Hasiera » euskalduntzea » ‘Euskarara doan bidea!’ kanpaina abiarazi dute Bortzirietan, euskara ikastea doan eskainiz

‘Euskarara doan bidea!’ kanpaina abiarazi dute Bortzirietan, euskara ikastea doan eskainiz


Iturria, testua eta bideoak: Bortzirietako Euskara Mankomunitatea


ERABAKIA NONDIK

2013an ehun lagunetik gora gogoeta prozesu batean parte hartu zuten Bortzirietan; hurrengo urteotarako euskararentzako erronkak eta lehentasunak zehaztea zen xedea. Herritarren euskalduntzeari eta alfabetatzeari zegokionez, honako helburu hauek adostu zituzten: 1) herritarren artean euskararen ezagutza handitzea, 2) euskalduntze-alfabetatzea unibertsalizatzea, prestigiatzea eta zabaltzea, 3) euskararen kalitatea hobetzea eta bertako hizkuntza lantzea eta 4) euskalduntzetik erabilerara jauzia egitea eta euskaldunen sarea trinkotzea. Berebiziko garrantzia duten helburuak guztiak ere. Zehazki, 2016rako euskara ikasteko diru laguntza politika berraztertzea eta euskara ikastea doakoa izan zedin bideak urratzea aurreikusi zen. Horretarako, Euskal Herrian barrena eta bereziki UEMAko udalerrietan eredu aurreratuen bila jo genuen, baita aurkitu ere Zestoa eta Orio bezalako udalerrietan. Bi herrion eta Bortzirien artean bada antzekotasunik biztanle eta euskaldun kopuruari dagokionez.

 

BERRIKUNTZA

Eredu aurreratuak aztertuta eta gure plan estrategikoan jasotako helburuari eta filosofiari leial, urrats erabakigarria egin du mankomunitateak euskara ikasteko eskubidea herritar guztien eskura egoteko eta unibertsala izateko; 2016-2017 ikasturtetik aurrera euskara ikastea debalde izanen da Bortzirietan. Hala, aspaldiko eskaera eta asmo bati bide emanen diogu; eta erabakimen handiz euskararen aldeko bertze pauso bat emanen dugu. Eta euskararen irakaskuntza bermatzeko babes instituzional eta konpromiso sendo hau eredu izaten ahal da Nafarroako bertze entitate batzuek antzeko neurriak har ditzaten. Bidenabar, helduaroan euskara doan ikasteko eskubidea ziurtatuta arlo honetan gaztelaniarekiko desabantaila gainditze bidean izanen gara. Horrez gain, bertze herrialde batzuetan abian diren eredu aitzindari eta arrakastatsuekin bat eginen dugu geurean ere. Erraterako, badira urteak Katalunian katalana ikastea doakoa dela.

 

BALDINTZAK

Euskara ikastea unibertsala eta doakoa izateak, eta horretan berdin sartzen dira euskalduntzea, alfabetatzea zein hobetzea, ez du erran nahi inolako baldintzarik paratzen ez denik. Herri erakundeak, gure kasuan mankomunitateak, bere gain hartzen du euskara ikasteko eskubide hori herritar guztien eskura egoteko ardura, betiere, ikasleek hainbat baldintza betetzen badituzte. Hala, eta zentzuzkoa den eran, gutxieneko bertaratze eta aprobetxamendu maila egiaztatu beharko dute, eta euskaltegia bera arduratuko da horren jarraipena egiteaz.

 

IZEN EMATEA

Diru laguntza lortzeko ikasleek lehenbizi euskaltegian izena eman beharko dute. Bortzirietako euskaltegian adibidez matrikulatzeko epea irailaren 30 arte egonen da zabalik. Ikastaroa ordaintzeko diru laguntza eskaera Bortzirietako Euskara Mankomunitateari egin beharko zaio, honako telefono honetara deituta: 948 634 125. Dokumentazioa gure webgunean eskuratzen ahal da. Bortzirietako euskaltegian aurkezten ahal dira diru laguntza eskaerak eta gure asmoa da behinik behin Arantzan, Etxalarren eta Igantzin dokumentazioa herriko etxean aurkeztu ahal izatea. Horretaz guztiaz solasteko egiten ahal dugu bertze elkarrizketa bat.

 

LEKUKOTZAK

Urteroko matrikulazio kanpainaren harira eta bereziki hizkuntzak eta euskara ikastea debalde izateari buruz hainbat lagunen esperientzia eta iritziak bildu ditugu. Alde batetik, atzerrira bizitzera joandako bortziritar gazte batzuen lekukotzak bildu ditugu. Harrera herrialdeko hizkuntza ikasteko izan dituzten erraztasun eta zailtasunen berri eman digute. Bertze aldetik, euskara ikasten ari diren zenbait lagunen iritziak bildu ditugu; euskara ikastea debalde izatearen perspektibak eurengan eragin duen bultzada azpimarratu digute.

 

ANE BERGARA (Bera, Barçako futbolaria, Katalunian bizi da)

“Katalana ikasten hasi nintzen Kataluniara joan nintzenean, futbolean hasi nintzen eta unibertsitatean, eta arratsaldetan katalan eskoletara joaten nintzen.”

“Katalunian bada aukera eskola ofizialetan edo akademia pribatuetan ikasteko. Ni hizkuntzaren normalizazioarako kontsortzioan hasi nintzen ikasten DOAN, eta primeran iruditzen zait hemen Beran eta Bortzirietan heldu den ikasturtean euskara debalde ikasteko aukera izatea.”

“Uste dut hagitz ideia ona dela hona bizitzera heldu den jendea eta euskaraz ez dakiena euskara ikasteko aukera edukitzea, gure ohitura eta kulturari buruz gehiago jakin dezaten.

 

LOREA SAROBE (Bera, kirol koordinatzailea, Ingalaterran bizi da)

“Diru aunitz gastatu dut ingelesa ikasteko, alde batetik nire unibertsitate ikasketekin jarraitzeko, eta bertzetik lana bilatzeko asmoa nuelako.”

Edozein herritan, erakunde publikoek ekimen desberdinak paratu beharko lituzkete martxan, bertako hizkuntza ikastea debalde edo merkeago izan dadin, ahalik eta jende gehien animatzeko. Gizartean integratzeko, herriko bizitza sozialaren parte izateko, gizarteko beste kide bat izateko. Bertako hizkuntza ikasten badute aunitzez errazagoa izanen da; jendeak hobeto onartuko ditu.”

 

BEATRIZ PALACIOS (Bera, euskara ikaslea)

“Berara joan den urteko abuztuan etorri nintzen bizitzera, eta gustatzen zait euskara, iruditzen zait hizkuntza bat polita, eta lanerako behar dut, eta horregatik animatu nintzen ikastera.

Joan den urtean hasi nintzen euskara ikasten Beran eta datorren urtean kurtsoa hasteko gogoz nabil, gainera debalde izanez denez hagitz gogotsu.

 

JOXEMARI (Kolonbia, irakaslea)

Euskaraz maiteminduta nago, Kolonbian bertan ikasi nuen eta joan den urtean pare bat egunez izan nintzen Lesakan. Euskara ikastera animatu nahi zaituztet, zuen arbasoen eta bizilagunen hizkuntza; pentsatzen duzuena baino ederragoa eta errazagoa da. Eta orain DEBALDE da. Zeinek dauka aukera hori? Ez dut uste Euskal Herrian jende aunitzek aukera hori izanen duenik.”

“Argi daukat Lesaka beti izan dela euskararen birika bat; debekuen gainetik beti izan da hagitz euskalduna. Gaur egun jendeak serio hartzen du euskararen gaia eta lan handia egiten ari da zabaltzeko eta egoera hobetzeko. Kanpotik etorritako edo bertakoak izaki euskaraz ez dakiten pertsonek euskaraz ikastea hagitz ongi balorartzen dute beti euskaldunek. Euskara da integrazioaren giltza, Euskal Herrian izan naizenetan hagitz deigarria egin zait euskaraz hasten nintzenean euskaldunek zein atsegin erantzuten ninduten”.

 

DATUA

Bortziriak eskualde euskalduna izanda jada herritarrak euskalduntzeko premiarik ez dela ideia aski zabaldua da. Ordea, eskura ditugun azkeneko datuek erakusten dute Bortzirietan badirela ia-euskaldun eta erdaldunen artean 2.000tik gora lagun, hortaz, euskara ikasteko beharra dutenen kopurua ez da gutxiestekoa.

 

MANKOMUNITATEARI ESKAERA EGITEKO PROZEDURA

EPEALDIA

  • 2016ko uztailaren 1etik 2017ko ekainaren 30era.

IKASTARO MOTAK

  • Estentsiboak, trinkoak, barnetegiak eta on line.

BALDINTZAK

  1. Gutxienez 16 urte izatea.
  2. Bortzirietan erroldatua egotea.
  3. Asistentzia % 85etik goitikoa izatea. Gaixotasunen, mediku kontsulten edo arauturiko azterketetara joatearen ondorioz behar bezala justifikaturikoak ez dira falta kontsideratuko.
  4. Ikastaroaren aprobetxamendu egokia egiaztatzea. Ikaslearen edukien jarraipen eta jarrera egokia egiaztatuko ditu irakasleak.
  5. Eskatzen den dokumentazioa ezarritako epean aurkeztea.

ORDAINKETAREN ZENBATEKOA

  • Matrikularen gastu osoa.
  • Gehienez ere 380 €.

AURKEZTU BEHARREKO DOKUMENTAZIOA ETA EPEAK

  1. 2016ko urriaren 7a baino lehen:
    1. Eskaera orria behar bezala.
    2. Nortasun agiriaren fotokopia.
    3. Erroldatze agiria.
    4. Euskaltegiko izen-emate orria.
    5. Konpromiso idatzia
    6. Zailtasun ekonomiko larriak: Gizarte Zerbitzuekin harremanetan jarri.
  1. 2017ko ekainaren 30a baino lehen:
    1. Euskaltegiaren agiria, asistentzia eta probetxamenduari buruz.

DOMUMENTAZIOA NON

  • Bortzirietako Euskara Mankomunitatean.

DIRU LAGUNTZAREN ORDAINKETA

  1. Urrian matrikula gastu osoa baino 100 € gutxiago (280 € gehienez).
    1. Ikasleak kopuru hori jasoko du bere kontuan eta gero diru sarrera egin beharko dio euskaltegiari (matrikularen zenbateko osoa).
  2. Uztailean, baldintzak betez gero, 100 € ordainduko zaizkio.
  3. Zailtasun ekonomikoak: 330 € gehienez urrian eta uztailean 50 € ordainduko zaizkio.
  4. Baldintzak betetzen ez dituenak ez du jasoko diru laguntza (osoa)
    1. %50-%85eko asistentzia. Uztaileko ordainketarik ez du jasoko.
    2. %50etik behera. Mankomunitatearen diru laguntza itzuli beharko du.


Gai honi buruzko informazio osagarria:
· Ikasturte honetatik aurrera euskara ikastea debalde izanen da Bortzirietan (argia.eus, 2016-09-14).
· Euskara ikastea debalde Bortzirietan: aukera ezinhobea (bortziriak.eus).
· Euskara ikasleentzako diru-laguntza deialdia 2016-2017 (bortziriak.eus).
· Animatu euskara ikasi eta hobetzera debalde, aukera polita duzu! (bortziriak.eus).
· Ikasturte honetan euskara ikastea debalde Bortzirietan (bortziriak.eus).
· Kolonbiatik ere euskara ikasteko gonbita (bortziriak.eus).

 

 

Etiketak:
Aurreko albistea
Hurrengo albistea

Honi buruz komunikazioa

Itzuli gora
Cookie-ak erabiltzen ditugu nabigazio esperientzia hobetzeko eta gure zerbitzuak eskaintzeko. Nabigatzen jarraitzen baduzu, ulertuko dugu horien erabilera onartzen duzula.