %92).
· Bermeo: %33 (gazteen artean %14,8).

Zer gertatzen da orduan? Zergatik?
Zergatik dago euskararen ezagutzaren eta erabileraren arteko aldea Bermeon eta ez aldiz Ondarroan?
Areago, bietan hizkuntza politikak antzekoak direnean, eta Bermeoko Udalaren euskararen aldeko hizkuntza politika ere ausarta eta eredugarria denean.

Horri erantzuteko, Bermeoko Udalak eskatuta, ikerketa sakona egin dute UEMAko bi teknikariek, eta atzo aurkeztu zuten, Bermeon, herritarren aurrean. ‘Bermeo eta Ondarroa, hizkuntzaren garapenean eragiten duten faktoreak’ lana, 300 orrialde baino gehiagoko azterketa da. 32 orrialdeko bertsio laburtua ere prestatu dute, ondorioak eta proposamenak biltzen dituen eranskinarekin batera.

Bi teknikarien hitzetan, “argi dago euskara sustatzeko hizkuntza politiketan orain arte kontuan hartu diren faktoreez gain,
euskaraz naturaltasunez hitz egitea ahalbideratzen duen ekosistema osoa dela zaindu beharrekoa. Eguneroko bizitzako harreman sareak, alegia. Ekosistema horrek huts egiten duenean sortzen da etena ezagutzaren eta erabileraren artean”. 



Beheranzko joera nabarmena den herrietan, zer gertatzen den aztertzeko beharra

Goizane Aranak eta Eneritz Albizuk nabarmendu dutenez, ikerketaren abiapuntua udalerri euskaldunetan euskararen gaitasunak eta erabilera sozialak azken urteotan izan duten bilakaera izan da. “Batez ere, bilakaera horretan beheranzko joera oso nabarmena duten herrietan. Kale neurketek eta azterlan soziolinguistikoek erakusten dute joera hori duten udalerrietako bat Bermeo dela. Hori dela eta, Bermeoko Udalak hala eskatuta, beherakada horren atzean egon daitezkeen arrazoiak edo faktoreak aztertzea izan du helburu azterlan honek, ondoren neurri zuzentzaileak iradokitzeko. Bestalde, hizkuntzaren gaitasunari zein erabilerari eutsi dion udalerri bat ere aztertu da: Ondarroa. Ondarroa aukeratu da joera oso desberdina izan duelako udalerri horrek, eta biak direlako arrantzari lotutako Bizkaiko udalerri euskaldunak.

Udalerri euskaldunak eta euskararen arnasguneak parean jarri izan badira ere, ikusi da udalerri euskaldun guztiak ez direla arnasgune. Udalerri euskaldunek betetzen dituzte arnasgune izateko baldintza soziolinguistikoak, hau da, badute hiztun masa nahikoa inguru horietan euskaraz bizitzeko. Dena den, hainbat faktore soziologiko tarteko, herri guztiek ez diete berdin erantzuten izaera horri. Gainera, arnasguneak, oro har, hauskorrak dira oso, txikiak direlako eta edozer aldaketak eragiten dielako nortasunean”.

Metodologia

Ikerlan hau osatzeko, lau bide erabili dituzte nagusiki Aranak eta Albizuk. Batetik, datuen bilketa egin dute. Bertan jaso dira Bermeoren eta Ondarroaren inguruko datu soziolinguistikoak, geografikoak, demografikoak, ekonomikoak, turistikoak, zerbitzuen ingurukoak eta hizkuntza politikari dagozkienak. Bestetik, teknika kuantitatiboak eta kualitatiboak ere erabili dituzte. Kuantitatiboei dagokienez, inkestak egin dituzte. Guztira, herritarrek erantzundako mila inkestatik gora jaso dituzte. 526 inkesta Bermeon, eta 498 inkesta Ondarroan. Bestetik, teknika kualitatiboen bitartez, elkarrizketa sakonak eta talde eztabaidak ere egin dituzte. Udalerri bakoitzean lau herritar elkarrizketatu dituzte, euskararen alor soziolinguistikoaren ezagutza dutenak. Talde eztabaidei dagokienez, herritarren uste eta pertzepzioak jakin nahi izan dituzte. Horretarako, udalerri bakoitzean hiru eztabaida talde egin dira: gazteak (16-24), helduak (25-50) eta adinekoak (51tik gora).

Ondorioak

Horrela, hizkuntzaren garapenean eragiten duten hainbat faktore nabarmendu dituzte ondorioetan, bakoitzaren ingurukoak zehaztuz. Besteak beste, herriaren kokapen geografikoa, azken urteotan izandako migrazio mugimenduak, turismoaren eragina, transmisioa, erreferenteen garrantzia, herri-bizitza eta ohiturak. 

Euskarari eustea ahalbideratzen duen ekosistema osoan, herri-bizitzaren inguruan bi herrietan alde nabarmena dagoela ohartu dira: “Ondarroaren kasuan,  herri bizitza aktiboa eta dinamikoa da; kalean bizitza handia egiteko joera izan dute ondarroarrek, harreman sarea trinkoa da, eta horiek guztiak euskaraz egiten dituzte. Bermeon, ostera, ahulduta sumatzen dute herri giroa zein mugimendua. Batetik, Alde Zaharra husteak eta poteoa desagertzeak herri bizitza euskaldunaren gainbehera ekarri duela diote Bermeon; bizimodu ohituretan aldaketak izan dira, eta horrek ondorioak ekarri ditu”.

Antzekoa gertatzen da erreferenteekin ere: “Erreferenteei dagokienez, Ondarroan pertsona jakinak baino herri eragileak edo elkarteak dituzte erreferentetzat, eta denek euskaraz funtzionatzen dute. Arau soziala oso barneratuta dago eta hori da eredua. Bermeoko erreferente gehienek, aldiz, ez dute euskaraz funtzionatzen. Kirol mundua izan da aipatuena, futbola batik bat, eta hor eredua gaztelaniazkoa da”.

Arana eta Albizuren hitzetan, “Ondarroari dagokionez, esan daiteke norbanako maila, hau da, gaitasun erlatiboa eta motibazioa, erabat euskararen aldekoa dela. Maila mikrosozialean ere euskararen egoera osasuntsua da: euskaldunen harreman sarea trinkoa da, euskarari eusteko jarrera nagusia da eta agerikoa da euskaraz egiteko gaitasuna badutela herritarrek. Arazoak maila makrosozialean aurkitu dira, hizkuntza politika orokorraren edo bestelako politiken ondorioz etor daitezkeenak. Horri lotuta aipatu behar da, adibidez, telebista euskaraz horren pertsona gutxik ikustea edota euskarazko kultur kontsumoa datu orokorrak baino baxuagoak izatea”.

 Bermeori dagokionez, berriz, “gaitasun erlatiboa badute herritarrek, euskaraz dakitenak gehienak baitira herrian. Motibazioa, ordea, ahul dago, nahiz eta ezin den aipatu gabe utzi kontzientzia duen jende kopuru esanguratsua (ikusi besterik ez dago galdetegia erantzun duen bermeotar kopurua). Maila mikrosozialera jotzen bada, egoera ez da baikorra. Euskarazko harreman sareak ez dira trinkoak, nahiz eta egon badauden, baina ez dira orokorrak. Eta arazoa ez da gaitasun falta, euskarazko hautua egiteko motibazio falta baizik. Maila makrosozialean, herri mailako hizkuntza politika euskararen aldekoa da erabat, baina plano nazionalera joz gero, Ondarroan gertatzen den bezala, zer hobetu badagoela esan behar da arnasguneetan gertatzen ari dena aztertzen jarraituta eta galera ematen ari den lekuetan esku hartze bereziak eginda”.

Hau guztia kontuan izanda, aurrera begira bi herrietako hizkuntza plangintzan kontuan hartu beharreko neurriak proposatuz amaitzen da UEMAko bi teknikarien ikerketa.

Gai honi buruzko dokumentazio osagarria:
· Bermeoko aurkezpenaren Power Pointa (PDF bihurtuta).
· Bermeo eta Ondarroa, hizkuntzaren garapena. Aurkezpen ekitaldiari buruzko prentsa oharra (Bermeoko Udala, 2017-10-05).

Gai honi buruzko esteka osagarriak:
· Zergatik egiten dute euskaraz gutxiago bermeotarrek ondarroarrek baino (argia.eus, 2017-10-06).
· Euskerearen erabilerearen inguruko azterlana aurkeztu dau UEMAk (bizkaie.biz, 2017-10-06).
· Bi portu eta amildegi bat (Berria, 2017-10-10).
· Euskararen ezagutzaren eta erabileraren arteko aldea zerk eragiten duen aztertu du Eneritz Albizuk (uztarria.eus, 2017-10-06).
· Gazte talde «erreferenteak» behar dauz euskerak Bermeon (El Correo, 2017-10-10).
· UEMAren ikerketaren arabera, euskarak erreferentzialtasuna behar du Bermeon (Busturialdeko Hitza, 2017-10-11).
· UEMAk dio gaitasun erlatiboa eta motibazioa euskararen aldekoak direla Ondarroan (Lea-Artibai eta Mutrikuko Hitza, 2017-10-11).
· Eneritz Albizu eta Goizane Arana ETBko ‘Ahoz aho’ saioan, Bermeoko eta Ondarroako euskararen erabileraz (Urola Kostako Hitza, 2017-10-18).
· Eneritz Albizu ETBko ‘Ahoz aho’ saioan, Ondarroako eta Bermeoko euskararen erabileraz (uztarria.eus, 2017-10-17).
· Eneritz Albizuri elkarrizketa Bermeoko Itsuki irratian, Bermeoko eta Ondarroako euskararen inguruan (Itsuki irratia, 2017-10-15).
· Bermeo eta Ondarroa herrien arteko hizkuntza garapena aztertu da (Oizmendi Telebista, 2017-10-08).

2017-10-06 BERMEO Bermeo eta Ondarroa herrien arteko hizkuntza garapena aztertu da from Oizmendi telebista on Vimeo.

· Hizkuntzaren garapenean eragiten duten faktoreak (bideoa. UEMA, 2017-10-09).

· Eneritz Albizuri eta Goizane Aranari elkarrizketa ETBko ‘Ahoz aho’ saioan, Bermeoko eta Ondarroako euskararen inguruan (bideoa. EiTB, 2017-10-17).

Etiketak:
Aurreko albistea
Hurrengo albistea

Honi buruz komunikazioa

Itzuli gora
Cookie-ak erabiltzen ditugu nabigazio esperientzia hobetzeko eta gure zerbitzuak eskaintzeko. Nabigatzen jarraitzen baduzu, ulertuko dugu horien erabilera onartzen duzula.