Hasiera » arnasguneak » Larrabetzu, Ataun, Errezil, Mendaro eta Areatza UEMAra batu dira gaur

Larrabetzu, Ataun, Errezil, Mendaro eta Areatza UEMAra batu dira gaur

Batzar Nagusia egin du gaur UEMAk Larrabetzun, eta 5 udalen eskaera berriak onartu dituzte.
82 udaletara heldu da UEMA, denen artean 240.000 biztanleko lurgune euskalduna osatuz

[Mendaro, Larrabetzu, Areatza, Errezil eta Ataungo udal ordezkariak, batzar nagusiak UEMAko kide onartu ostean. Guztien izenean, Karmele Aierbe eta Yazmina Beobide Ataungo eta Areatzako euskara zinegotziek hartu dute hitza, emandako urratsarekiko ilusioa agertuz, eta euskararekiko konpromisoa nabarmenduz].


 Negu beteko eguraldiarekin bidea eginda, Udalerri Euskaldunen Mankomunitatea osatzen duten Araba, Bizkaia, Gipuzkoa eta Nafarroako 82 udaletatik heldutako dozenaka alkate, zinegotzi eta ordezkari bildu da gaur goizean Larrabetzun, UEMAren batzar nagusian.

Larrabetzuko alkate Iñigo Gazteluk gainerako herrietako alkate eta zinegotziei ongietorria eman ondoren hasi da batzar nagusia. Aztergaien artean, besteak beste, 2016ko egitasmoaren balantzea, 2017rako egitasmoa onartzea, eta UEMAn sartzeko eskaera egin duten udal berriak onartzea izan dituzte udalerri euskaldunetako hautetsiek.

Udal berrien eskaerak onartuta, 82 udaletara heldu da gaur UEMA, eta inoiz baino udal gehiagok osatzen dute gaur egun mankomunitatea. Hurrengo hilabeteotan, gainera, beste batzuk gehiago ere izan daitezkeela nabarmendu du UEMAko lehendakari Josu Labakak, UEMAko kide izateko interesa agertu duten eta horretarako lehen urratsak egin dituzten udalak kontuan hartuta. Gaur egun, UEMAko kide diren 82 udalen artean, 240.000 biztanle inguruko lurgune euskalduna osatzen dute. 82 udal horien artean, biztanleriari dagokionez herri txikiak dira gehienak, baina tartean daude Zarautz, Tolosa, Bergara, Bermeo, Azpeitia, Oñati edo Lekeitio bezalako herri handiagoak ere.

Gaur UEMAra sartu diren bost herrien izenean, Karmele Aierbe Ataungo euskara zinegotziak eta Yazmina Beobide Areatzako euskara zinegotziak hartu dute hitza. Hunkituta hitz egin du Aierbek, eskerrak emanez, euskararekiko konpromisoa berretsiz, eta euskararik gabe Euskal Herririk ez dagoela baina Euskal Herririk gabe euskararik ere ezetz nabarmenduz.

Udal berrien eskaerak onartzeaz gain, 2016ko balantzea eta 2017ko egitasmoa ere onartu ditu batzar nagusiak.

2016ko balantzean, urtean zehar egindako lanen artean, hiru herri zehatzetako ekimenak izan dituzte hizpide, esperientzia eredugarri gisara. Oiartzunek, esaterako, herritarren kontzientziazioan eragin nahian antolatu dituen euskararen arnasguneei buruzko tailerrak nabarmendu ditu, prozesuaren beraren garrantzia nabarmenduz, herritar askok hartu duelako parte zenbait hilabetez luzatu den dinamikan. Antzuolan, haurren erabileran eragin nahi izan dute, beheranzko joera iraultzeko, eta horretarako haurren sozializazioan eragina daukaten talde eta eragileekin egindako prozesua nabarmendu dute, euskararen inguruko irizpideak bateratzeko eta aurrerapausoak emateko. Munitibarrek, berriz, Hiria Antolatzeko Plan Orokorrean Eragin Linguistikoaren Ebaluazioa nola txertatu duten kontatu du, egindako urratsak eta prozesua azalduz.

2017ko egitasmoari dagokionez, berriz, UEMAren ohiko ildoen baitan lanean jarraitzeko urratsak iragarri dituzte: udalerri euskaldunen lurgunea zabalduz (aurten beste 10 bat herri gehitu daitezkeela iragarri du Josu Labakak), udalak ez ezik udalerriak ere euskalduntzeko ekimenak areagotuz, eta udalerri euskaldunen zaintzarako neurriak sendotuz.

Amaieran, batzar nagusira etorritako dozenaka alkate, zinegotzi eta udal ordezkariek Larrabetzuko herritarrekin batera ospatu dute UEMAra bost herri berri gehitu izana, hamaiketakoaren bueltan, Etxahun Lekue bertsolaria kantari entzun ondoren.


 

BOST HERRI BERRIAK

Herria: AREATZA
Herrialdea: Bizkaia (Arratia)
Biztanleak: 1.195
Euskaldunak (indizea): %71

 

      Abenduaren 1ean egindako udal osoko bilkuran onartu zuen Areatzako Udalak UEMAra sartzea, alkatearen eta EH Bilduko gainerako lau zinegotzien botoarekin, eta EAJko lau zinegotzien abstentzioarekin.

      Yazmina Beobide Euskara zinegotziaren arabera, bi arrazoi nagusitan oinarrituta hartu dute erabakia. Batetik, euskararen erabilera datuek sortutako kezka nabarmendu du.  “Datuak kezkatzekoak dira, eta UEMAren laguntzarekin euskararen aldeko jarrerak  indartu eta egoerari buelta ematen ahalegindu nahi dugu”. Bestetik, arreta hizkuntza eskubideetan jarri nahi izan du: “euskaraz egin nahi duten herritarren hizkuntza eskubideak bermatzea dagokigu erakunde publikooi, eta horretan UEMAren eta UEMAko teknikarien laguntza ondo etorriko zaigu”.

      Areatza  Arratia eskualdeko udalerri euskalduna da.   1.195 biztanle ditu eta euskaldunen indizea %71,17 da. Euskararen erabilera, ordea, hamar puntu apalagoa da.

 

Herria: ATAUN
Herrialdea: Gipuzkoa (Goierri)
Biztanleak: 1.700
Euskaldunak (indizea): %90

        Azaroaren 3an erabaki zuen Ataungo Udalak UEMAra sartzea, udal osoko bilkuran, aho batez, EH Bilduko eta Herrigintzako zinegotzien aldeko botoekin.

        Ataungo euskara zinegotzi Karmele Aierberentzat “poz handia” izan da hartutako erabakia,  “batetik, Atauni heldu zaiolako azkenean UEMAko kide izateko garaia eta, bestetik, Ataunek ere erabaki honekin euskal komunitateari bere ekarpena egiteko aukera izango duelako UEMAko kide izanda. Udalerri euskaldunak batzea garrantzitsua da, eta oso pozik gaude”.

       Duela bi urte egin zuen Ataungo Euskara Taldeak euskarak herrian izandako bilakaeraren diagnostikoa, eta “erabileraren jaitsiera ikaragarria” sumatu zuten, Aierberen hitzetan. Orduan erabaki zuten “neurriak hartu eta gainbehera nola edo hala irauli” egin behar zutela. Euskara zinegotziak ingurumari horretan  kokatzen du Udala UEMAko kide izateko erabakia.

Herria: ERREZIL
Herrialdea: Gipuzkoa (Urola Kosta)
Biztanleak: 600
Euskaldunak (indizea): %92

      Errezilen ere zinegotzi guztiek aho batez hartu zuten Udala UEMAra sartzeko erabakia, azaroaren 8an egindako udal osoko bilkuran.

     Errezilgo Udalaren iritziz, “arnasgune izaerako herri askotan gertatzen dena gertatzen zaigu guri ere: euskaldunak garela eta ustez euskaraz funtzionatzen dugula. Beraz, ez diogu aparteko arretarik jartzen euskara zaintzeari. Baina seguru txikikeria askotan egin dezakegula zerbait, eta UEMAk eskain dezakeen laguntza teknikoa erabakigarria izango da horretarako, bai Udala eta bai herritarrak euskaraz bizi ahal izateko”.

 

Herria: LARRABETZU
Herrialdea: Bizkaia (Txorierri)
Biztanleak: 2.000
Euskaldunak (indizea): %80

          Azaroaren 16an izandako udal osoko bilkuran hartu zuen UEMAra sartzeko erabakia Larrabetzuko Udalak, eta herritar ugari agertu zen udalbatzarrera, erabakia sustengatzera. Udal Gobernua osatzen duten EH Bilduko 6 zinegotzien aldeko botoarekin eta EAJko 5 zinegotzien aurkako botoarekin hartu zuten erabakia. Ohi ez bezala, udalbatzar aretoa mukuru bete zen, eta zenbait herritarrek ere hartu zuten hitza udalak hartutako erabakia zoriontzeko.

Larrabetzuko Udalak euskara zerbitzua Txorierriko mankomunitatearen baitan antolatua du, baina Larrabetzuko Udalaren iritzia da Larrabetzuren errealitate linguistikoa ezberdina dela mankomunitateko kide diren gainerako udalerriekiko, eta udalerri euskaldun bati dagokion hizkuntza politika berezitua behar duela Larrabetzuk: “Udalerri euskaldunek hizkuntza politika bereziak behar dituzte, eta egun ditugun balibideekin horretarako aukerarik ez dugunez, bereziki udalerri euskaldunetan lanean ari den UEMA bezalako mankomunitate baten zerbitzuak” baliatu nahi dituzte lanerako. 

Iñigo Gaztelu alkatearen hitzetan, “UEMAk Larrabetzu Euskal Herriarekin lotzen du lehen baino estuago, euskaraz bizi gura duten beste hamarnaka herri eta milaka herritarrekin batear. Herri oso bat bere be hizkuntzaren berreskurapenaren alde egiten ari den lanean protagonista bihurtzen gaitu, UEMAko kide izateak etenbarik gogoraraziko digulako euskararen biziraupena larrabetzuarron esku ere badagoela. UEMAko kide izanda, inoiz baino euskararen herritarrago gara”.

 

Herria: MENDARO
Herrialdea: Gipuzkoa (Debabarrena)
Biztanleak: 2.037
Euskaldunak (indizea): %79

       Urriaren 27ko udal osoko bilkuran erabaki zuen Mendaroko Udalak UEMAn sartzeko eskaera egitea, aho batez, EH Bilduko 5 zinegotzien eta EAJko 4 zinegotzien aldeko botoekin.
        Mendaroko alkate Sonia Garciaren hitzetan “ilusio handiarekin” hartu dute erabakia, “UEMAko kide izan eta euskararen aldeko politika ausartak eta aurrerakoiak elkarlanean egiteko”. Udalerri euskalduna izan arren, azken urteotan behera egin du euskararen erabilerak eta ezagutzak Mendaron. Horregatik, “ahal den heinean beheranzko joera irauli eta euskararen arnasgune izaerari eutsi” nahi diote UEMAko kide eginda.
        Alkateak nabarmendu duenez, “asko galdu da garai bateko kaleko giroa. Ez da lehengoa. Herri txikia da Mendaro, baina duela 10-15 bat urte etxe berri asko eraiki ziren, eta kanpotik jende asko etorri zen, batez ere alboko herri handiagoetatik. Horrek eragin nabarmena izan du euskararen bilakeran eta beheranzko joeran, eta hori irauli nahi dugu”.

# Gai honi buruzko informazio osagarria:

· 82 kidek osatuko dute Uema, sartuko diren beste bostekin (Berria, 2017-01-11).
· Larrabetzu, Ataun, Errezil eta Mendarko UEMAko kide izango dira larunbatetik aurrera (naiz.eus, 2017-01-10).
· Larrabetzu, Ataun, Errezil, Areatza eta Mendaro UEMAko kide izango dira larunbatetik aurrera (Europa Press, 2017-01-10).
· Euskararen arnasguneen aitortza lortzeko bidean urratsak eman nahi ditu UEMAk 2017an (Argia, 2017-01-10).
· Ataun UEMAko kide izendatuko dute, larunbateko batzarrean (Goierriko Hitza, 2017-01-10).
· Larrabetzu, Ataun, Mendaro, Areatza eta Errezil UEMAn sartuko dira zapatuan (Bizkaie!, 2017-01-11).
· Errezil UEMAra batuko da larunbatean (Urola Kostako Hitza, 2017-01-11).
· 240.000 biztanleko lurgune euskalduna ordezkatuko du UEMAk (El Diario Vasco, 2017-01-11).
· Iñigo Gaztelu: “UEMAn sartzearekin batera, erronka berri bat jarri diogu geure buruari” (Bizkaiko Hitza, 2017-01-13).
· UEMAk 82 kide izango ditu (Bizkaia Irratia. Elkarrizketa Mikel Ansotegiri. 2017-01-13).
· Bost udalerri berri batuko dira UEMAra (Bilbo Hiria irratia. Elkarrizketa Miren Segurolari. 2017-01-13).

 
Etiketak:
Aurreko albistea
Hurrengo albistea

Honi buruz komunikazioa

Itzuli gora
Cookie-ak erabiltzen ditugu nabigazio esperientzia hobetzeko eta gure zerbitzuak eskaintzeko. Nabigatzen jarraitzen baduzu, ulertuko dugu horien erabilera onartzen duzula.