Hasiera » hizkuntza politika » “Gaurkoa izan dadila benetan euskararen aldeko hizkuntza politika aurrerakoi eta ausartetan batera aritzeko abiapuntua”

“Gaurkoa izan dadila benetan euskararen aldeko hizkuntza politika aurrerakoi eta ausartetan batera aritzeko abiapuntua”

Euskararen Nazioarteko Egunaren atarian, agerraldi bateratua egin dute gaur Bilbon EAEko hainbat erakunde publikok, denek sinatu duten adierazpena ezagutarazteko. Tartean izan da UEMAko lehendakari Josu Labaka ere.

jarraia129061

Honakoa da UEMAko lehendakari Josu Labakak gaurko agerraldian esandakoa:

“Udalerri Euskaldunen Mankomunitatetik beti aipatu izan dugu euskara batzen gaituen zubia dela. Ikasten eta hitz egiten den hizkuntza bakoitza baita zubia. Ikasten eta hitz egiten ez den hizkuntza bakoitza amildegia den era berean. Are gehiago, hizkuntza bat baino gehiago ofiziala den lurraldean.

Euskaraz gara, esaten dugu udalerri euskaldunok. Zerbait bagara eta izango baldin bagara, euskaraz garela eta izango garela gogoratuz. Euskara da gure marka. Euskara da gure kolorea. Euskara da bereizten gaituena. Euskara da munduari begiratzeko daukagun leihoa, eta munduari egiten diogun ekarpena. Munduari gure hitzetik ematen diogun argia.

Horregatik, ederra da gaur hemen erakusten ari garen irudia. Ederra da euskara batzen gaituen zubia dela gogoraraztea eta, beraz, euskara lau haizetara zabaltzeko askotariko erakunde publikoak batera agertzea, denok euskararen alde. Gaurkoa izan dadila benetan euskararen aldeko hizkuntza politika aurrerakoi eta ausartetan batera aritzeko abiapuntua.

Udalerri Euskaldunon Mankomunitatetik, ordea, gogoratu egin nahi dugu erakunde publikook ere dugun ardura euskararen normalizazioan eta biziberritzean. Euskaraz egin nahi eta ezin bada, ez baitago normalizaziorik, ez inolako biziberritzerik. Eta euskaraz egin nahi eta egin ahal izateko, baldintza egokiak sortu behar ditugu.

Izan ere, euskara zabaltzearen eta biziberritzearen erantzukizuna ezin da jarri herritarren borondatean soilik. Ez da naturalki euskaraz aritzen diren euskaldunen ardura. Erakunde publikook ardura handia dugu. Ordezkari politikook ere ardura handia dugu. Egiten dugun hizkuntza politikaren araberakoa izango da bihar herri hau. Argi daukagu: zer-nolako hizkuntza politika, halako etorkizuna, eta halako herria. Izan ere, eskaintzen dugun edozein zerbitzuren kalitatea eskasa izango da beti, herritarrak nahi duen hizkuntza ofiziala hautatzeko bermerik ez badu.

Horregatik, euskararen normalizazioari beste bultzada bat emateko garaia dela irizten diogu, behingoz benetako erabakiak eta neurriak hartuta. UEMAk eta UEMAko udalek ahalegin handia egin dugu herri euskaldunetako udalek euskaraz funtziona dezaten. Gainerako erakunde publikoei ere ahalegin berbera eskatzen diegu. Ez da borondate kontua, gainera. Betebeharra baizik. Administrazio publikoak legez dauka zerbitzuak euskaraz eskaintzeko betebeharra, euskararen normalizazioa eta biziberritzea, behingoz, benetakoa izan dadin”.

Gai honi buruzko informazio osagarria:
· Zer egin dezaket  nik euskararen alde? (Adierazpena).
· Adierazpen bateratu bat egingo dute Euskararen Egunean EAEko erakundeek eta euskalgintzako eragileek (berria.eus, 2016-11-25).

Etiketak:
Aurreko albistea
Hurrengo albistea

Honi buruz komunikazioa

Itzuli gora
Cookie-ak erabiltzen ditugu nabigazio esperientzia hobetzeko eta gure zerbitzuak eskaintzeko. Nabigatzen jarraitzen baduzu, ulertuko dugu horien erabilera onartzen duzula.