Hasiera » iritzia » “Euskara erdigunean jartzea, gure herrien iraupena bermatzeko ez ezik, garapena sustatzeko modua ere bada”

“Euskara erdigunean jartzea, gure herrien iraupena bermatzeko ez ezik, garapena sustatzeko modua ere bada”

UEMAko lehendakari Josu Labaka Info7 irratiko Gureaz Blai saioan aritu da gaur, eta UEMAra sartu diren herri berriez aritu da: Errezil, Mendaro, Ataun eta Larrabetzu.

Hemen entzun daiteke Info7 irratiko audioa (irudiaren gainean klik eginda).

josu-info7-azaroa

Honakoa da, berriz, Josu Labakaren testua:

“Azken egunotan, albiste onak iritsi zaizkigu zenbait udaletatik. Zehazki, Udalerri Euskaldunen Mankomunitatera sartzea erabaki dute Mendaro, Ataun, Errezil eta Larrabetzuko udalek, egin berri dituzten udal osoko bilkuretan.

Udaberrian gogoratu genuen bezala, 25 urte igaro dira euskararen aldeko herri mugimendutik UEMA sortu zenetik. 1988an Euskal Herrian Euskaraz elkartearen mozio bat onartu zuten Araba, Bizkaia, Gipuzkoa eta Nafarroako 32 udalek, udalak euskalduntzeko eta euskara hutsean funtzionatzen hasteko. Horretarako zailtasunak eta arazo komunak zituztela ohartuta, udal haietako batzuk elkarren artean biltzen eta koordinatzen hasi ziren, udalak ere euskaraz lanean hasi ahal izateko, eta horrela, mankomunitate izaera hartuta, erakunde publiko bihurtu zen UEMA. Sorrerako batzarrean 17 udalek hartu zuten parte, Aizarnazabalen, eta ordudanik hazten joan da udalerri euskaldunen lurgunea, bai udalen kopuruari dagokionez eta, beraz, baita biztanleei dagokienez ere.

Gaur egun, 76 udalek osatzen dute UEMA, baina urtarrilean izango den batzar nagusiak udal berrien eskaerak onartzen dituenean, Mendaro, Ataun, Errezil edota Larrabetzu gehituta, 80 udalen mugara iritsiko litzateke. 80 udal, guztien artean 240.000 biztanle inguruko lurgune euskalduna osatuz. Hurrengo hilabeteotan, gainera, gehiago izan daitezke. Baina 80 udal behintzat bai, euskaraz garela aldarrikatuz, eta biharko Euskal Herria euskaratik eta euskaraz eraikiz.

Euskara erdigunean jartzea, gainera, gure herrien iraupena bermatzeko ez ezik, garapena sustatzeko modua ere bada guretzat. Garapen iraunkorra, euskara erdigunean jarrita. Euskararik gabe, herri hau ez baita garatuko. Herri honek, euskararik gabe, ez baitu iraungo. Beste herriren bat izango da beharbada, baina ez behintzat euskararen herria, ez Euskal Herria.

Horregatik, udalak eta udalerriak erabat euskalduntzeko lanean segitzeaz gain, arreta berezia ere jarri nahi diogu udalerri euskaldunen lurgunea handitzeari eta zaintzeari ere. Inolako harrokeriarik gabe, baina garena gogoratuz: euskaraz bizitzea hautatu duen 240.000 biztanleko lurgunea. Euskaraz bizitzea posible izan dadin, politika aurrerakoiak eta ausartak garatzeko konpromisoa duten 80 udal. Udalerri Euskaldunen Mankomunitatea”.

Gai honi buruzko informazio osagarria:
· Hiru gehiagoren arnasa euskarari (Gipuzkoako Hitza, 2016-11-18).
· UEMAko kide izatea erabaki du Larrabetzuk Udalak (uema.eus, 2016-11-17).
· Errezilgo Udalak ere UEMAn sartzea eskatu du (uema.eus, 2016-11-09).
· UEMAko kide izatea onartu du Ataungo Udalak (uema.eus, 2016-11-04).
· Ataungo Udalak UEMAn sartzea onartu du, eta Goierrik 10 kide izango ditu (Goierriko Hitza, 2016-11-09).
· UEMAko kide izatea onartu du Mendaroko Udalak (uema.eus, 2016-10-28).

Etiketak:
Aurreko albistea
Hurrengo albistea

Honi buruz komunikazioa

Itzuli gora
Cookie-ak erabiltzen ditugu nabigazio esperientzia hobetzeko eta gure zerbitzuak eskaintzeko. Nabigatzen jarraitzen baduzu, ulertuko dugu horien erabilera onartzen duzula.