Hasiera » Administrazioa » Leitzako eta Goizuetako udalak ‘tontorrean’ mailara heldu dira, udalak euskara hutsean aritzeko egindako lanaren ostean

Leitzako eta Goizuetako udalak ‘tontorrean’ mailara heldu dira, udalak euskara hutsean aritzeko egindako lanaren ostean

· Bi herrietako alkate, euskara zinegotzi eta teknikariek agerraldia egin dute gaur Leitzan, UEMAren sailkapenean maila gorenera heldu direla nabarmentzeko eta emandako pausoak azaltzeko

· Euskara hutsean aritzen dira dagoeneko bi udalak alor guztietan, salbuespen bakanak kenduta

Ezkerretik eskuinera, Miren Etxenike (UEMAko euskara teknikaria), Onintza Bengoetxea (Leitzako euskara zinegotzia), Mikel Zabaleta (Leitzako alkatea), Zuriñe Lujanbio (Goizuetako euskara zinegotzia), Unai Loiarte (Goizuetako alkatea) eta Kristina Urrutia (Nafarroako Iparraldeko Mankomunitateko euskara teknikaria).

Udal baten euskararen erabileraren egoera aztertzeko, udalaren sail guztiak hartzen ditu kontuan UEMAk, eta alorrez alorreko adierazleak jaso ohi ditu, galdetegi bidez. Jasotako erantzunen arabera behin diagnostikoa osatuta, UEMAk bere baitan hartzen dituen udalak lau multzotan sailkatuta ditu, euskararen erabileraren mailari dagokionez:

· Abian: elebietan funtzionatzera bidean, oraindik urrats handia egiteko dutenak kokatzen dira hemen. Udal hauen funtzionamenduan eta komunikazioan gaztelerak presentzia nabarmena du.

· Magalean: nagusiki ele bietan modu orekatuan funtzionatu arren, tartean gaztelania hutsez ere funtzionatzen duten udalak.

· Gorabidean: nagusiki euskaraz eta ele bietan (euskarari lehentasuna emanda) funtzionatzen dutenak.

· Tontorrean: oro har, salbuespenak salbuespen, euskaraz funtzionatzen dutenak.

Leitzako eta Goizuetako udalak ‘gorabidean’ mailan zeuden, baina azken hilabeteotan egindako lanaren eta hartutako konpromisoen ostean, ‘tontorrean’ mailara igotzea lortu dute. Egindako lana azaltzeko eta aurrerantzean herritarrek sumatuko dituzten aldaketen berri emateko, hedabideen aurrean agerraldia egin dute gaur eguerdian Leitzan. Bertan izan dira Mikel Zabaleta (Leitzako alkatea), Unai Loiarte (Goizuetako alkatea), Onintza Bengoetxea (Leitzako euskara zinegotzia), Zuriñe Lujanbio (Goizuetako euskara zinegotzia), Kristina Urrutia (Nafarroako Iparraldeko Mankomunitateko euskara teknikaria) eta Miren Etxenike (UEMAko euskara teknikaria). 

Leitzako Udalaren izenean Mikel Zabaleta alkateak nabarmendu duenez, “Leitza herri euskalduna da, eta herritarrak ordezkatzen dituen Udalak horren isla izan behar du”. Zabaletaren hitzetan, “horregatik, urte askotan lan handia egin da hainbat esparrutan, Udaletik eskaintzen diren zerbitzuak euskaraz eman ahal izateko. Oraingo Udal taldeak lan horren emaitza jaso eta aurrera jarraitzea erabaki zuen, besteak beste, Hirigintza zerbitzua euskaratuz. Udalek dauzkagun eskumenen artean, Hirigintza zerbitzua garrantzitsuenetarikoa da. Zerbitzu hori euskaratzeak, UEMAren sailkapenaren arabera tontorrera eraman gaitu. Albiste pozgarria dela iruditzen zaigu, izan ere, honek esan nahi du Leitzako Udalak hemendik aurrera herritarrei eskaintzen dizkien zerbitzu guztiak euskaraz eman ahal izango dizkiela”.

Oraindik egiteko eta hobetzeko asko dutela eta horretan saiatuko direla nabarmenduz amaitu du hitzartzea Mikel Zabaletak, “tontorreraino iristeko” bidean izan duten laguntza ere eskertuz, bai UEMAri eta baita “gainontzeko herriko ordezkariei” ere.

Goizuetako euskara zinegotzi Zuriñe Lujanbiok adierazi duenez, berriz, Goizuetak eta Leitzak erantzukizun berezia dute, “euskararen arnasgune garen udalerriok euskarak zonaldean duen osasun ona bermatzeko ardura baitugu”. Zentzu horretan, administrazioa erabat euskalduntzeko hartu dituzten neurriak nabarmendu ditu. Bereziki “Goizuetako Udalaren barne funtzionamenduan erabilitako ekipoetako programak euskaraz erabiltzeko erabakiak eraman du Goizuetako Udala tontorrera”. Lujanbiok nabarmendu duenez, “ez da egun batetik bestera lortutakoa izan tontorrera iristea. Egunez egun euskaraz bizi ahal izateko eta administrazioa euskalduntzeko urte askotan lanean aritu diren herritar, ordezkari politiko eta UEMAko kideen meritua ere bada”.

Leitza, Goizueta eta Areso: eskualdeko hiru udalak ‘tontorrean’

Nafarroako Iparraldeko Mankomunitateko euskara teknikaria den Kristina Urrutiak zehaztu duenez, “duela 24 urte sartu ziren UEMAn Leitza eta Goizueta. Ia mende laurdena egin dute bi udalek administrazioa euskalduntzeko bidean”. 24 urte hauetan agiriak, txostenak, ebazpenak, aktak eta gainerakoak gazteleraz izatetik erabat euskaraz izatera pasatu direla nabarmendu du teknikariak. “Azkenean, guztien ahaleginari esker lortu da helburua”.

“Zailtasunak zailtasun eta oztopoak oztopo” euskarak lortutako espazioari eustea erronka izango dela adierazi du Urrutiak. Dena dela, eskualdeko hiru udalak, Areso barne, orain tontorrean daudela gogoratu du, administrazioa euskalduntzeko eta udalak herritarren isla izateko hiru udalak bide urratzaileak izan direla nabarmenduz.

UEMAko teknikari Miren Etxenikek, azkenik, emandako pausoengatik zoriondu ditu bi udalak, gainerako udalentzat eredu direla aipatuz. Izan ere, “UEMAko kide diren udaletan egindako diagnostikoen emaitzek erakutsi dute, oro har, udal hauek euskaraz aritzeko gai direla. Administrazioan ere badira arnasguneak: UEMAko kide diren udalak. UEMAko udalek, zerbitzua euskaraz bermatzen diete herritarrei eta, beraz, herritar guztien hizkuntza eskubideak errespetatzen dituzte. Horretan, Leitzako eta Goizuetako udalek egindako lana nabarmendu nahi dugu, tontorreraino heltzeko egindako lanagatik eta hartutako konpromisoagatik”.

Gai honi buruzko eduki osagarria:

· Gaurko prentsaurreko agerraldiaren audioa, osorik.

Gai honi buruzko informazio osagarria:
· Leitzako eta Goizuetako udalak ‘tontorrean’ mailara heldu dira, euskara hutsean aritzeko egindako lanaren ondotik (erran.eus, 2017-01-31).
· Goizuetako Udala ‘tontorrean’ mailan, euskeraren alorrean (Urumeako Kronika, 2017-02-06).

 

Etiketak:
Aurreko albistea
Hurrengo albistea

Honi buruz komunikazioa

Itzuli gora
Cookie-ak erabiltzen ditugu nabigazio esperientzia hobetzeko eta gure zerbitzuak eskaintzeko. Nabigatzen jarraitzen baduzu, ulertuko dugu horien erabilera onartzen duzula.