Udalak euskaldundu arren udalerriak erdalduntzen ari direla ohartuta, UEMAren ildo estrategikoetako bat da udalerri euskaldunetako herritarrak sentsibilizatzea eta ahalmentzea, arnasguneen garrantziaz ohartu daitezen, hizkuntza ohituretan euskararen aldeko hautua egiteko.
Horrela, gai hau udalerri euskaldunetako eskoletan lantzeko Hezkuntza Proiektua landu zuen pasa den ikasturtean UEMAk, ikasturte honetan jarri du abian, eta 4.000 ikasle ingururengana helduko da. Horrez gain, euskararen arnasguneei buruzko tailerrak ere ari dira ematen batean eta bestean UEMAko teknikariak, arnasguneen eta hizkuntza ekologiaren kontzeptua barneratu dezaten udalerri euskaldunetako herritarrek.
Herritarrak kontzientziatzeko lan horren baitan, eta euskararen erabilerak behera batik bat helduen artean egin duela ohartuta, haurrentzat eta helduentzat tailer bateratua prestatu du orain UEMAk. Eneritz Albizu UEMAko teknikariaren hitzetan, “helduak erreferenteak dira haurrentzat, eta beharrezkoa iruditu zaigu helduak eta haurrak batera jartzea, hizkuntza hautuaren inguruko hausnarketa elkarrekin egiteko eta euskararekiko kontzientzia lantzeko”.
Lehen tailerra pasa den ostiralean eman zuten UEMAko teknikariek, Dimako Eskolan. Teknikari bat gurasoekin aritu zen gela batean, arnasguneen kontzeptua eta euskarak Diman izan duen bilakera ezagutaraziz, eta beste teknikari bat, aldi berean, ikasleekin, euskara non eta noiz erabiltzen duten aztertuz. Azkenik, haurrak eta gurasoak elkartu, eta denen artean hausnartu zuten euskararen bilakaeraz eta hizkuntza ohiturez, eskolan, parkean, etxean eta gainerako lekuetan zer hizkuntzatan eta zergatik hitz egiten duten aztertuz.
Haur eta gurasoentzat prestatutako tailer hau beste zenbait herritan ere jasoko dute hurrengo egunotan. Zehazki, Zaldibian eta Zerainen dituzte hurrengo hitzorduak UEMAko teknikariek. Zaldibian azaroaren 30ean, eta Zerainen abenduaren 3an.