Hasiera » udalak » UEMAko kide izatea erabaki du Larrabetzuko Udalak

UEMAko kide izatea erabaki du Larrabetzuko Udalak

Azken udal osoko bilkuretan Mendaro, Errezil eta Ataungo udalek hartutako erabaki berdina hartu zuen atzo Larrabetzuko Udalak ere: Udalerri Euskaldunen Mankomunitatera sartzea. Urtarrilaren 14an egingo du UEMAk batzar nagusia, eta okerrik ezean orduan onartuko ditu udal berrien azken eskaerak. Mendaro, Errezil, Ataun eta Larrabetzu gehituta, 80 udaletara helduko da UEMA.

Atzo ilunabarrean izandako udal osoko bilkuran hartu zuen erabakia Larrabetzuko Udalak, eta herritar ugari agertu zen udalbatzarrera, erabakia sustengatzera. Udal Gobernua osatzen duten EH Bilduko 6 zinegotzien aldeko botoarekin eta EAJko 5 zinegotzien aurkako botoarekin hartu zuten erabakia. Ohi ez bezala, udalbatzar aretoa mukuru bete zen, eta zenbait herritarrek ere hartu zuten hitza udalak hartutako erabakia zoriontzeko. Horien artean, esaterako, Gotzon Barandiaran idazlearen hitzak eta argudioak txaloka ere hartu zituen jendeak.

Bizkaiko herria da Larrabetzu, eta 2.000 biztanle inguru ditu. Datu soziolinguistikoen arabera, 2011n biztanleen %71,1 zen euskalduna. Hamar urte lehenago, 2001eko datu soziolinguistikoen arabera, %78,3 zen indizea. Udalerri euskalduna izan arren, euskararen bilakaeraren beherakada horri aurre egiteko beharra sumatu eta “euskararen aldeko hizkuntza politikan erabaki ausartak eta aurrerakoiak hartzeko” beharra ikusita hartu du udalak UEMAra sartzeko erabakia.


[Larrabetzu 2.000 biztanle inguruko Bizkaiko herria da. Horietarik %71 da euskalduna].

Zehazki, Larrabetzuko Udalak euskara zerbitzua Txorierriko mankomunitatearen baitan antolatua du, baina Larrabetzuko Udalaren iritzia da Larrabetzuren errealitate linguistikoa ezberdina dela mankomunitateko kide diren gainerako udalerriekiko, eta udalerri euskaldun bati dagokion hizkuntza politika berezitua behar duela Larrabetzuk: “Udalerri euskaldunek hizkuntza politika bereziak behar dituzte, eta egun ditugun balibideekin horretarako aukerarik ez dugunez, bereziki udalerri euskaldunetan lanean ari den UEMA bezalako mankomunitate baten zerbitzuak” baliatu nahi dituzte lanerako.

Behin udalak UEMAra sartzea erabakita, UEMAren batzar nagusiak erabaki behar du orain Larrabetzu ere UEMAko kide gisara onartzea, azken eskaera berriekin batera. Urtarrilaren 14an izango da UEMAren batzar nagusia, eta batzarkideek eskaera berriak onartuz gero, Mendaro, Ataun, Errezil eta Larrabetzu izango lirateke Udalerri Euskaldunen Mankomunitateko kide berriak. Guztira 80 udalerri, 240.000 biztanle inguruko lurgune euskalduna osatuz.

Etiketak:
Aurreko albistea
Hurrengo albistea

Honi buruz komunikazioa

Itzuli gora
Cookie-ak erabiltzen ditugu nabigazio esperientzia hobetzeko eta gure zerbitzuak eskaintzeko. Nabigatzen jarraitzen baduzu, ulertuko dugu horien erabilera onartzen duzula.