Hasiera » Zehaztu gabe » “Kontratazioetan hizkuntza baldintzak ezarrita herritarren hizkuntza eskubideak babesten dira”

“Kontratazioetan hizkuntza baldintzak ezarrita herritarren hizkuntza eskubideak babesten dira”

OLYMPUS DIGITAL CAMERA            

Bildu eta EAJren baiezko botoekin, aho batez hartu zuen Zestoako Udalak kontratazioetan hizkuntza irizpideak sartzeko erabakia, martxoaren 6an. Baina, zer da zehazki Zestoako Udalak erabaki duena? Nora Palmitano Zestoako Udaleko euskara teknikariari elkarrizketa laburra egin dio www.uema.eus -k: 

 

 

 

 

Zer suposatzen du kontratazioetan hizkuntza irizpideak sartzeak? 

Kontratuetan zehazten dira esleipendunak bete beharreko baldintza guztiak;hots, bertan azaltzen da nola eman behar duen zerbitzua edo nola egin behar duen lana.

Hizkuntza baldintzek herritarren hizkuntza eskubideak babesten dituzte, batez ere. Baina, horrez gain, administrazioaren lan hizkuntza ere babesten dute. Izan ere, Zestoako Udalean euskaraz egiten dugu lan, eta dokumentuak beste hizkuntzaren batean iristen direnean itzuli egin behar izaten ditugu. Horrek gainkarga dakar.  

Zergatik da garrantzitsua administrazioak egiten dituen kontratazio guztiek hizkuntza irizpideak barneratuta izatea? 

Kontratuek zehaztutakoa loteslea delako. Kontratuetan sartu ez diren baldintzak (hizkuntza baldintzak zein bestelakoak), ondoren negoziatu eta adostu daitezke. Baina, behin kontratuetan sartzen ez badira, enpresaren borondatea da horiek kontuan hartu ala ez.

Herritarren hizkuntza eskubideekin ezin da horrela jokatu. Administrazioak bermatu behar ditu hizkuntza eskubide horiek, administrazioaren betebeharretariko bat da horiek bermatzea. Horretarako tresna, kontratazioetan hizkuntza irizpideak txertatzea da, besterik ez.  

Zer da Zestoako Udalak osoko bilkuran onartu zuena, zehazki? 

Labur esanda, kontratatzen den horrek ziurtatu beharko duela herritarrek beraiek aukeratutako hizkuntzan jardun ahalko dutela kontratatu horrek ematen duen zerbitzuaren baitan ere, eta kontratatuak udal administrazioarekin duen harremanetan Udalaren lan hizkuntza errespetatu egingo dela.

Ondotik, epaitegietatik horren aurkako errekurtsoa jaso berri duzue… 

Bai, eta eskatu diguten informazio guztia bidali dugu. Normala da, alde batetik, estatuak gainbegiratzea legea betetzen dela eta herritarren eskubideak ez direla urratzen. Uste dut azterketa bukatzen dutenean konturatuko direla horixe dela hizkuntza baldintzen helburua ere: herritarren eskubideak ziurtatzea. 

Horren inguruan, herritarrek oro har zein iritzi dutela uste duzu? Beraiei zein etekin ematen die erabaki horrek? 

Oinarrizko eskubide bat ziurtatzeari ez nioke “etekin” deituko. Kontratazioak horrela bideratuta, herritarrak ez dira ezertaz ere konturatuko. Baina, lasai, pozik eta naturaltasunez ariko dira euskaraz, betiko moduan. Baten batek esango du, akaso, “Kontxo, hauek ere euskaraz!”.

Etiketak:
Aurreko albistea
Hurrengo albistea

Honi buruz komunikazioa

Itzuli gora
Cookie-ak erabiltzen ditugu nabigazio esperientzia hobetzeko eta gure zerbitzuak eskaintzeko. Nabigatzen jarraitzen baduzu, ulertuko dugu horien erabilera onartzen duzula.