Hasiera » arnasguneak » UEMAko kide izatea onartu du Mendaroko Udalak

UEMAko kide izatea onartu du Mendaroko Udalak

Udalerri Euskaldunen Mankomunitatean sartzea onartu zuen atzo Mendaroko Udalak, udal osoko bilkuran, aho batez, EH Bilduko bost zinegotzien eta EAJko lau zinegotzien aldeko botoekin. UEMAko ordezkariek abenduan egingo duten batzar nagusian onartu beharko dute Mendaroko Udalaren eskaera, eta behin eskaera onartuta, UEMAko kide den 77. udala izango litzateke Mendaro.


[Gipuzkoako udalerri euskalduna da Mendaro. 2.037 biztanle ditu, eta %68,9 da euskalduna].

Mendaroko alkate Sonia Garciaren hitzetan “ilusio handiarekin” hartu dute erabakia, “UEMAko kide izan eta euskararen aldeko politika ausartak eta aurrerakoiak elkarlanean egiteko”. Udalerri euskalduna izan arren -2011ko azterketa soziolinguistikoaren arabera biztanleen %68,9 da euskalduna-, azken urteotan behera egin du euskararen erabilerak eta ezagutzak Mendaron. Horregatik, “ahal den heinean beheranzko joera irauli eta euskararen arnasgune izaerari eutsi” nahi diote UEMAko kide eginda.  Sonia Garciak nabarmendu duenez, “herrian nabari da aldaketa. Asko galdu da garai bateko kaleko giroa. Ez da lehengoa. Herri txikia da Mendaro, baina duela 10-15 bat urte etxe berri asko eraiki ziren, eta kanpotik jende asko etorri zen, batez ere alboko herri handiagoetatik. Horrek eragin nabarmena izan du euskararen bilakeran eta beheranzko joeran, eta hori irauli nahi dugu”. Horregatik, UEMAra sartzeko erabakiarekin “pozik eta lanerako gogoz” daudela adierazi du. 


[ Sonia Garcia, Mendaroko alkatea].

Mendaro Debabarreneko herria da. Gipuzkoako ipar-mendebaldean dago, eta 2.037 biztanle ditu. Biztanle kopuru horrekin, bi udal ordezkari dagozkio UEMAren batzar nagusian. EH Bilduk eta EAJk bakoitzak ordezkari bana izatea ere onartu zuten atzoko udal osoko bilkuran.

UEMAko lehendakari Josu Labakak Mendaroko Udalaren urratsa eskertu du, eta bereziki nabarmendu du zinegotzi guztiek aho batez hartu izana erabakia, “ezberdintasunen gainetik, euskararen aldeko politika ausartak batera eta elkarlanean bideratu ahal izateko”.

Mendaro gehituta, 77 udalen artean, 232.000 biztanleko lurgune euskalduna osatzen dute UEMAko herriek.

Etiketak:
Aurreko albistea
Hurrengo albistea

Honi buruz komunikazioa

Itzuli gora
Cookie-ak erabiltzen ditugu nabigazio esperientzia hobetzeko eta gure zerbitzuak eskaintzeko. Nabigatzen jarraitzen baduzu, ulertuko dugu horien erabilera onartzen duzula.