Zer eragin du turismoak hizkuntzen erabileran? Turista asko jasotzen dituzten herrietan badago euskararen erabilera handitzea? Galdera horiei erantzuna eman nahian lan talde bat osatu du UEMAk bertako kide diren herrietako euskara teknikariekin. Lan taldeak abian jarritako lanen oinarrian, hainbat gogoeta daude; besteak beste, euskara eskaintza turistikoaren ardatzetako bat izatea. Gogoeta horren harira, Azpeitia Bizi egitasmoa abiarazi du Azpeitiko Udalak.
Azpeitikoa, hurrengo aste eta hilabeteotan helduko diren egitasmoen aurrekaria besterik ez da. Izan ere, euskara turismo eskaintzan kontuan izateak dakartzan onurak ikusarazi nahi dizkie Udalerri Euskaldunen Mankomunitateak hau osatzen duten udalei. Gaiaren inguruko hausnarketa zabaltzea eta herrietan egitasmoak zehazten joatea da asmoa hurrengo hilabeteotan.
Argia astekariak ere gai honi heldu dio azken zenbakian, eta Onintza Irureta kazetariak erreportajea egin du Azpeiti Bizi egitasmoaren inguruan. Bertan, besteak beste, turismoa eta hizkuntza lotzen dituen UEMAren lantaldea eta honen kezkak eta hausnarketak ere aipatzen ditu.
Honakoa da Argia astekarian argitaratu den erreportajea, bere horretan.
Testua: Onintza Irureta. Argia aldizkaria, 2.555 zenbakia, 2017ko maiatzaren 28a.
Nola bultzatu turismoa herri nortasuna eta euskara kaltetu gabe
-
Azpeitiko Udalak www.azpeitibizi.eus webgunea zabaldu berri du. Herrira turismoa erakartzeko tresna da, luzea izan nahi duen prozesuaren abiapuntua baino ez. Ondoko gogoeta egin du Udalak: lehentasuna ekonomia sustatzea da, eta turismoa horretarako bideetako bat. Turismoa indartzeak ordea, nola eragingo du udalerri euskaldunean? Nola ekarri bisitariak herri nortasuna galdu gabe?
Azpeitian krisi ekonomikoak gogor jo zuen, langabezia %17koa zen 2013an. Gaur egun %10ekoa da. Langabe gutxiago daude Urola bailarako herrian, baina egoera gehiago hobetzeko asmotan da Udala. Lehentasuna ekonomia sustatzea da, eta besteak beste, turismoa bizitu nahi dute. Gaur egun bi gune turistiko garrantzitsu ditu herriak, Loiolako santutegia eta Burdinbidearen Euskal Museoa. Bisitari gehiago erakarri nahi dituzte, baina ez nolanahi. Azpeitia udalerri euskalduna da. 10.000 biztanletik gorako herrien artean munduko euskaldunena da. 2016ko kale erabilera neurketak dio %81,9k euskaraz egiten duela. 2009an, herritarren %86 ari zen euskaraz. Ahul baino ahulago dagoen hitanoa gehien hitz egingo den herrietakoa izango da Azpeitia. Lehen aldiz egin den kale neurketaren arabera %18,1ak egiten du hika. Alegia, euskara oso indartsu dago, baina horrek ez du esan nahi halako herri euskaldunek hauskortasunik ez dutenik. Azken urteetan, Euskal Herriko udalerri euskaldunenetan euskararen ezagutzak eta erabilerak, biek, egin dute atzera. Turismoak atzerakada azkartu dezake.
Josu Labaka Azpeitiko Udaleko kultura zinegotzia da eta UEMA Udalerri Euskaldunen Mankomunitateko lehendakaria. Honela azaldu digu turismoaren eta udalerri euskaldunaren arteko harremana: “Udalaren hausnarketa kezka edo arrisku horretatik abiatzen da. Eta galdera da ea horren aurrean zer egiten dugun edo zer egingo dugun. Ezin gara ezkutatu, turismoak arriskuak ditu, baina aukerak ere bai, onurak ditu, onura ekonomikoak. Gaur egun turismoa satanizatzeko arriskua dago, baina turismo masifikatua deitzen den horretatik harago, bestelako turismo bat eginez gero, herriaren garapen sozioekonomikoan eragin positiboa du”.
Azpeitiko Udalak argi dauka ez duela herri nortasuna galdu nahi, eta herri nortasuna dioenean erdigunean jartzen ditu azpeitiarrak beraiek, euskara, euskal kultura, herri bizia. Alde batetik, nortasuna babesteko gogoeta egiten ari dira, baina era berean nortasun hori bera bisitarientzat amu dela sinetsita daude: “Ez daukagu zertan gurea ezkutatu eta kanpoan beste nolabait azaldu”. Herri euskalduna jarri nahi dute erakusleihoan, atzerritarrentzat, eta euskaraz bizi nahi dutenentzat ere bai. Euskaldunek jakin dezatela Azpeitia euskaraz bisitatzeko eta bizitzeko aukera izango dutela.
www.azpeitibizi.eus
Webgunea da Azpeitibizi egitasmoaren abiaburua. Besteak beste Zatoz onera, zatoz Azpeitira atala dauka. Azpeitiarrak dira protagonista atal horretan eta hainbat bideotan haien testigantzak agertzen dira. Azpeiti gogoangarria atalean berriz, herriko leku, pertsona eta gertakari historiko ezagunei buruzko edukiak bildu dituzte. Horrez gain, Azpeitia inguruan egiteko ibilbideak jaso dituzte, baita lo, jan eta edateko ostatuen zerrenda, eta oinarrizko zerbitzuak ere. Webgunea euskaraz baino ez dago. Bistan da lehen kolpean euskaldunak erakarri nahi dituztela. Gerorako utzi dute beste hizkuntzetara itzultzea.
‘Turismoa eta hizkuntza’ lantaldea
Bi gaiak uztartuta ez da gogoeta asko egin izan. Udalerri Euskaldunen Mankomunitatean, duela hilabete batzuk, turismoa eta hizkuntza lotzen dituen lantaldea lanean hasi da eta Azpeitiko Udalak hausnarketa horretatik edan du. Esan daiteke Azpeitikoa lehen esperientzia dela, UEMAren asmoa gaia lantzen jarraitu eta hainbat proposamen Mankomunitateko udalerrietara zabaltzea da.
· Nola bultzatu turismoa herri nortasuna eta euskara kaltetu gabe (Onintza Irureta, Argia, 2.555 zenbakia. 2017-05-28. PDFa).
· Euskarak turismo eredua aldatzen du, harremanetan eta kulturan oinarritutako turismo bizia sortuz (Josu Labaka, Info7 irratia, 2017-05-26).