‘Bermeo eta Ondarroa, hizkuntzaren garapenean eragiten duten faktoreak’ ikerketa lana egiten ari da UEMA, Bermeoko eta Ondarroako udalen laguntzarekin
[Soziolinguistika Klusterrak pasa den astean aurkeztutako Bermeoko datuek aztertu eta hausnartu beharrekoak dira hainbat eragileren iritziz, beherakadaren atzean egon daitezkeen arrazoiak ezagutzeko].
Udalerri euskaldunetan euskararen gaitasunak eta erabilera sozialak azken urteotan izan duten bilakaera aztertzea beharrezkoa da; batez ere, bilakaera horretan beheranzko joera modu azkarrenean duten herrietan. Kale neurketek eta Soziolinguistika Klusterrak egindako azterlanek erakusten digute joera hori duten udalerrietako bat Bermeo dela. Hori dela-eta, Bermeoko Udalak hala eskatuta, beherakada horren atzean egon daitezkeen arrazoiak edo indikadoreak aztertzea izango du helburu azterlanak, ondoren neurri zuzentzaileak iradokitzeko. Bestalde, hizkuntzaren gaitasunari zein erabilerari heldu dion udalerri bat ere aztertuko da: Ondarroa. Ondarroa aukeratu da joera oso desberdina izan duelako udalerri horrek, eta biak direlako arrantzari lotutako Bizkaiko udalerri euskaldunak.
Ikerketa metodoak
Batetik, datu bilketa egiteko teknika kuantitatiboa erabiliko da. Laginketa egin, eta modu ordezkagarri batean ikusi nahi da zein diren herritarren hizkuntza ohiturak eguneroko harremanetan, lanean, aisian, kultur kontsumoan eta abar. Horrez gain, inguruko udalerriekin eta duten lotura eta horren eragina ere usaindu nahi da. Horretarako, honako galdetegia prestatu dugu:
· EUSKARAREN ERABILERARI BURUZKO GALDETEGIA
Bermeon eta Ondarroan bizi diren lagunek bete beharko dute.
Bestalde, alor kualitatiboari dagokionez, gaiari sakon heldu nahi zaio, argudioak, arrazoiak, sentsazioak, justifikazioak eta abar bilduta. Horretarako elkarrizketak eta talde eztabaidak erabiliko dira.
Teknika horiez gain, errolda datuak, ezaugarri geografikoak, migrazioaren aldaketak, turismo datuak, ekonomia eredua, ekipamenduak, komunikazioa eta beste halako datu batzuen azterketa ere egingo da.
Uztailaren bukaerarako izango ditugu ondorioak esku artean. Izan ere, HIZNET graduondoko sakontze egitasmo gisa ari dira gaia lantzen UEMAko bi teknikari, Olatz Altuna Soizolinguistika Klusterreko teknikaria tutore dutela.
Gai honi buruzko informazio osagarria:
· Datuek berresten dute Ondarroako kaleetan euskara dela nagusi (Lea-Artibai eta Mutrikuko Hitza, 2017-03-22).
· “Euskararen kale erabilerak beheraka jarraitzen du Bermeon” (Busturialdeko Hitza, 2017-03-17).
· Bermeoko hizkuntza erabileraren kale neurketaren emaitza nagusiak (@slklusterra, 2017-03-16).
· Bermeoko hizkuntza-erabileraren kale-neurketaren emaitzak aurkeztu dira (bermeo.eus, 2017-03-17).