Hasiera » Zehaztu gabe » Gaztelaniaz, galizieraz eta katalanez bai; zergatik ez euskaraz?

Gaztelaniaz, galizieraz eta katalanez bai; zergatik ez euskaraz?

Espainiako Osasun, Gizarte Zerbitzu eta Berdintasun Ministerioak  Sistema de Información de Usuarios de Servicios Sociales (SIUSS) deritzon programa informatikoaren bertsio berria sortu du, gaztelaniaz, galizieraz eta katalanez erabil daiteke, ez ordea euskaraz. Bertsio hori Leitza, Goizueta, Areso eta Aranoko Udalek osatzen duten eskualdeko Gizarte Zerbitzuen Mankomunitatean probatu nahi du Ministerioak, ondoren beste hainbat zerbitzuetara zabaltzeko. Bai mankomunitatetik bertatik bai UEMAtik ere, aplikatzio informatikoak euskarazko bertsioa izan dezan eskatu dute.

Leitza, Goizueta, Areso eta Arano udalerrietan herritarren % 90etik gora euskalduna da, eta euskara da, hain zuzen ere, ohiko hizkuntza udalerriko bizitza sozialean, eta baita tokiko administrazioaren egunerokoan ere. Leitza, Goizueta eta Areso Udalerri euskaldunen Mankomunitateko kideak dira, eta UEMAko beste udalekin elkarlanean dihartute euskararen normalizazioa bultzatzen.

Leitzaldeako euskaldean euskara hizkuntza ofiziala da, eta hala aitortzen du Nafarroako Legebiltzarrak 1986an onartutako 15/1986 Euskararen Legeak. Euskarak, horrenbestez, maila ofizial osoa dauka aipatu herrietan.

Leitza, Goizueta, Areso eta Aranoko Udalek, eta baita udal horiek osatzen duten Gizarte Zerbitzuen Mankomunitateak, euskara normalizatzeko eta herritarren hizkuntza eskubideak errespetatzeko oso ahalegin handia egin dute eta egiten ari dira azkeneko hamarkadetan, eta ahalegin hori beren eguneroko jardun osoan egiten ari dira, barruko nahiz kanpoko harremanak barne.

Mankomunitateko ordezkarien esanetan “euskara lan eta zerbitzu hizkuntza bihurtzeko helburua” daukate. Baina hori horrela izan dadin ezinbestekoa da lanean erabiltzen diren baliabideak, baita tresna informatikoak ere, horretarako egokituak egotea. “Are gehiago gure eguneroko lanean funtsezkoak eta pisuzkoak diren programak, SIUSS delakoa den moduan.”

UEMAk bere aldetik, “euskara gutxietsi” dutela nabarmendu eta udalerriotako errealitate soziolinguistikoarekiko “errespetu falta” ikusi du Ministerioaren jarreran. “Galizieraz eta katalanez erabil badaiteke, zergatik ez euskaraz?” Horixe da momentuz erantzunik ez duen galdera. Bitartean, “euskarazko bertsiorik ez edukitzeak euskaraz lan egiteko eskubidea urratzen” duela salatu dute Mankomunitatetik. Eta horregatik, euskarazko bertsioa lortzeko bideari hasiera emango diotela jakinarazi dute.

 

 

Etiketak:
Aurreko albistea
Hurrengo albistea

Honi buruz komunikazioa

Itzuli gora
Cookie-ak erabiltzen ditugu nabigazio esperientzia hobetzeko eta gure zerbitzuak eskaintzeko. Nabigatzen jarraitzen baduzu, ulertuko dugu horien erabilera onartzen duzula.