Hasiera » arnasguneak » Larrabetzu, Ataun, Errezil, Areatza eta Mendaro UEMAko kide izango dira larunbatetik aurrera

Larrabetzu, Ataun, Errezil, Areatza eta Mendaro UEMAko kide izango dira larunbatetik aurrera

Larunbat honetan batzar nagusia egingo du UEMAk, eta mankomunitatera sartzeko udalek egindako eskaera berriak ere aztergai izango dituzte. Bost udal berriak gehituta, 82 udal izango dira UEMAko kide, guztira 240.000 biztanleko lurgune euskalduna osatuz. Agintaldi honetan UEMAko kide izatea erabaki duten 9 udaletako alkate eta zinegotziek agerraldia egin dute gaur Larrabetzun, eta 2017a “urte garrantzitsua” izango dela nabarmendu dute, “adostasunaren bidetik UEMAk hazten jarraituko duelako batetik, eta arnasguneen aitortza zein babesa lortzeko jorratu beharko diren bideak sendotzeko urtea izango delako bestetik”.

[Ezkerretik eskuinera, Enetz Ezenarro (Mendaro), Zelai Amenabarro (Legorretako alkatea), Xebero Agirretxe (Errezilgo alkatea), Josu Labaka (UEMAko lehendakaria), Yazmina Beobide (Areatzako zinegotzia), Nekane Intxaurtza (Dimako alkatea), Iñigo Gaztelu (Larrabetzuko alkatea) eta Karmele Aierbe (Ataungo zinegotzia)].
 
Agintaldi honetan bederatzi udalek erabaki dute UEMAko kide izatea: Ea, Dima, Ziortza-Bolibar, Legorreta, Mendaro, Larrabetzu, Ataun, Errezil eta Areatzako udalek, zehazki. Udal horietako hainbat alkatek eta zinegotzik agerraldia egin dute gaur Larrabetzun, UEMAko lehendakari Josu Labakarekin batera.

Labakak gogoratu du UEMAk 25 urte bete berri dituela, eta urteurrenak atzera begiratzeko eta egindako bidea ikusteko aukera eman diola: “Euskararen aldeko herri mugimendutik sortu zen UEMA. 1988an Euskal Herrian Euskaraz elkartearen mozio bat onartu zuten Araba, Bizkaia, Gipuzkoa eta Nafarroako 32 udalek, udalak euskalduntzeko eta euskara hutsean funtzionatzen hasteko. Horretarako zailtasunak eta arazo komunak zituztela ohartuta, udal haietako batzuk elkarren artean biltzen eta koordinatzen hasi ziren, udalak ere euskaraz lanean hasi ahal izateko. Horrela, mankomunitate izaera hartuta, erakunde publiko bihurtu zen UEMA. 1991n, Sorrerako batzarrean 17 udalek hartu zuten parte, eta ordudanik hazten joan da udalerri euskaldunen lurgunea, udalen kopuruari dagokionez. Agintaldi honen hasieran, esaterako, 72 herri ziren UEMAko kide [Ezkio eta Itsaso banandu egin dira ordudanik]. Azken hamabost hilabeteotan, ordea, 9 herri gehiagok erabaki dute UEMAko kide izatea: Dima, Ea, Ziortza-Bolibar, Legorreta eta larunbat honetatik aurrera kide izango diren Areatza, Larrabetzu, Ataun, Mendaro eta Errezil”.

UEMAren lurgunea zabaltzea aspaldidanik da erronka eta helburu esanguratsua udalerri euskaldunentzat, elkarrekin euskararen aldeko politika ausartak eta aurrerakoiak bideratu ahal izateko. Labakak nabarmendu duenez, “urratsez urrats eta herriz herri, horretan ari gara, eta kasu gehienetan, gainera, ahalik eta adostasun zabalena lortuta”.

Agintaldi honen hasieratik gehitu diren bederatzi herri berriekin, guztira, 240.000 biztanleko lurgune euskalduna osatzen dute UEMAko kide diren herrien artean. Josu Labakak adierazi duenez, gainera, “urte berrirako aurreikuspen ederrak ditugu. Beste hainbat herrik erakutsi du UEMAko kide izateko gogoa, eta horiekin ere ari gara bilerak egiten, ahalik eta adostasun zabalenarekin har dezaten erabakia, iraunkorra izan dadin”.

Larrabetzuko alkate Iñigo Gazteluk, berriz, UEMAra sartzea “ohorea eta beharra” dela adierazi du, UEMAko kide izanda “inoiz baino euskararen herritarrago” direlako larrabetzuarrak: “Euskara hizkuntza erabilia eta bizia izatea: horra gure helburua. Guztion gogoa eta ahalegina eskatzen duen helburua; helburu ilusionagarria; denoi dei egiten digun helburua: norbanakoei eta kolektiboei, herri aginteei, alderdi politikoei, langileen sindikatuei, enpresari-elkarteei, kirol, aisialdi nahiz kultur arloko elkarteei, gizartearen arlo desberdinetako erakundeei, eta abarri. Gustuko dugun helburua da, gustura hartzen dugun konpromisoa”.

Iñigo Gazteluren adierazpenak, osorik, hemen.

Larunbat honetan, UEMAren batzar nagusia Larrabetzun

Larunbat honetan, UEMAko kide diren udaletako ordezkariek, batzar nagusia egingo dute Larrabetzuko kultur etxean, 12:00etan. Besteak beste, 2017ko egitasmoa onartuko dute, UEMAren ohiko ildoen baitan: udalak ez ezik udalerriak ere euskalduntzea, herritarren sentsibilizazioa eta ahalduntzea, eta udalerri euskaldunen zaintza. Josu Labakak gaur nabarmendu duenez, UEMA euskalgintzatik sortutako erakunde publikoa den heinean, elkarlanean jarraituko du bidea egiten, “baina baita euskararen aldeko erabaki ausartak eta aurrerakoiak behar bezala hartuz eta bideratuz ere. Zentzu horretan, 2017a urte garrantzitsua izango delakoan gaude. Adostasunaren bidetik UEMAk hazten jarraituko duelako batetik, eta arnasguneen aitortza zein babesa lortzeko jorratu beharko diren bideak sendotzeko urtea izango delako bestetik”.

Gai honi buruzko informazio osagarria:
· Gaurko agerraldia, osorik entzungai,  hemen.


· 82 kidek osatuko dute Uema, sartuko diren beste bostekin (Berria, 2017-01-11).
· Larrabetzu, Ataun, Errezil eta Mendarko UEMAko kide izango dira larunbatetik aurrera (naiz.eus, 2017-01-10).
· Larrabetzu, Ataun, Errezil, Areatza eta Mendaro UEMAko kide izango dira larunbatetik aurrera (Europa Press, 2017-01-10).
· Euskararen arnasguneen aitortza lortzeko bidean urratsak eman nahi ditu UEMAk 2017an (Argia, 2017-01-10).
· Ataun UEMAko kide izendatuko dute, larunbateko batzarrean (Goierriko Hitza, 2017-01-10).
· Larrabetzu, Ataun, Mendaro, Areatza eta Errezil UEMAn sartuko dira zapatuan (Bizkaie!, 2017-01-11).
· Errezil UEMAra batuko da larunbatean (Urola Kostako Hitza, 2017-01-11).
· 240.000 biztanleko lurgune euskalduna ordezkatuko du UEMAk (El Diario Vasco, 2017-01-11).
· Iñigo Gaztelu: “UEMAn sartzearekin batera, erronka berri bat jarri diogu geure buruari” (Bizkaiko Hitza, 2017-01-13).
· UEMAk 82 kide izango ditu (Bizkaia Irratia. Elkarrizketa Mikel Ansotegiri. 2017-01-13).
· Bost udalerri berri batuko dira UEMAra (Bilbo Hiria irratia. Elkarrizketa Miren Segurolari. 2017-01-13).

Etiketak:
Aurreko albistea
Hurrengo albistea

Honi buruz komunikazioa

Itzuli gora
Cookie-ak erabiltzen ditugu nabigazio esperientzia hobetzeko eta gure zerbitzuak eskaintzeko. Nabigatzen jarraitzen baduzu, ulertuko dugu horien erabilera onartzen duzula.